Open House Bilbao 2023: egitaraua

Bilbao 2023(e)ko urriaren 7(e)tik 2023(e)ko urriaren 8(e)ra
  • Open House Bilbao 2023: egitaraua

Open House Bilbao jaialdia datorren asteburuan itzuliko da, urriaren 7an eta 8an“Ciudad (in)material. Hiri (ez)materiala" izenarekin. Open House Bilbaoren zazpigarren edizioa izango da eta oraingoan gogoeta egingo du hiria osatzen duen dimentsio ukigarri eta ukiezinaz, eta arkitekturaren eta hirigintzaren ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-jasangarritasunaz.

Ekimena Londresen abiatu zen, 1992an, eta hiriko ate irekietako jaialdirik handiena da. Zazpigarren edizio honetan, normalean jendearentzat itxita dauden edo ezezagunak diren 66 Open espaziotako ateak irekiko dira. Aurreko urteetan bezala, eraikinak bisitatzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, eraikinera hurbildu eta txanda itxaron besterik ez.

OPEN programa hainbat jarduerarekin osatuko da, hala nola bisitak autoreekin, hiri-paseoak, familia-tailerrak edo itsasontzi-ibilbide bat. Halaber, zazpigarren edizio honetan, Open pasaportea berreskuratu da, espazio desberdinetan "bidaiatzea" ahalbidetuko duena, eta Visual Stories lehiaketa gehitu da. Lehiaketa horrek hiriaren gaineko askotariko begiradak erakutsiko ditu, adierazpen artistiko eta bisualen bidez.

Open House 2023 Jaialdia hainbat galderari erantzuten saiatuko da, hala nola, hiria zerez dagoen egina, zenbat baliabide kontsumitzen dituen, eta zer modutan alderdi ukigabeek –hala nola kulturak, adimen kolektiboak, eta arauek eta planek– bideratzen eta moldekatzen dituzten gure hiria eta gure espazio publikoa.

Parte-hartzezko ekitaldi transbertsala da. Urtero, boluntarioen lanari esker egiten da (edizio honetan 600 boluntario baino gehiagok eman dute izena), herritarrek parte hartzen dute eta administrazio publikoek bultzatzen dute; Bilboko Udalak, babesle nagusi gisa, Europar Batasunak, Eusko Jaurlaritzak eta IED Kusthal Bilbaok eta hainbat partaide eta laguntzaile.

Eta hitzordu saihestezina bihurtu da, lehiaketa arkitektoniko bat baino askoz gehiago baita: pertsonen eguneroko hizkuntzatik kanpo edo urrun dagoen diziplina bat jendeari hurbiltzeko aukera da.

Asteburuan zehar hainbat gai jorratuko dira, hala nola eraikin eta kaleak osatzen dituzten materialak: eraikuntzako material berriak (zura, elementu birziklatuak...), natura hiri-geruza berri gisa (naturan oinarritutako sistemak...), eta abar.

Gogoeta egingo da eskura dauden baliabideei buruz eta hirian egiten den material-kontsumoaren zirkulartasunari buruz. Halaber, aztertuko da nola kulturak, adimen kolektiboak eta arau eta planek gidatzen eta moldatzen dituzten gure hiria eta gure espazio publikoa.

OPEN ESPAZIOAK

Open House Bilbaoren zazpigarren edizioko katalogoak guztira 66 espazio erakutsiko dizkie herritarrei hiri osoan zehar. Haien artean, ateak irekiko dituzten 62 eraikin euren balio arkitektoniko eta historikoen ondorioz hautatu dira. Aurreko urteetan bezala, lau gune publiko garrantzitsu bisitatzeko aukera ematen da katalogoan, zenbait kontu aztertzeko: azpiegitura berdea, hiri-erresilientzia, erabilera sozialak, mugikortasuna eta bide-segurtasuna.

Horrela, hiriaren aberastasun eta aniztasun arkitektonikoaren ikuspegi zabala eskaintzen da. Aurreko edizioetatik, zortzi berrikuntza daude (Bilborock, La Perrera eraikina, Radisson hotela, Abandoko geltokia, Kirol Kluba, Bizkaia Dorrea, Museoalde eta Rabe eraikina, arkitekturarako espazioa). Nobedade horien helburua da jaialdiak bizirik jarrai dezala, interes berriak sortuz eta urtez urte berrituz.

Gune ezberdinetako bisitak, euskaraz zein gaztelaniaz programatzen direnak, DOAN egin ahal izango dira, eta EZ DA BEHARREZKOA ALDEZ AURRETIK IZENA EMATEA. Bisita horiek egiteko, nahikoa da eraikinera hurbiltzea, ilaran jartzea (balego) eta txandaren zain egotea. Taldeak 10-30 lagunekoak izango dira, eta bisitak, 20-45 minutukoak, espazio bakoitzaren arabera. Jaialdiaren ordutegi orokorra larunbatean 10:00-20:00 eta igandean 10:00-19:00 da, baina eraikin bakoitzak bere ordutegia izango du, dituen aukeren arabera. Informazio hori jaialdiaren web-orrian (www.openhousebilbao.org) eta asteburuan horretarako banatuko diren planoetan kontsulta daiteke.

