"Gego: Midiendo el infinito"

Bilbao 2023(e)ko azaroaren 7(e)tik 2024(e)ko otsailaren 4(e)ra
  • "Gego: Midiendo el infinito"
    Argazkia: Juan Santana © Fundación Gego

Guggenheim Bilbao Museoak Gego. Infinitua neurtzen aurkezten du, Gego ezizenez ezaguna den Gertrud Goldschmidt (Hanburgo, 1912–Caracas, 1994) artista germaniar-venezuelarrari eskainitako atzera begirakoa. Erakusketak artistaren lanaren ikuspegi integratzailea aurkezten du, eta hark abstrakzioaren lengoaiaz zuen ikuspegi berezia arakatzen du. Kronologikoki eta gaika antolatuta dago, eta artistak egindako ekarpen formalak eta kontzeptualak aztertzen ditu hark ekoitzitako forma organikoen, egitura linealen eta abstrakzio modularren bidez.

1950eko hamarkada hasieratik 1990eko hamarkada hasierara arteko 150 objektu inguru biltzen ditu, nola diren eskulturak, marrazkiak, grabatuak, ehunak eta artista-liburuak, baita zirriborroak, argitalpenak, gutunak eta instalazioen zein obra publikoen argazkiak ere. Gegoren arte-ibilbide luzeak hainbat testuinguru artistiko zeharkatu zituen Latinoamerikan; honako azterketa honek haien baitan kokatzen du artistaren praktika, eta jardunbide horrek nazioarteko funtsezko mugimenduekiko —abstrakzio geometrikoarekiko eta arte zinetikoarekiko, besteak beste— izan zituen elkarguneak eta hausturak ere arakatzen ditu.

Gego alemaniar familia judu batean jaio zen, eta arkitektura- eta ingeniaritza-ikasketak egin zituen Technische Hochschule Stuttgart-en (gaur egun, Stuttgarteko Unibertsitatea). 1939an, nazien jazarpenetik ihesi, Venezuelara emigratu zuen, eta bertan finkatu zen behin betiko. 1953an artegintzan hasi zen, eta lau hamarkada baino gehiago eman zituen jardun horretan. Artistak lerroaren, espazioaren eta bolumenaren arteko harremana aztertu zuen hainbat bitarteko erabilita sortu zituen bi eta hiru dimentsioko lanetan. Beste arlo batzuekin zuen konpromisoa, hala nola arkitekturarekin, diseinuarekin eta hezkuntzarekin, haren ikerketa-lanaren osagarri izan zen.

XX. mendearen bigarren erdian Latinoamerikako eszenak eman zuen artistarik esanguratsuenetako bat da Gego, bide nabarmenki pertsonala urratu zuen bere ibilbide artistikoan, eta, beraz, ezinezkoa da haren inguruko kategorizaziorik ezartzea. Gegok ideia erradikalak eskaini zituen egitura-sistemei buruz egin zituen ikerketen bidez, eta, bere corpus artistiko berezian, metodikoki jorratu zituen gardentasuna, tentsioa, hauskortasuna, harreman espazialak eta mugimenduaren efektu optikoak. Atzera begirako erakusketa historiko honek agerian uzten du haren diziplina anitzeko jardunaren zabaltasuna, eta artista eta bere obra hobeto ulertzen eta balioesten laguntzen du testuinguru globalean.

Museoak eskerrak eman nahi dizkie Gego Fundazioari eta haren zuzendari diren Tomás Gunz eta Barbara Gunzi, baita Kontseiluari eta fundazioko langileei ere, erakusketa antolatzeko eman duten laguntza paregabeagatik.

Aretoa: 105

  • Komisarioa: Geaninne Gutierrez-Guimarães

Egoitzak: Museu de Arte de São Paulo Assis Chateaubriand–MASP; Museo Jumex, Mexico Hiria; Solomon R. Guggenheim Museum, New York; Guggenheim Bilbao Museoa.

Erakusketa Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du, honako hauekin lankidetzan: Solomon R. Guggenheim Museum, New York; Museo Jumex, Mexiko Hiria; eta Museu de Arte de São Paulo Assis Chateaubriand–MASP. Erakusketa ondokoek garatu dute: Julieta González, Zuzendari Artistikoa,  Inhotim Institutua, Brumadinho, Brasil; Geaninne Gutierrez-Guimarães, Atxikitako Arte-arduraduna, Guggenheim Bilbao Museoa eta Solomon R. Guggenheim Museum and Foundation, New York; eta Pablo León de la Barra, Arte-arduradun orokorra, Latinoamerika, Solomon R. Guggenheim Museum and Foundation, New York; hauekin lankidetzan: Tanya Barson, Kontserbazio-buru ohia, Museu d’Art Contemporani de Barcelona; eta Michael Wellen, Senio Arte-arduraduna, Nazioarteko Artea, Tate Modern, Londres.

IRUDIA:

Gego Retikularea (Reticulárea) muntatzen, Arte Ederren Museoa, Caracas, 1969
Argazkia: Juan Santana
© Fundación Gego


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2023(e)ko azaroaren 7(e)tik 2024(e)ko otsailaren 4(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik igandera 10:00-20:00. Uztaila eta abuztuan, astelehenetik igandera: 10:00-20:00
  • Lekua Guggenheim Bilbao Museoa
    Abandoibarra Etorbidea, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Guggenheim Bilbao Museoa

Non