Urtero, Eguberrietan, Kultura Zerbitzuak adin eta gustu guztietarako programazio zabala prestatzen du. Abenduaren hasieratik Errege-eguna igaro arte, Gasteizen ekintzak eta jai-giroa izango dira nagusi. Lehen proposamena jaiotza monumentala da. Neurri naturala duten 200 piezek eta egitura errealistek osatzen dute jaiotza handi hori eta Florida parkean jartzen da 1962tik. Urtero, herritarrek egindako ekarpenekin eguneratzen da eta, aurten, berritze-lan hori piezak berriro margotuta egingo da. Gainera, baserritarraren pertsonaia, duela urte batzuk erretiratutakoa, berreskuratu da, baina oraingoan ehunen saltzaile gisa lanbide berria eman diote herrixkaren eremuan. Jaiotza abenduaren 5ean inauguratuko dute eta urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai 10:00etatik 21:30era bitartean. Bestalde, Misterioa gordetzen duen haitzuloa 10:00etatik 14:30era, eta 16:00etatik 21:30era egongo da ikusgai. Bedeinkapena, ohikoa den moduan, abenduaren 24an egingo da, 13:00etan.
Toki berean, eta egun beretan, gainera, Olentzeroren eta Mari Domingiren etxea ere jarriko dute. Haurrek Eusko Legebiltzarraren eta Katedral Berriaren artean dagoen Florida parkera joateko aukera izango dute haien gutunak uztera. Tradizio hori 2017an jarri zuten martxan eta ordutik oso arrakastatsua izan da. Bisitetarako ordutegia 10:00etatik 21:30era bitartekoa izango da.
Olentzeroren eta Mari Domingiren egun handia abenduaren 24a izango da, opariak banatzera etxetik ateratzen direnean. Galtzagorriek eta Udal Folklore Akademiako trikitixen, alboken eta txalapartaren musikak lagunduta, Olentzerok eta Mari Domingik udaletxera joaten diren txikiei harrera egingo diete 10:00etatik 15:00era bitartean.
Arratsaldean, 18:00etan, Iparralde gizarte-etxetik Andre Maria Zuriaren plazaraino abiatuko dute urteroko desfilea. Bidean, Legutianoko Atea, Frantzia, Bake, Olagibel eta Mateo Moraza kaleak zeharkatuko dituzte. Segizioa Mari Domingik zuzenduko du lehen karrozan, eta bigarren karrozan joango da Olentzero. Biek neska-mutilak izango dituzte alboan eta opariak eramaten Erraldoien Konpartsak (baserritarrekin eta buruhandiekin), gargantuak eta galtzagorriek ere lagunduko diete. Aurten, gainera, neurri handiko hirugarren karroza bat ere izango da eta, desfilearen amaieran, handik jaurtiko dituzte gozokiak.
Karrozetan, gainera, beste batzuk ere izango dira: esnezaleak, ikazkinak, egurgileak, artzainak eta dantzariak, besteak beste. 2023an, gainera, berriro ere ondoan izango dituzte Olentzerok eta Mari Domingik belar-biltzaileak, eltze batean ukendu naturalak eta araoak egiten dituzten bitartean. Desfilean, guztira, 400 partaide izango dira.
19:00ak inguruan, taldea San Migeleko balkoira igoko da Olentzero eta Mari Domingi buru dituztela Andre Maria Zuriko neska-mutilak agurtzera eta abesti batzuk kantatzera.
Haur Ikuskizunen XX. Erakustaldia
Haur Ikuskizunen Erakustaldia Eguberrietako programazioan klasikoetako bat da dagoeneko eta aurten 20 edizio beteko ditu. Abenduaren 27, 28 eta 29an, etxeko txikienek 3 ikuskizun bikainez gozatzeko aukera izango dute Mendizorrotzako kiroldegian. Guztira 5 emanaldi izango dira eta horietan dantzatzeko eta abesteko aukera izango dute. Sarrerak abenduaren 12an, 09:00etan, jarriko dira salgai Udalaren webgunean 5 euroren truke.