OPEN JARDUERAK

Open House Bilbaok bere programazio-eskaintza handituko du, hainbat jarduera espezializaturekin, kaleak kulturaz beteko dituztenak, eta esperientzia arkitektonikoekin, edizio honetako gai espezifikoan eragingo dutenak. Jarduerak ere doakoak izango dira, baina ALDEZ AURRETIK IZENA EMAN beharko da. Izena emateko, web-orri hau erabil daiteke: www.openhousebilbao.org

FAMILIENTZAKO TAILERRAK: GJH-AK EZAGUTUZ

Familientzako sormen-pilulak, hiri jasangarriagoak irudikatzeko dinamika eta jolasekin. Umeak hurbilduko dira eta GJHei (Garapen Jasangarriko Helburuei) buruzko kontzientzia sortuko dute, gogoan erabiliz zer desafio eta aukera dakartzan mundu zuzenago, berdintasunezkoago eta jasangarriago bat eraiki beharrak. Hirigintzarekin jolastuko dira, hiria eraikiz, espazio libreei forma emanez, eta hutsuneak eta haien aukerak aztertuz.

Guztira, 220 plaza.

360ºKO ESPERIENTZIAK: HIRIA HAZTEN DENEAN

Hiri-kontakizunak hiriko puntu estrategikoetatik, Bilbok izan duen hazkundeari buruz hausnartzeko. Hiriaren historian funtsezkoak diren eta, hain zuzen ere, garapen planifikatuen edo bat-bateko hazkundeen ondorio diren hiru gertakariren xehetasunak azalduko dira. Gertakari horietako bakoitzaren prozesua aztertuko da, eta, bereziki, hirigintzan eta arkitekturan izan zituzten ondorioak, baita gizartean izan duten eragina ere.

90 plaza.

HIRI PASEOAK: HIRI IMMATERIALA

Gidatutako ibilbideak, oinez, hiriko hainbat tokitan zehar ibiltzeko, arreta jasangarritasunean jarrita. Ibilbide horietan arkitekturatik haratago doazen gaiak jorratuko dira, egunerokotasuneko eta naturako beste adibide batzuez hitz egiteko eta behatzeko, ingurune jasangarri batzuetarako funtsezko hiri-osagaiak baitira. Gainera, energia-aprobetxamenduko proiektuak nabarmenduko dira, eta berrerabilitako eta berregokitutako eraikinetara hurbilduko gara.

100 plaza hiri-paseoetarako.

PASEOAK ITSASONTZIAN: ITSASADARRAREN MUGETAN ZEHAR NABIGATZEN

Nabigazio-esperientzia horri esker, itsasadarra beste ikuspegi batetik ezagutu ahal izango da: itsasontziz. Uriaren garapen historikorako funtsezko elementuetako baten bitartez gidatutako ibilbidea, non balioa emango zaion urari, hiri-ingurune jasangarri baterako ezinbesteko baliabide naturala den aldetik.

360 plaza.

BISITAK AUTOREEKIN: ARKITEKTURA, HURBILETIK

Bisita espezializatuak, arkitekto autoreen parte-hartzearekin, euren lanak bertatik bertara azaltzeko. Hiriko arkitektura-proiektu garrantzitsuak modu esklusiboan ezagutzeko aukera. Bisita gidatuak: prozesuaren xehetasun eta bitxikeriak eta diseinu-irizpideak azalduko dira, hasierako proposamenetik hasi eta hura eraiki arte, eta gure arkitektura hobeto ulertzen lagunduko duten azalpenak emango dira.

80 plaza autore-bisitetan.

BISITA BEREZIAK: ESPERIENTZIAREN AHOTSA

Katalogoko eraikinak formatu berezian bisitatzea, haietan bizi izandako historiak eta pasadizoak zehatz-mehatz jakiteko. Bisitarien gidari izango diren pertsonek eraikinekin duten harreman berezia izango da berezitasuna. Pertsona horiek bisitatuko diren espazioetako nondik norakoak inork baino hobeto ezagutzen dituzte, hainbat arrazoi direla medio. Euren ezagutza eta bizipenak partekatuko dituzte, eta bisitan zehar eraikinaren funtzionamenduaren bitxikerietan jarriko dute arreta. Hala, besteak beste eraikin hauek ezagutuko ditugu: Tayko Hotela, Radisson Collection Hotel, Deustuko Unibertsitate Literarioa, Deustuko Unibertsitate Komertziala.

75 plaza bista berezietan.

OPEN HOUSE PASAPORTEA ETA ZOZKETA

Open House Bilbaoren pasaportean zigiluak bilduz gero, herritarrak BilbaoDendak-en 40 opari-txartelen zozketan sartuko dira, bat egiten duten establezimenduetan trukatzeko.

Pasaporteak katalogoko eraikinetan eskuratu ahal izango dira, izakinak amaitu arte, edo Open House Bilbaoren informazio-guneetan.

