Atlantikaldia Kultur Topagune eta Musika Jaialdiak bere 11. edizioa ospatuko du aurten irailaren 19tik 22ra, Errenterian. ‘Artxipelagoa’ da 2024ko edizio honen leloa.
Musika, dantza, artea, literatura, kirola, bertsolaritza, historia eta gastronomiaren inguruko 56 jarduera eta emanaldi ezberdinek osatuko dute irailaren 19tik 22ra burutuko den egitaraua. Ohiko moduan, lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: oholtza nagusia izango den ‘Itsasargi Nagusia’; emanaldi intimoagoak eskainiko dituen ‘Herriko Plaza’; ‘Kalekaia’ artista urbanoentzako espazioa; eta ‘Herrixka’, jarduera parte hartzaileetarako gunea. Herrixka, halaber, gastrogune ere izango da bertan jarriko dituzten foodtrucketako eskaintza gastronomikoarekin.
Musikari dagokionez estilo, genero eta jatorri anitzeko proposamenak taularatuko dira, eta elkarrizketa eta sormen artistikoa sustatuko dira aurten ere. Programazioa osatuko duten artisten artean izango dira Morgane Ji, Iseo & Dodosound, La Otra, Esanezin, La Txama, Bichos Raros, Bele, Azul Ferreira, The Donkey Riders, Ane Martija, Kbless DJ set, Akaleia, Ganibet, Safu, DJ Reimy, Elh Malick, Samba Badago, High Alai DJ set, Rig3l, Sotoalde, Lamia Mari eta DJ Katanga. Zuzeneko guztiak doakoak izango dira.
Ez da faltako Herri Arte Eskolak Asturiasko 4 artistarekin martxoan egindako elkartrukearen emaitzaren taularatzea, ‘Asturiar konexioa’. Bi lurraldeetako elkar-hartzea burutuz musika, kantua eta dantzaz osaturiko emanaldia eskainiko da HAEko 50 ikasle eta irakasle baino gehiagok, Pola de Sieroko Laura Ruiz (ahotsa, panderoa eta dantza), Guille Perez (gaita), Nel Sanchez (akordeoi diatonikoa) eta Arsenio Ruiz (danborra) lagunekin batera.
Musika Bandak ere urteroko hitzordua mantendu eta ‘Celtic Tides’ ikuskizuna emango du larunbatean, Herriko plazan, 13:00etan.
Zerrenda luze horri, beste behin, Itsas Elkarrizketak gehituko zaizkio: aurten nazioarteko artistekin kolaboratzera Errenteriako oholtzetara igoko diren euskal artistak Julen Achiary eta Maddi Oihenart, La Furia, eta Safu izango dira, eta haiekin solastuko dira, hurrenez hurren, Cocanha, Francisco el Hombre eta Queralt La Hoz. “Ekimen honen bidez, nazioarteko eta bertako sortzaileak elkarrekin ariko dira jaialdiko oholtzetan, jatorri anitzeko sortzaileak harremanetan jarriz. Elkarlan hauexek dira jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat”, aldarrikatu du Paradak.
Aipatu musika eta dantza emanaldiez gain, egitaraua osatuko dute poesiak, gastronomiak, haur nahiz helduentzako tailerrek, kirolak, bisita gidatuek, bertsolaritzak, dantzak… Berezitasun modura, ostegun goizean herriko ikastetxe guztietako LH4ko haurrek jaialdirako espresuki sortutako dantza pieza eskainiko dute Gernika Plazan ‘Atlantikaldia Dantzan’ izenburupean; ostiral arratsaldean berriz, ‘Begiradak’ proiektuaren markoan Idoia Lizeaga eta Marion Lemmenek elkarlanean sortuko duten “Itsas Puntua, Ikus Puntua” lore instalazioaren sorkuntza prozesua ikusi ahal izango da Erdiko kalean.
Herriaz gozatu eta bertako txokoak ezagutzeko denbora-espazio aproposa ere bada Atlantikaldia. Hori sustatzeko adibide dira bisita gidatuak. Atlantikaldik irauten dituen 4 egunetan zehar egingo dira, euskaraz zein gaztelaniaz, haur eta helduentzat. Horien bidez ezagutu ahalko dituzte parte-hartzaileek, besteak beste, Alde Zaharrean kontserbatu den ondarea, bertan burututako lan eta aurkikuntza arkeologikoak, udalerriko emakume iraultzaileen ekarpena, eta Errenteriak 1845-1936 bitartean bizi izan zuen lehen industri aroa.
Jaialdian klasiko bilakatu den Sukaldian ekimenari esker, nazioarteko gastronomiak ere tokia izango du. Parte-hartzaileek herriko elkarte desberdinetan prestatuko dituzte Errenterian errotuta dauden Galizia, Ukraina, Pakistan, Turkia, Venezuela, Ijito Herria eta Marokoko platerak. Ondoren, Foru plazan kokatutako Herrixkan izango da jaki horiez euro baten truke gozatzeko aukera. Aurtean, larunbatean izan ordez, igandean izango da Sukaldian. Bildutako dirua Zaporeak elkartearen proiektuari eskainiko zaio.
Oiartzun ibaiaz gozatzeko paddle surf ikastaroak ere izango dira larunbatean, hilaren 21ean, ordu desberdinetan.
Itsasargi Nagusia
20:00 Cocanha, Julen Archiary eta Maddi Oihenart
Herriko Plaza
19:00 Bertso saio interkulturala
21:30 Bele
Herrixka
20:00 DJ Reimy
Itsasargi Nagusia
20:00 Francisco El Hombre (+La Furia)
23:00 Queralt Lahoz (+Safu)
Herriko Plaza
17:00 The Donkey Riders
19:00 Esanezin
21:30 Azul Ferreira
Herrixka
20:30 Ane Martija
22:30 Kbless DJ Set
Kalekaia
18:00 Akaleia
20:00 Ganibet
22:00 Safu
00:00 Bichos Raros
Itsasargi Nagusia
20:00 Morgane Ji
23:00 Iseo & Dodosound
Herriko Plaza
13:00 Celtic Tides (+Errenteriako Musika Banda)
19:00 La Otra (+Emakumeen Etxeko kantu taldea)
21:30 Elh Malick
Herrixka
20:30 Samba Badago
22:00 High Alai DJ Set
Kalekai
18:00 RIG3L
20:00 Sotoalde
22:00 La Txama
00:00 Lamia Mari
Herrixka
13:00: DJ Katanga