Mangamore 2024

Amorebieta-Etxano 2024(e)ko urriaren 11(e)tik 2024(e)ko urriaren 13(e)ra
  • Mangamore 2024

Amorebieta-Etxanok Mangamore jaialdiaren hemezortzigarren edizioa jasoko du datorren urriaren 11tik 13ra bitartean eta ohiko moduan, adin guztietarako jarduerez jositako ekintza egitaraua antolatu du egun horietarako. Hala, Amorebieta IV pilotalekua, Zelaieta Zentroa, Zelaieta parkea eta Herriko Plaza izango dira manga, anime eta cosplay-eko zaletuak biltzen dituen jaialdi honen agertoki nagusiak.

Edizio honen baitan artista japoniarren emanaldiak nabarmentzen dira, hala nola Kanon Wakeshima abeslari eta txelo-jotzailearena edota DJ Yui, DJ eta japoniar enpresariarena. Lehena  Dark Cabaret estilo berezian da aditua eta bigarrenak, aldiz, musika-ikuskizun bizia eskainiko du. Gainera,  jaialdiko musika eskaintza biribiltzeko Kai Iden artista frantsesak K-pop kontzertua eskainiko du.

Japoniar tradizioaren presentzia

Aurtengo Mangamore jaialdian, halaber, pisu eta presentzia handia izango dute japoniar tradizio eta ohiturek, Taiko, Sumi-e, Kitsuke edota arte martzialen bitartez.

Bertaratzen direnek Taiko, Japoniako danbor tradizionalaren ikuskizunaz gozatu ahal izango dute Keita Kanazashiren eskutik. Mitsuru Nagata maisuak, halaber, Sumi-e pintura teknikaren erakustaldia eskaniko du eta Laura Maraverrek kitsukearen artea, alegia, kimonoaren janzkera egokia erakutsiko du. Horrez gain, Aikido, Karate eta Taekwondo arte martzialen erakustaldiek osatuko dute japoniar ohitura eta tradizioen atal hau.

Manga jarduerak familia osoarentzat

Manga eta anime zaletuentzat ez ezik, familiei zuenduriko jaialdia ere bada Mangamore. Hala, aurten ere, ez dira faltako japoniar mahai-jokoak, txapa tailerrak, Fast Origami, Ureshirekin argazkiak, puzgarriak eta umore horia edo Txu-txu treneko irteerak. Gainera, edizio honetan handitu egin da tailerren gunea eta guztira 19 tailer izango dira asteburuan zehar.

Halaber, Mangamorek bideojokoen eta Arcade jokoen gela bat izango du eta horien artean egongo da, esate baterako, dantza egiteko makina tradizionala.

Era berean, Cosplay, Karaoke eta Asian Dance lehiaketak izango dira, baita bideojoko txapelketak ere, Zornotza Aretoko zinema-pantailan.

 Hitzaldiak eta eduki digitalen sortzaileak

Zelaieta Zentroa edizio honen baitan antolatutako hitzaldien agertokia izango da. Guztira 10 jarduera egingo dira Auditorioan eta hizlarien artean egongo dira, besteak beste, Maitane Echevarria EHUko marrazki-irakaslea eta Alfonso Berroya EHUko Arte Ederretako dekanordea. Marc Ortizek, halaber, “El libro del Ramen” liburua aurkeztuko du; Unai Martinez de Soria idazleak eta Sandra Tirado Mestre ilustratzaileak, “Entre dioses y héroes” liburua aurkeztuko dute; eta Joseba Cordonek “La Guía de Ultraman Vol. 2” liburua. Gainera, Maketo Irratiak euskarazko edukiak sortzeari buruzko hitzaldia eskainiko du eta Kabe argitaletxearen aurkezpena ere egingo da. Argazkilaritzak eta Japoniarako bidaiek ere tokia izango dute Zelaieta Zentroan..

Amorebieta IV frontoiak, bestalde, ohiko meet & greet postuak hartuko ditu, eduki sortzaile batzuekin: Maddi Rivas euskal mangatuberra, Umaru Chan bezala ezaguna, edo Saencsa eta Seldion DB, Dragoi Bolan adituak diren youtuberrak.

Japoniako kultura, anime eta manga produktuen eskaintza zabala

Eta noski, Mangamoreren edizio honek manga, anime eta japoniar kulturaren stand-eskaintza zabala ere izango du. Aurtengo Artist Alleyk 50 sortzaile baino gehiago izango ditu; gainera, 12 denda egongo dira, gune komertzialenean, eskuz egindako lanak, komikiak, posterrak eta irudiak eskainiz.

Zornotzarren parte-hartzea

Mangamorek zornotzarren partaidetza zabala du. Zornotza Musika Bandak kontzertua eskainiko du; Ukabidea Club Zornotzak Karate erakustaldia eskainiko du, eta Kon-Gwe klubak taekwondo erakustaldia. Gainera, Erika in Blue, Lazos Mikami, Ash eta SHXRO7 tokiko sortzaileek beren artist alley txokoa izango dute. Azkenik, Forjadores elkarteak bi rol jarduera eta karta jokoak eskainiko ditu eta Antxeta by Taberu tabernak, iaz bezala, Mangamorerentzako pintxo berezi bat eskainiko du Luis Urrengoetxea kalean duen lokalean.

Informazio gehiago

Mangamorerako sarbidea librea izango da edukiera bete arte, eta jarduera batzuetan  aldez aurretik izena eman beharko da jaialdiaren webgune ofizialaren bidez. Programaren xehetasun guztiak eta eskuragarri dauden jarduerak ezagutzeko, www.mangamore.net edo Amorebieta-Etxanoko Udalaren webgunean kontsulta daitezke.

Zelaieta ikasgela itxita

Mangamore ekitaldiaren ospakizuna dela eta, datorren ostiralean, larunbatean eta igandean, alegia, urriaren 11, 12, eta 13an,  Zelaieta ikasgela itxita egongo da. Aipatutako egunetan, Konbenio ikasgela erabilgarri egongo da, betiko ordutegia mantenduz, eta bertara sartzeko hiritar txartela beharko da.

Udalak aldez aurretik barkamena eskatzen du aldaketa honek sor ditzakeen eragozpenengatik.


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2024(e)ko urriaren 11(e)tik 2024(e)ko urriaren 13(e)ra
  • Ordutegia09:00 - 21:00
  • LekuaAmorebieta-Etxano

Non