José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titular eta artistikoak jarraian diseinatzen duen bederatzigarren denboraldiak guztira 19 kontzertu jasotzen ditu ohikoak diren Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia eta J.C. de Arriaga Kontserbatorioan eskainiko direnak. Arriaga Antzokia, Bilboko Elkarte Filarmonikoaren Aretoa eta Campos Elíseos Antzokia ere Bilboko taldearen eszenatoki berriak izango dira aurtengo denboraldian.
“Oroitzapenak“ izenburupean, denboraldia irailaren 8an hasi zen Azkuna Zentroan, eta 2024ko maiatzaren 16an amaituko da Campos Elíseos Antzokian.
José R. Pascual-Vilaplanaz gain (19 programetatik 12 jorratuko ditu), Tobias Haussig, 2023ko Orkestra Zuzendaritzako Nazioarteko I. Sariaren irabazlea, Juanjo Ocón, Timothy Reynish, Margarita Lorenzo de Reizábal, Txaber Fernández eta Iñaki Urkizu, Bandako zuzendariordea, arituko dira taldea gidatzen.
Ohikoa denez, Bandak artista ugari jasoko ditu ehun obra inguru biltzen dituen programazio zabal batean. Bakarlari gonbidatuak izango dira, besteak beste, Juan de la Rubia organista ospetsua, Vincent David saxofoi jotzaile frantziarra, Andrew Reynish biolontxelo jotzaile ingelesa, Luis González tronpeta jotzailea, Serafín Zubiri abeslari eta pianista, Pedro Pardo fagotista eta Bilboko Musika Bandako Jose Vicente Pla eta Rafael Climent Bilboko Udal Musika bandaren klarineteak.
Gainera, Beethovenen Bederatzigarren Sinfoniaren estreinaldiaren II. mendeurrena ospatzeko, Bandak 2024ko apirilean emango die amaiera Euskalduna Jauregiko saioei, Bonneko jeinuaren partitura hilezkorra interpretatuz, Juan Vicente Mas Quiles maisuaren bandarako bertsio baimenduan. Naroa Intxausti sopranoaren, Marifé Nogales mezzosopranoaren, Mikeldi Atxalandabaso tenorraren, Fernando Latorre baritonoaren eta Bilboko Koral Elkartearen laguntza izango du.
Era berean, Lux Kodex kamara Abesbatzarekin partekatuko du agertokia, Zabalguneko Abesbatzarekin, “Los Chimberos”ekin, Miren de Miguel aktore eta abeslari bilbotarrarekin edo Ballets Olaeta mitikoarekin. Azken horrekin, Bandak hirurogeiko hamarkadan José Franco Ribateren “Las cuatro estaciones” edo Jesús Guridiren “Diez Melodías Vascas” abestien musikatik abiatuta sortu zituen bi koreografia historiko berreskuratuko dira. Hainbat efemeride gogoratzeko asmoz, aipatzekoak dira Ida Gotkovsky konpositore frantziar ospetsuak bere “Joyeuse Symphony”-rekin 90. urteurrenari egindako omenaldia edo Giacomo Puccini handiaren heriotzaren mendeurrena. Aurten ere, Bandak Musikenerekin duen konpromisoari eutsiko dio, eta kontzertua eskainiko du ikastetxeko ikasle nabarmenekin.
Gonbidatutako zuzendarien artean, Timothy Reynish zuzendari britainiar ospetsua izango da, banda-ikerketako figurarik handienetakoa. Berarekin batera, 2023ko Bilbao Musika Orkestra Zuzendaritzaren Nazioarteko I Sariaren irabazlea, Tobias Haussig maisu alemaniarra, eta Juanjo Ocón, Margarita Lorenzo de Reizábal eta Txaber Fernández euskal zuzendariak igotzen joango dira eszenatokira. Guztiek, José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularrarekin eta Iñaki Urkizu zuzendariordearekin, genero eta estilo oso kontrastagarriak jorratzen dituzten askotariko programak garatuko dituzte.
