Beste urtebetez, kaleak izango dira jarduera gehienen gune nagusia, eta ezin konta ahala ikuskizun eta ekitaldi egingo dira. Kalejira eta biribilketez gain, igandean, hilak 8, “Soporte Vital Básico”-k kontzertua emango du Galizia kalean, goizez; arratsaldez, “Sama Siku” fanfarreak oinezkoen kaleak girotuko ditu. Asteartean, “Orkestra Elektrotxaranga” arduratuko da kaleak alaitzeaz. Besteak beste, astelehenean, hilak 9, bakarrizketak izango dira Arizgoiti plazan, J. J. Vaquero eta Jesús “el Negro”-ren eskutik. Halaber, ostegunean, hilak 12, “Los Bilbotxeros” Bentan eta Mojaparten ere arituko dira. Larunbatean, hilak 14, kalejira pirotekniko bat egingo da Trintxeretatik abiatuta eta Begiralekuetatik barrena, “Deabru Beltzak” taldearen eskutik.
Ikusmin handia sortu duen programaren berritasunetako bat ere udalerriko kaleetan egingo da, kale aldapatsuetan zehazki. Izan ere, aurten, larunbatean, hilak 14, berriro ere egingo da goitibeheren jaitsiera. Kuadrillen ordezkari gisa arituko diren pilotuez gain, probaren araudian jasotako baldintzak betetzen dituen edozein pertsonak parte hartu ahal izango du. Izena emateko epea urriaren 11n amaituko da (
https://euskalkopa.com/es/basauri23es/).
San Fausto jaietan ohikoa den bezala, ez dira faltako ekitaldi herrikoiak eta kuadrillek antolatutakoak, edota ekitaldi gastronomikoak: babarrun-jana, ostegunean, hilak 12; kuadrillen bazkaria, ostiralean, hilak 13, San Fausto egunean; tortilla-txapelketa, asteartean, hilak 10; paella-txapelketa, larunbatean, hilak 14; eta marmitako-txapelketa, igandean, hilak 15. Elkartasuna izango da ere kuadrillek antolatutako ekitaldi gehienen ezaugarrietako bat: bingo solidarioa, igandean, hilak 8; txorizo-jana eta txanpi solidarioa, astelehenean, hilak 9; sardina-, odolki- eta muskuilu-jana, asteartean, hilak 10; Sagardo Fest solidarioa eta sandwich-jana, asteazkenean, hilak 11; saltxitxa- eta hirugihar-jana, ostegunean, hilak 12; txokolatada, ostiralean, hilak 13; eta txistorra-jana, larunbatean, hilak 14. Den-denak Thiago Iglesiasen alde. Ostegunean, hilak 12, azoka solidario bat egingo da Gaizka Hernandezen alde.
Eta beraiei eskainitako egun oso bat izango duten arren, asteazkenean, hilak 11, txikiek jardueren eskaintza zabala izango dute jaietan: familia osoarentzako moduko tren zirkuitu entretenigarria Bizkotxalden, igandean, hilak 8; udalbatza txikia Udaletxean, haurrentzako parke handia Soloarte ikastetxean (puzgarriak, giza futbolina eta abar, eta arratsaldean askaria) eta Tor Magoaren magia familia osoarentzat Soloarteko ahateen parkean, asteazkenean, hilak 11; “Bazen behin… zirku bat” tailerra Pedro López Cortazar plazan ostiralean, hilak 13; edo txiki-gazte parkea egurrezko jolas tradizional eta puzgarriekin San Fausto plazan, eta txikientzako goitiberen zirkuitua San Fausto plazako zubian (Trintxerak), larunbatean, hilak 14.
Gazteentzat, berriz, besteak beste, “Disko Festa Sound” izango da Solobarriako karpan, larunbatean, hilak 7; zuhaitz-eskalada eta tirolina Bizkotxalden, igandean, hilak 8; eta “XI. Skate Txapelketa” Enbarkan (Kantalazarra parkea), larunbatean, hilak 14.
Musikari dagokionez, kontzertuak, dantzaldiak, erromeriak... izango dira programa barruan. Larunbatean, hilak 7, “Oxabi” taldeak kontzertua egingo du Arizgoiti plazan, eta San Fausto plazan dantzaldia izango da “Mandala Macro Show” diskotekarekin; igandean, hilak 8, Basauriko Udal Musika Eskolako musika-taldeen emanaldia izango da, San Fausto plazan hori ere, eta “Emme” abeslariaren kontzertua Arizgoitin. Astelehenean, hilak 9, “Orquesta Jamaika” orkestrak alaituko du Mojaparte plazako txitxarrilloa; asteartean, hilak 10, “Helena Bianco y Los Mismos” taldeak emango du kontzertua Arizgoiti plazan; ostegunean, hilak 12, “Euskal erromeria” izango da San Fausto plazan; ostiralean, Sabina eta Serrat abeslarien omenez "Dos Pájaros y un Trío" emanaldia izango da Arizgoiti plazan, eta leku berean arituko da “Zea Mays” taldea ere, larunbatean, hilak 14.