2016an Beasaingo Udalak eman zion hasiera Igartza Musika Zikloari ordurarte Beasainen zeuden musika emanaldiak egitarau baten aterkipean modu antolatuan biltzeko helburuarekin. Bide horretan, aurten hamargarren edizioa beteko du zikloak eta dagoeneko egonkortu dela ondorioztatu dute udal arduradun zein antolatzaileek.
Hasiera hartan jarritako helburuak betez, zikloa finkatu dela azaldu du alkateak. Beasaindarrak, eta bereziki gazteak, musikara erakarri, zaletasuna zabaldu, musika estilo eta joera anitzeko erakusleiho izan eta herrian toki ezberdinetara emanaldiak zabaltzea lortu da. Jasotako datuen arabera, aurreko bederatzi edizioetan eskaini diren 152 kontzertuetan, 17.604 ikusle bildu dira eta horrek badu bere garrantzia, alkatearen iritziz.
Musika zaletasuna herritarrei zabaltzeko helburuarekin batera, euskal musikagintzan erreferente direnak zein musikari berriak Beasainen izatea bada udalaren asmoa. Musikenerekin Udalak duen hitzarmen-lankidetza ere beste urte batez berritu da. Honela, Igartza Musika Bekak jarraipena izango du. Taldeen aukeraketa eta programazioaren ardura duten Garazi Zabaleta eta Xabier Zeberiok egitarauaren inguruko zehaztasunak eman dituzte. Zeberiok egonkortutako zikloa dela adierazi du. Musikari eta orain antolatzaile den aldetik, zikloa erreferente garrantzitsua dela Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan azpimarratu du.
Igartza Musikak bere atal bereiztua duela iragarri du Beasaingo Udalaren web atarian. Menu nagusian, Beasain atalaren barruan, Kultura/euskara zutabean aurkitzen da. Espazio berri honetan, Igartza Musika espazioan Igartza Musika Zikloa eta Igartza Musika Beka atalak aurkitzen dira.
EGITARAUA:
Hamargarren edizio honetako lehen seihileko egitaraua zortzi emanaldik osatzen dute. Garazi Zabaletak eta Xabier Zeberiok aurreratu dituzte kontzertuen xehetasunak. Hauek izango dira hurrenez hurren:
Urtarrilak 19. Igartzako jauregia, 19:00etan. Mikel Urretagoiena trio taldeak irailean kaleratutako Denbora lana aurkeztuko du. Ordiziako perkusionistak Musikenen burutu zituen ikasketak. Holandan jazz-ean espezialdu zen eta besteak beste eta New York edota Madrilen hartu zuen esperientzia. Baxuan Dani Pozo eta pianoan Iñaki Ruiz de Gordejuela izango ditu.
Otsailak 14. Usurbe antzokia, 20:30ean. Eñaut Zubizarretaren Doodem proiektu multidisziplinarra izango da ikusgai, iaz Loraldian aurkeztu zuena. Iñaki Salvador saxofoi-tenore jotzailea, Amaiur Luluaga dantzaria eta Oihana Iguaran poesia narratzailea izango ditu alboan.
Martxoak 9. Igartzako jauregia, 19:00etan. Igartza Musika Bekaren azken edizioko irabazleak eskainiko duten kontzertua izango da. Xurxo Morales Varela saxofoilaria eta Alejandro Costa Vilella clarinete jotzailea.
Martxoak 23. Igartzako jauregia, 19:00etan. Ache Pa Ti talde nafarra izango da jazz latinoa eta sustrai afrokubatar doinuak nahasiz kontzertua eskaintzen. 20 urteko ibilbidearekin, Fermin Goñi txistuan, Joxerra Garcia pianoan, Jokin Zabalza baxuan, Dania Arias baterian eta Alex Ruiz Pastor perkusioan jardungo dira Bilakatzen proiektua aurkezten.
Apirilak 6. Igartzako jauregia, 19:00etan. Besaide talde nahiko berriak Hirusta bere lehen lana aurkeztuko du. Euskal musikaren gaurkotze modernoa isladatzen da lan honetan. Folk musikan ezohikoa den instrumentu berezi bat zuzenean entzuteko aukera izango da Gorka Bravoren eskutik, Zarrabetea. Aritz Mugartegi buzukiarekin eta Teresa Jareño albokarekin elkartuko zaizkio.
Maiatzak 18. Igartzako jauregia, 19:00etan. Xarma laukoteak estilo ezberdinetako proposamena osatzeko musika klasikoaren txanda izango da. Goi mailako musikariak dira lauak, Euskadiko Orkestran besteak beste aritzen direnak. Eskainiko duten errepertorioaren barruan, Schubert-en “La muerte y la doncella” eta estreinaldi mundiala izango den Garazi Zabaletaren “Reo” lan garaikidea izango dira.
Ekainak 13. Loinazko San Martinen basilika, 20:00etan. Eñaut Elorrieta izango da “Ateosteko bira” bere azken bakarkako proiektua aurkezten. Baseliza txikietan aurkeztuz dabil lan hau eta Beasainen Loinazko San Martin basilikan izango da.
Ekainak 28. Loinazko San Martinen basilika, 19:30ean. Abesbatzen txanda seihileko hau isteko. Loinatz abesbatza eta Sabadelleko Belles Arts korua izango dira batera. Elkartrukea egingo dute eta 2026an beasaindarrak izango dira Katalunian.
Musika ardatz hartuta Beasain kalitatezko eta maila goreneko emankizunen kokaleku bihurtzeko ahalegina lortzen ari dela erantsi dute arduradunek. Jendea kontzertuetara etortzeko gonbitea ere luzatu dute. Emanaldi guztiak irekiak eta doan izango dira aforoa osatu arte dagokion lekuan, baina Eñaut Zubizarreta eta Eñaut Elorrietaren kontzertuetarako gonbidapenak banatuko dira aforo kontuagatik.