Halaber, Bandak kontzertu berezi batzuk ditu programatuta. Irailaren 17an, Muroko maisuaren zuzendaritzapean eta Sergio Carolinoren tubarekin bat, Bilboko Bandak “Soriako Udazken Musikalaren Jaialdia – Gaztela eta Leongo Nazioarteko Musika Jaialdian” parte hartu zuen. Urriaren 8an kontzertua eskainiko du Irungo Amaya Antzokian, "Irun Hiria" bandaren sorreraren 50. urteurrena dela eta. Begoñako Basilikan urriaren 11n, Iñaki Urkizu buru izango dela, eta Fair Saturday 2023ren inaugurazio kontzertua (azaroaren 24an Bilbao Arenan, Pascual-Vilaplanaren gidaritzapean) dira Bandaren egutegian 2023a amaitu baino lehen eskainiko dituen beste bi emanaldiak.
AZKUNA ZENTROA
“Klasikoen oroitzapenak” saioarekin, pasa den irailaren 8an eman zitzaion hasiera 2023-2024 denboraldiko kontzertu-zikloari Azkuna Zentroko Kulturen Atrioan. Talde bilbotarreko 40 musikari baino gehiagok lan klasiko sorta zoragarria interpretatu zuten, Eric Ballen "Resurgam", Philip Wilbyren "Paganini Variations", Philip Sparkeelen "Symphonic Metamorphosis on Camille Saint-Saëns" eta Josep Vicent Egearen "Poema Sanjuanero", besteak beste.
Irailaren 22an, ostirala, taldeak "Aufbruch" kontzertua eskaini zuen Azkuna Zentroan. Oraingo honetan, taldearen buru Tobias Haussig zuzendari gonbidatua izan zen, 2023an Bilbao Musikak antolatutako Orkestra Zuzendaritzako Topaketen VII. edizioaren irabazlea. Bertan, besteak beste, Richard Wagner, Hubert Hoceh, Dirk Mattes, Arnold Schönberg, Johann Sebastian Bach, Johannes Stert eta Rolf Rudin autoreen lanak entzun ahal izan ziren.
EUSKALDUNA JAUREGIA
Urrian, Bilboko Udal Musika Bandak Euskalduna Jauregiko zikloa abiatuko du, eta guztira 9 kontzertu eskainiko ditu.
Lehen hitzordua urriaren 1ean izango da, igandean, "Frantziako haizeak" egitarauarekin. Ikuskizun honek auditoriumean bilduko diren pertsona guztien gozamena programazioa dakar. José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren gidaritzapean eta Juan de la Rubia organista bikainaren laguntzarekin, Frantziatik arte-haizeak iritsiko dira, Saint-Saëns bezalako klasiko ezagun batetik hasi, eta XX. mendeko banda-musikako emakumerik garrantzitsuena den Ida Gotkovsky maistraraino, haren 90. urteurrenean.
Ondoren, urriaren 22an, "Nino Bravo gogoan" helduko da. Oraingoan, Iñaki Urkizu Bandaren zuzendariordearen gidaritzapean, eta Serafín Zubiri pianoan duela, nafarrak “Esta será mi casa” (Hau nire etxea izango da), “Cartas amarillas” (Gutun horiak), “Noelia”, “Mi tierra” (Nire lurra), “Un beso y una flor” (Musu bat eta lore bat)… tituluekin ausartuko da. Ahots bat eta garai bat gogorarazten duten doinuak dira denak. Valentziarra duela berrogeita hamar urte zendu zen, soinu-arrasto pertsonal bezain ahaztezin bat utzita.
Azaroaren 19an, Juanjo Ocón zuzendari gonbidatuak Bandaren gidaritza hartuko du "MusikaArte" ikuskizuna eskaintzeko. Gerónimo Giménezen "La Torre del Oro", Derek Bourgeoisen "Symphony for William", Eric Whitacreren "October" eta "Equus" eta Andrew Lloyd Webberren "The Phantom of the Opera" (Johan de Meijen moldaketekin) izango dira, besteak beste, artea, antzerkia, natura edo bizitza gogora ekartzeko proposamen iradokitzailea eskainiko duten izenburuak.
Emanaldi horren ondoren, Banda abenduaren 3an eszenara igoko da berrio "Islak" kontzertua eskaintzeko. Oraingoan Vincent David saxo altuaren laguntza izango du. Pascual-Vilaplana zuzendari titularra arituko da gidari lanetan. Errepertorio zabala eta askotarikoa eskainiko du, hala nola Clifton Williamsen "Symphonic Dance Nr. Nº3 Festa", Sergei Rachmaninoven "Aleko" (J. Ripollen moldaketekin) eta Piotr Tchaikovskyren "Obertura 1812".
