2024ko irailaren 7tik 16ra ospatuko ditu Bermeok Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, adin guztietako herritarrek jaiekin bete-betean gozatzeko programa zabal batekin. Kontzertuak, su artifizialak, play-back lehiaketak, herri bazkaria eta kuadrillen jaitsiera, herri kirolak, baserri giroko azoka eta oiloen erakusketa, esku pilota partiduak, umeentzako ekintzak… Gustu guztietarako jarduerak antolatu dira bermeotarrek eta bisitariek ondo pasatzeko.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7an hasten badira ere, irailaren 4an, eguaztenean, izango da Itsasoko Gurutze Gorriak Martillo kaian antolatzen duen Itsasoko Eguna; aurten, arratsaldez izango da, 16:00etatik aurrera. Irailak 6 barikua izanik, jaiak berotzen hasteko egun aproposa da, eta horregatik, 18:00etan izango den XLII. Bermeo Hiria Open Bizkaia esku pilota txapelketaren ostean, 20:00etan zabalduko dute txosna gunea, txupina jaurtita. Ondoren, kuadrillen arteko jokoak egingo dituzte, eta txosna gunean bertan izango diren Mirua eta Alai taldeen kontzertuekin amaituko dute eguna.