Getxophoto 2023 jaialdiaren barruan.
Askok, etenaldia, udarekin lotzen dute, eta uda, itsasoaren ikuspegiarekin. Zeru bare baten azpiko ur lasaia, zeruertzarekiko simetrian dagoen urdin sorta, atsedenaren irudia bera da. Beste batzuentzat, ordea, itsasoa muga bat da, arriskuaren sinonimo eta, potentzialki, heriotzaren sinonimo. Itsasoaren sinbolismo bikoitz horri buruzkoa da Greziako Lesbos uhartean 2018ko udan garatutako proiektua.
Bi hilabetez, Esmeralda Kosmatopoulosek udatiarraren alferkeriaren eta Moriako errefuxiatu-esparruan egiten duen lanaren artean banatu ditu bere egunak. Siriako gerra bezalako gatazketatik ihesi Europara iristen direnen geldialdi-guneetako bat da Moria. Zerumugaren ikuspegiarekin batera, obrak –31 argazkiz osatua, uztaileko edo abuztuko egun bakoitzeko bat, laketontziak ezkutatzen dituzten bloke zuriekin esku hartuak– egutegiko oporretako irudia eta harekin batera doan hutsune mentala islatzen ditu, eta, aldi berean, erbesteko mitologia garaikide eta iraganekoetan sakontzen du. EBren egungo migrazio-politika 1923an gertatutakoarekin lotuz, Otomandar Inperioak jazarritako milioi bat errefuxiatu greziar Lesbosera iritsi zirenean, Kosmatopoulosek bere irudien gelditasunetik haratago joateko eta irudi horietan tentsiodun barealdia ikusteko gonbita egiten digu. Itsasoaren esanahi adierabakarraren aurkako ohartarazpena da, eta udako lasaitasuna pribilegio bat ere badela gogorarazten digu.
1981ean Grezian jaioa eta Parisen hazia, Esmeralda Kosmatopoulos diziplina anitzeko artista kontzeptuala da. Hizkuntzaren eta identitatearen inguruan lan egiten du eta gaur egun Kairo eta New York artean bizi da. Haren lanak mundu osoko galeria eta erakundeetan erakutsi dira, besteak beste: Times Art Museum (Pekin), La Panacée (Montpellier), Gallerie delle Prigioni – Luciano Benetton Collections (Treviso), Somerset House (Londres), Musée Zadkine (Paris), Kunsthal Charlottenborg (Kopenhage), Künstlerhaus Wien (Viena), Kunsthal Aarhus (Aarhus), Palazzo delle Arti Napoli (Napoles), AMA | Art Museum of the Americas (Washington), French Institute of Athens (Atenas). AEE (Washington), Kayani Fundazioa (Beirut), Unicef Blue Dot (Atenas), One Happy Family (Lesbos) eta Louis Braille Museoa (Coupvray) bezalako erakundeekin ere lankidetzan aritu da, gizarte gaiei buruz sentsibilizatzen laguntzen duten eskala handiko instalazioak sortuz.