2024ko lehen kontzertua urtarrilaren 21ean izango da eta "Omenaldiak" izenburua izango du. Timothy Reynish Bandaren buru jarriko da eta Andrew W. Reynish biolontxeloaren laguntza izango du. Bertaratzen direnek Yasuhide Ito, Luis Serrano, Christopher John Marshall eta Adam Gorben obrak disfrutatu ahal izango dituzte. Musika “bizitzaren gordintasunaren nahiz itxaropenaren argiaren lekuko" izango da.
Kontzertu-zikloak otsailaren 4an jarraituko du, "Haize xarmagarriak" lanarekin, luxuzko gonbidatu batekin, Margarita Lorenzo de Reizábal orkestra zuzendari bilbotar ospetsuarekin, hain zuzen ere. "Fanfare for the Common Man", "Puszta", "2 Bookmarts from Japan" edo "Candide Overture" izango dira dantza, antzerkia eta paisaia gogora ekartzeko piezetako batzuk, musikak bakarrik erdiesten duen xarma bilatuz.
Hilaren erdialdean, otsailaren 18an, Bandak eta José R. Pascual-Vilaplana zuzendariak, Luis González tronpeta-jotzailea izango dute lagun "Itxaropenaren egunsentia" kontzertuan. Shaphiro, Stevenson eta Pucciniren abestiek osatuko dute egun horretako menu ikusgarria.
Martxoaren 10ean, Bandak denboraldiko azken-aurreko kontzertua eskainiko du Euskalduna Jauregiko Auditoriumean. "Soinu-postalak" lelopean, J. Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak "postal bat bidaltzen duenari gogora etortzen zaizkion sentimenduak" irudikatuko ditu. Horretarako, José Vicente Pla eta Josep Rafael Climent Udal Bandaren klarinete jotzaileek eta Pedro Pardo fagotak hartuko dute parte.
Euskalduna Jauregiko kontzertu-zikloa apirilaren 21ean amaituko da, igandean, "Poztasunari oda" programarekin. Denboraldiko emanaldi berezienetako bat izango da. Izan ere, Bandak eta José R. Pascual-Vilaplana zuzendariak Naroa Intxausti sopranoa, Marifé Nogales mezzosopranoa, Mikeldi Atxalandabaso tenorra, Fernando Latorre baritonoa eta Bilboko Koral Elkartea izango dituzte lagun, baita Musikene - Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegiko ikasleak ere. Kontzertu honetan Ludwig van Bethovenen "9. Sinfonia" entzungo da, bigarren mendeurrena betetzen duena.
JUAN CRISÓSTOMO DE ARRIAGA KONTSERBATORIOA
Aurreko urteetan ez bezala, non kontzertuak denboraldiaren amaieran iristen ziren espazio honetara, Musika Banda azaroaren 10ean iritsiko da Bilboko kontserbatorio honetara, "Irudiak lau haizetara" kontzertuarekin. José R. Pascual-Vilaplanaren gidaritzapean, taldeak abesti sorta zabala eskainiko du: Roshanne Etezabyren "Parhelion", David Biedenbenderren "Luminescence", Jack Stampen "Variations on a Bach chorale", Rafael Mullorren "Déu del Foc", León Duránen "Bodas de sangre" eta Tomás Aragüésen "Fuenterrabia – Ondarribi". "Musika argia da; lanbidea eta emozioa argitzen eta partekatzen dituen argia". Ideia honen inguruan garatuko da emanaldia.
Apirilaren 26an, ostirala, Banda J.C. de Arriagako Kontserbatoriora itzuliko da "Haziak lau haizeetara" lanarekin. Kontzertu horretan, Txaber Fernandez arituko da zuzendari lanetan. Percy A. Graingerren "Händel in the Strand", Robert Jagerren "Variations on a Theme by Robert Schumann", Martin Ellerbyren "Paris Sketches" eta Franco Cesariniren "Mexican Pictures" entzun ahal izango dirà.
