Edizio berria nobedadez beteta dator: bere jarduera jaialdiaz haratago zabalduko du, umorezko esperientzia berriak eskainiko ditu (jajam sessions edo umorea lab) eta nazioarteko atal berria izango du.
Datorren astelehenean, abenduaren 11n hasiko da Umorea Labur jaialdiaren beste edizio bat eta astebete iraungo du. Arrigorriagan sortutako jaialdia da, eta estatuko komedia-zinema jaialdietan beteranoenetakoa izan arren, 22 edizioren ondoren, nobedadez beteta dator. Aitor Arenas jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, "beterano hau ardo ona bezalakoa da, denborarekin hobera egiten duena!"
Aurtengo nobedade nagusien artean, Umorea Labur proiektuaren filosofia berritzea dago. Hemendik aurrera, jaialdia izateaz gain, edukiontzi bihurtuko da eta jaialditik kanpoko jarduerak ere antolatuko ditu. "Komediaren festa honek muga lokalak eta zinematografikoak gainditzen ditu, pantaila handiaz haratago doan etengabeko mugimendua sortuz", azaldu du Arenasek.
Beste nobedade bat da Umorea Labur nazioartekoa bihurtu dela. Edizio honek, lehen aldiz, nazioarteko atala izango du, aurten Italiako onena ekarriko duena. Beraz, aurten jaialdia hiru sailetan banatuko da: KAR KAR, JA JA eta HA HA, Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko film laburrak. Ia 300 jaso ondoren, guztira 44 film labur izango dira.
Atal Ofizialean Goya 2024 sarietarako izendatuta dauden film laburrak nabarmentzen dira. #Nosolopaja atalak 7 film labur bilduko ditu, Arrigorriagako edo inguruko jendeak zuzendu, protagonizatu edo egindakoak. Nazioarteko atalean, fokua Italian egongo da, Napoliko NaNo Film Festival jaialdiarekin lankidetzan. Eta, gainera, eskolako eta institutuko gazteek publiko aktibo gisa parte hartu ahal izango dute iRRIBarri eta Sari Gaztea programen bitartez. Guztira 50 film labur baino gehiago proiektatuko dira hainbat sailetan.
Azkenik, zinemaldiaren beste berrikuntzetako bat da umorezko esperientzien edukiontzi bihurtzen dela zinema-eremutik haratago. Horrela, Umorea Labur jaialdiak JaJam Sessions saioak sortu ditu aurten. Hauek zuzeneko jarduerak dira (bakarrizketak, kontzertuak, mikroteatroak eta performanceak), eta udalerriko hainbat tokitan (tabernetan edo gaztetxean) antolatu dituzte. Nabarmentzekoak dira Javi Chueca eta Ekain Bilbaoren edo Tamara Lucariniren tokiko emanaldiak, edo Gemma Martínez, Los Retumbes eta Brusko & Suze eta Lonami Pintxito DJak.
Gainera, ilusioz beteriko proiektu berriari ere ekin diote, Umorea Lab, giro onaren inkubagailua. Lehen edizio honetarako hainbat mahai-inguru eta masterclass antolatu dituzte industrian adituak direnekin: monologistak, telesailetako gidoilariak, soinu-banda komikoen sortzaileak edo film laburren erosleak.
Aurtengo edizioan, Iñigo Salinero eta Lander Otaola izango dira hasierako eta amaierako gala gidatuko duten zeremonia-maisuak. Bertan, 7.000 €-tik gorako sariak banatu, film labur irabazleak proiektatu eta Maribel Salas komediako aktore euskaldunari omenaldia egingo diote.
Guztira, 10 bat jarduera, askotarikoak eta nobedadez beteak, astean zehar banatuak, publikoak gozatu eta urtea irribarre handiarekin amaitzeko asmo bakarrarekin.
Kontsultatu informazio guztia online katalogoan: www.humorencorto.com