Meltxor, Gaspar eta Baltasar
Programazioari amaiera urtarrilaren 5ean emango zaio errege magoak Gasteizera iristen direnean. Egun berezi hori 11:00etan hasiko da Meltxor, Gaspar eta Baltasar tren-geltokira iristen direnean Adifen laguntzari esker. Jarraian, errege magoak Araba Classic Club elkarteko hainbat ibilgailu klasikotan Plaza Berrira joango dira Geltoki plazatik. Alboan izango dituzte errege magoen laguntzaileak diren postariak, opariz betetako traktore bat, musika-banda eta Kervan konpainiaren “Mirage” ikuskizuna. Plaza Berrira iritsitakoan, errege magoek udaletxeko balkoi nagusitik plazan dauden neska-mutil guztiak agurtuko dituzte 11:20 inguruan.
12:15etik aurrera, eta 18:00ak arte, errege magoek etxeko txikienei harrera egingo diete Goiuri jauregian, Frai Zacarias kaleko sarreratik. Eguna amaitzeko, aldiz, 19:00etatik aurrera, errege magoen desfilea iritsiko da eta ohiko ibilbidea egingo du: Bilbo plaza, Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate kalea, Florida, Ramon y Cajal, Micaela Portilla, Laskarai eta Gasteiz hiribidea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzeraino. Gainera, iaz bezalaxe, karrozetako soinu-bolumena jaitsi egingo da autismoaren espektroko nahasmenduak eta entzumen-desgaitasuna duten pertsonek desfileaz erosotasun handiagoarekin gozatzeko aukera izan dezaten. Kultura Zerbitzuak autismoaren espektroko nahasmenduekin lotutako hiriko elkarte ugarik egindako eskaerari erantzunez bideratzen du ekintza hori.
Kopurutan, 300 partaide eta 7 karroza izango dira. Lehen hiru karrozak fantasiazkoak izango dira, eta hurrengoetan errege magoak iritsiko dira. Zazpigarren karrozatik, aldiz, gozokiak botako dituzte. Honako hauek dira 2024ko desfilean errege magoek alboan izango dituzten antzerki-taldeak:
Musika-animazioa kaleetan
Aurten, handitu egin dute kaleetako musika-animazioa hirian zehar Eguberrietako giroa eta jai-giroa handitzeko asmoz. Hala, 40 musika-emanaldi antolatu dituzte (bokalak eta instrumentalak) eta Eguberrietako errepertorioaren aukeraketa zabala gerturatuko dute gure kultura osatzen duten melodia tradizionalekin eta ezagunekin batera.
Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitarte, Arabako Abesbatzen Elkarteak 28 kontzertu eskainiko ditu. Horietan 21 abesbatzak hartuko dute parte eta 19:30ean izango dira Arka plazan, Santa Barbara plazan eta Antso Jakitunaren hiribideko pergolan. Gainera, egunero, Urrezko Zeledonak plazan, hiru abesbatza elkarrekin abesten izango dira 20:30etik aurrera.
Hirigunea musikaz betetzeko asmoz, abenduaren 23a eta urtarrilaren 5a artean, oinezkoen eremua zeharkatuko dute 10 musika-bandak eta txistularien eta gaita-jotzaileen 3 taldek.
Ekimenak joan den urtean izandako arrakasta ikusita, Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak kalejira berezia egingo du berriro ere abenduaren 31n Gasteizko txikienekin batera urteari agur esateko. 17:00etan abiatuko da Musika Etxetik eta oinezkoen eremuko kale eta plazak zeharkatuko ditu. Amaitzeko, Plaza Berrian, agur esateko dantza handi bat egingo dute.
Butaka Txikia
Urtero Butaca Txikiak arte eszenikoak eskaintzen dizkio programazioari. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, haurrentzako 8 ikuskizun prestatu dira gizarte-etxeetako ekitaldi-aretoetan eta antzokietan. Sarrerek 5 euroko prezioa dute eta abenduaren 13an 8:30etan jarriko dira salgai edozein gizarte etxetan edo kirol instalaziotan (frontoiak izan ezik) eta Internet bidez. Eskaintza jarraian zehazten da:
Gabonei buruzko informazio gehiago eta kultur egitarau osoa.