ARRIAGA ANTZOKIA
Gabonen aurretik eta Arriaga Antzokiko emanaldien zikloa inauguratuz, abenduaren 20an Bandak Ballets Olaeta konpainiarekin kolaboratuko du kontzertu berezi batean, musika eta dantza uztartuz, bai folklorikoa bai klasikoa, biak uztartuz beren koreografietan, eta horien emaitza kulturaren eta tradizioaren ispilu bihurtuz. Muroko maisuak gidatuko du Banda "Gabonak dantzatzen" izeneko kontzertu hau. Bertan, Pelayo Marínen "Abestuten eta dantzaten", José Franco Ribateren "Lau Urtaroak" eta Jesus Guridi euskal konpositore handiaren "Diez melodías vascas" interpretatuko dira, besteak beste.
Banda maiatzaren 5ean itzuliko da Arriaga Antzokira, Jose R. Pascual-Vilaplana buru duela, "Ehun urtetik gorako bilbainismoa Arriaga Antzokian" ospatzeko. Bilboko betiko musika-lanez eta abestiez gain, musika lirikoa oinarri izango duten obra ezagunak izango dira entzungai kontzertuan. Zabalguneko Abesbatzak, Los Chimberos, Patricia Sésar sopranoak, Alberto Núñez tenorrak eta Koldo Villar baritonoak "Botxoak kontzertu bat merezi du kantu propioekin!" ideiaren inguruan antolatutako ikuskizun honetan parte hartuko dute.
BILBOKO ELKARTE FILARMONIKOAREN ARETOA
Martxoaren 15ean Bandak Bilboko Elkarte Filarmonikoaren Aretoa bisitatuko du, 1896an sortutako erakundea, Banda bera baino urtebete beranduago. José R. Pascual-Vilaplanaren gidaritzapean eta Fernando Latorre baritonoaren eta Lux Kodex Kamara abesbatzaren laguntzarekin (Latorrek berak zuzendua), errepertorioan Schumann, Brahms, Mahler, Mendelssohn, Wagner, Ponchielli eta Tchaikovskyren konposizio handiak izango dirà entzungai, historikoa suertatuko den jardunaldian.
JOAN SANTUEN ELIZA
2022-2023 denboraldian Enkarnazioko Eliza bisitatu ostean, aurten Joan Santuen elizak hartuko dio lekukoa. "Pasio-espazioak" izenburupean, Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordeak zuzenduko du kontzertua. Hitzordua martxoaren 22an izango da eta Bernardo Adam Ferrero, Joan Lamote de Grignon, Alfredo Javaloyres, Abel Moreno eta Emlio Cebriánen abestiak izango dira entzungai, besteak beste.
CAMPOS ELÍSEOS ANTZOKIA
Azkenik, eta denboraldiari amaiera bikaina emateko, maiatzaren 16an, osteguna, Campos Eliseos Antzokian arituko da Banda, "You 're The Top, Cole Porter" izeneko egitarauarekin. Kontzertu-ikuskizun horretan, Pascual-Vilaplanaren gidaritzaoean, Bandak Miren de Miguel soprano eta aktore bilbotarraren laguntza izango du denboraldi luze eta bizia agurtzeko.
ORKESTRA ZUZENDARITZAREN INGURUKO TOPAKETAK – BILBAO MUSIKAKO ZUZENDARITZAKO NAZIOARTEKO LEHIAKETA SARIA
Orkestra zuzendaritzari buruzko VIII. Topaketen barruan, aurtengo edizioan “Bilbao Musika Zuzendaritzako Nazioarteko Saria” II Lehiaketaren deialdia egin da. Lehiaketa honen amaierako kontzertua urtarrilaren 12an izango da Bilboko J. Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan, “Kultura eta Soinuak” izenburupean. José R. Pascual-Vilaplana izango da zuzendaria, Timothy Reynish, nazioarteko batutarik onenetakoa, epaimahaiburua izango da eta Basilio Astúlez, aldiz, epaimahaiko kidea. Lehiaketaren azken faseko kontzertu honetan, Udal Banda hiru batuta finalistek zuzenduko dute, eta Josep Vicent Egearen "Entzierro", Kennet Haskethen "Masque", Alfred Reeden "Armenian Dances" eta Giacomo Pucciniren "La fanciulla del West" entzun ahal izango dira.
EGITARAU OSOA (PDF - 1,87 MB)