Zozketan parte hartzeko, gutxienez 3 puntu lortu behar dira, hau da, 3 bisita Open guneetara, eta pasaportea Open House Bilbaoren webgunean erregistratu edo fisikoki entregatu behar da BilbaoDendak-en bulegoetan.

13.000 pasaporte daude eskuragarri.

ARTISTENTZAKO OPEN CALL

Lehiaketa artistiko bat deitu da, Open House Bilbaon bizi izandako ezagutza eta esperientziak historia bisual baten bidez adierazteko. Edozein arte mota erabil daiteke parte hartzeko: argazki sorta bat, film labur bat, marrazki bat edo historia bisualeko beste edozein formatu. Urte bakoitzeko gaia –oraingo honetan, jasangarritasuna– aztertzeko eta interpretatzeko ekimen bat da.

Lanik onenak aukeratu eta erakusketa batean aurkeztuko dira, Open House Europaren Urteko Goi Bileran, Lisboan, urte amaieran. Oinarriak web-orrian kontsulta daitezke.

3 lan sarituko dira.

OPEN HOUSE EUROPA

Nobedade gisa, Open House Bilbao Jaialdiak indarrak batuko ditu Europako beste 11 hirirekin batera, Open House Europa nazioarteko lankidetzako proiektu berriaren barruan, zeina Europar Batasunak ere finantzatzen baitu, Creative Europe programaren barruan. Ekimen berri honekin, arkitekturaren inguruko eztabaida inklusiboago bat sustatuko da, eta indartu egingo da diziplina horrek gizarte- eta ingurumen-erronken aurrean aldaketa positiboa eragiteko orduan betetzen duen zeregina.

Proiektuaren xedea da ezagutzak trukatzeko elkarlan-modu berriak ekartzea, sektorean arkitekturaren kulturaren arloan dabiltzan erakundeen posizioa indartzea, arkitekturaren eta hiri-inguruneen eredu bikainen bidez hezkuntza sustatzea, jendea erakartzea eta kultur irisgarritasuna handitzea.

Horretarako, nazioarteko baterako programa bat garatu da, zeinetan, urteroko goi-bilera batez eta ingelesezko jarduerez eta bisitaldiez gainera, boluntarioen trukerako programa bat ere izango baita. Hala, jaialdian, lehenengo biderrez, Europako beste hiri batzuetako (hala nola Lisboa, Dublin edo Milango) 10 boluntario arituko dira, OPEN hirien arteko trukea eta harremana sustatuz

Proiektuak gutxienez hiru urteko iraupena izango du, eta urtero gai jakin batean oinarrituko da. Ekimenaren parte diren Open House guztiek aztertuko dute gai hori; lehenengo edizio honetan, gaia jasangarritasuna izango da. Gaia ardatz hartuta, Open House Europe ekimenak aukera izango du eztabaida-agenda bat eratzeko, arkitektura garaikide eta ondarezkoari buruz eta haren balioei eta kalitateari buruz, Europako eta nazioarteko hirietan. Bestalde, zazpigarren edizio honetan, Open House Bilbaok gai horren inguruko programazioa aurkeztu du. Bertan, katalogoak eta jarduerek arkitekturaren eta hirigintzaren jasangarritasunaz hausnartzeko aukera ematen dute.

Modu berean, Open House Europe ekimenak jarduera eta ekitaldi berriak ekarriko ditu, kontinente osoan antolatzen direnak. Proiektuaren barruan, goi-bilerak egingo dira urtero Europako hainbat hiritan, boluntarioak trukatzeko programa bat izango da, plataforma digital bat ere bai, eta zenbait berrikuntza sortuko dira Open House jaialdietan.

Open House Europari esker, Open House Bilbaoko boluntarioek eta bisitariek ekimen berri horietan parte hartzeko aukera izango dute.

Kontakizun bisualen deialdi irekiak ere egongo dira, Open House Europe ekimenaren urteroko gai komuna aztertu eta interpretatzeko, Open House asteburuetan bakoitzak bildu dituen esperientzia eta ezagutza baliatuz. Eta 2023ko abenduan, lankidetza-proiektuaren estreinako urteko goi-bilera egingo da Lisboan. Bertan, Bilbok presentzia nabarmena izango du, ekitaldiaren antolatzaileetako bat baita.

ANTOLAKETA

Open House Bilbao OUT elkarteak diseinatu eta antolatutako eta Bilboko Udalak babestutako ekitaldia da. OUT irabazi-asmorik gabeko elkartea da, tokikoa, hiri-berrikuntzan, arkitekturan eta herritarren parte-hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua.

Open House aukera bat da herritarrek euren hiriaren inguruko kontzientzia har dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bitartez, gai horiek ezagutzera ematen dira, haien zabalkundea egiten da, eta publiko zabal baten aurrean jendarteratzen dira. Hori dena parte-hartzearen bidez egiten da.

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2023(e)ko urriaren 7(e)tik 2023(e)ko urriaren 8(e)ra
  • LekuaBilbao

Non