Tolosako Inauteriak 2024 (Egitaraua)

Tolosa 2024(e)ko otsailaren 8(e)tik 2024(e)ko otsailaren 14(e)ra
  • Tolosako Inauteriak 2024 (Egitaraua)
  • Tolosako Inauteriak 2024 (Egitaraua)
  • Tolosako Inauteriak 2024 (Egitaraua)

Otsailaren 8tik 14ra ospatuko dira Tolosako Inauteriak 2024.Inauteriak otsailaren 8an, Ostegun Gizeneko txupinazoarekin, hasiko badira ere, otsailaren 3an izango dira inauteri giroko lehen ekitaldiak: Haur jaialdia eta Kaldereroak. Igandean, berriz, Tolosako Udal Txistulari eta Musika Bandaren ohiko pregoi kontzertu jendetsua. 

Mende erdia Inauteriak girotzen

Kaldereroak izan ohi dira inauterien iragarle; bai, behintzat, azken 50 urteotan. Mende erdia darama Urdiña Txiki elkarteak zartagin hotsak kalez kale zabaltzen dituen konpartsaren desfilea antolatzen. Larunbatekoa, harrotasunez eta zorionez ospatuko dutela aitortu dute: «Esker ona adierazi nahi diegu tolosarrei, baita laguntza eskaini diguten boluntarioei ere». 19:00etan abiatuko da kalejira, Plaza Zaharretik.

Ez da 50. urteurren borobil hori ospatuko duen elkarte bakarra; Aurrera Kirol Elkartearen Ostegun Gizeneko danborradak eta Terete txarangak ere beste horrenbeste urte egingo baitituzte aurten. Danborradaren kasuan, gainera, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa izango dute lagun aurtengo edizioan.  

Aiz-Orratz/Veleta elkartearentzat ere Inauteri bereziagoak izango dira aurtengoak, Kabi Alai elkarteak Kuttun izendatu baitu, danborradarekin eta jaialdiarekin haurrei inauterizaletasuna pizteko egindako eta egiten jarraitzen duen lana aitortu asmoz. Elkarteko bi kidek botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa udaletxeko balkoitik, Ostegun Gizenean. 

Guztien lana aitortu eta eskertu du Aitzol Gartzia, Jaietako zinegotziak: «Jende askok jartzen du bere alea Inauterien barruko ekitaldiak posible izan daitezen. Eta kasu batzuetan, belaunaldi aldaketak izan dira, tartean aipatu ditugun elkarteen kasuan esaterako. Harro egoteko modukoa ere bada hori».

Zezenetarako sarreren salmenta, ostegunetik aurrera

Udalak duela bi aste eman zuen aurtengo aldaketa nagusienen berri. Horietako bat zezen plazara txarangekin batera sartzeko gonbidapenen zozketarena izan da. Ostiralean egin zen zozketarako 10.000 eskaera baino gehiago jaso zituen udalak, eta egunean bertan mezu elektroniko bidez jakinarazi zitzaien emaitza izena eman zuten herritarrei.

Sarreren salmenta, berriz, ostegunean, otsailaren 1ean jarriko da martxan, bibe.me plataformaren bidez. Sarreren %5 ere inauterietako egunetako bakoitzean jarriko da salgai, zezen plazako txarteldegian bertan.

Haur eta nerabeentzako emanaldiak

Zezenek irauten duten ordu tartean, haur eta nerabeei zuzendutako eskaintza indartuko da aurten. Igandean, Zaldunita egunez, Burrunba elektrotxarangaren kalejira izango da, 15:45etik hasita, zezen plazatik Euskal Herria plazaraino. 17:00etan, ‘Gora Bihotzak’ dantza eta kantu ikuskizuna izango da haurrentzat, Alondegian –euria egingo balu, Herrikide ikastetxeko frontoian–. Gauean, 22:30ean, Gozategiren kontzertua izango da Plaza Berrian.

Astelenitan, berriz, azken urteetan bezala, Gazteako Jeep-a izango da, DJekin, 15:30ean Oria kaletik abiatuta. Kalejira Alondegian amaituko da, eta segidan EIDER eta Oihan Vega DJaren emanaldiak izango dira.

Aldaketak karrozen kokalekuarekin

Igandetik asteartera protagonismo handia dute karrozek eta konpartsek. Jende ugari biltzen dute, bai parte hartzen, baita ikusle modura ere. Guztira 17 karrozak eman dute izena, eta beren kokalekua moldatu egingo da aurten. 

San Frantzisko pasealekuan izango dira gehienak (12); Foruen Etorbidean beste hiru kokatuko dira, eta Rondillan bi. Hain zuzen, azken puntu honetan, ez dira Udaltzaingoaren segurtasun irizpideak betetzen, larrialdi baten kasuan larrialdietako ibilgailuak ezingo liratekeelako pasa. Horixe da Rondillan bi karroza jartzearen arrazoia. Perpendikularrean kale bat duten puntuetan kokatuko dira biak: bat Antonio Lekuona kalearen alboan, eta bestea Andia kalearen alboan. Modu horretara, arazorik balego, kale horietara sartzeko aukera izango dute. San Frantzisko elizatik Antonio Lekuona kalerako tartean ez da karrozarik izango. Plataformadun konpartsak, berriz, Nafarroa etorbidean izango dira. Hauen izen ematea, urtarrilaren 30ean, asteartea, amaituko da.

Kokaleku guztietako karrozek elektrifikatuta egon beharko dute, sorgailurik izan ez dezaten. Sare elektrikoa jarri da horretarako, puntu guztietan. Musikaren ordu muga ere zehaztu da, 01:30ean, eta ordu hori igarota, korrontea moztu ahal izango zaie araua errespetatzen ez dutenei. Joan den urteko inauterietan karrozetako batzuk sistema horrekin probatu zuten, eta balekotzat jo zuten. Aurten guztiek bete beharko dute irizpide hori atera ahal izateko. Gainera, zarata mugak kontrolatzeko neurketak egingo dira.

Gune moreak, Trianguloan eta Andragoran

Indarkeria matxistaren aurkako aldarria egunerokoa bada ere, erasorik gabeko jai berdinzale eta libreak bizitzeko sentsibilizazio lana ere areagotuko du udalak, Joka sano! #LibreNonahi kanpainarekin. Era berean, erasoen aurrean herritarrek jarrera aktiboa izan dezaten dei egin du Goiuri Ezeiza Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak: «Tolosak erantzun irmo bezain azkarra eman izan du gisa honetako gertakarien aurrean. Espero dut halakorik ez gertatzea. Horretarako garrantzitsua izango da gutariko bakoitzaren kontzientziazio lan aktiboa».

Informazio eta arretarako bi gune more ere izango dira Zaldunita eta Astelenita egunetan. Trianguloan informazio puntua izango da, 22:00etatik 01:00etara bitartean. Hortik aurrera, arreta puntua Andragorako Tolosaldeko Emakumeen Etxean egingo da, 05:00ak arte. Hauxe da harremanetarako telefono zenbakia: 747 420 488. 

Udaltzaingoak, gainera, 24 orduko arreta zerbitzua emango du, eta larrialdiren baten kasuan, 943 675 858 telefonora deitu ahal izango da.

 

 
tolosa.eus

Laburrean

  • Mota Jaiak
  • Data 2024(e)ko otsailaren 8(e)tik 2024(e)ko otsailaren 14(e)ra
  • LekuaTolosa

Non