Txistulari boskoteak Euskalduna Jauregian emango dio ongietorria 2025 urteari, urtarrilaren 22an, 19:00etan eskainiko duen "KANTALDIA” izeneko kontzertuarekin.
Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak, Iñar Sastre piano jotzaileak eta Gorka Eskauriaza baxu jotzaileak lagunduta, Onintze abeslari konpositore bilbotarrarekin batera izango dira agertokian. Kontzertua aukera paregabea izango da entzuleek beraiekin batera abesteko eta euskal musikaren errepertorioaz gozatzeko. Pasa den urtean benetan arrakastatsua suertatu zen hitzordua. Beste behin, emozioz eta publikoarekiko konexioz beteriko emanaldia izatea espero da.
Errepertorioan Oskorriren Euskal Herrian Euskaraz, Mikel Laboaren Gure bazterrak eta Sorotan Beleren Mariñelaren zain pieza ikonikoak daude. Gaur egungo abestiek ere beren lekua izango dute, Izaroren Paris, Vendettaren Begietara begira edo En Tol Sarmientoren Abuela Maitea bezalako abestiekin, besteak beste. Kalejiretan ohikoak diren doinuak ere interpretatuko dira. Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan daude eskuragarri.
Otsailaren 5ean "DINBI DANBA" izeneko kontzertuaren estreinaldia izango da, eta Udal Txistulari Bandak Tio Teronen Semeak dantza konpainiaren laguntza izango du. Hainbat jatorritako dantzariak bildu dirà taldean, eta bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Beraz, musikaz eta dantzaz modu alai eta dibertigarrian gozatzeko aukera izango da. Trebetasun komikoz beteriko ikuskizun honek ikusleen irribarrea piztuko du, horretako espreski aukeratutako dantzek lagunduta.
BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA
Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier García eta Peio Irigoien musikariek osatzen duten egungo Bilboko Udal Txistulari Banda, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, hasieratik nabarmendu da emanaldien kalitateagatik eta aniztasunagatik.
Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.
Bandak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.
Taldeko kide bakoitzari buruzko informazio zehatzagoa: www.bilbaomusika.eus.