2023ko Iruñeko Erlijio-Musika Jaialdia: Madrilgo Ahots Baxuen Abesbatza

Pamplona/Iruña 2023(e)ko Martxoak 25
  • 2023ko Iruñeko Erlijio-Musika Jaialdia: Madrilgo Ahots Baxuen Abesbatza
  • 2023ko Iruñeko Erlijio-Musika Jaialdia: Madrilgo Ahots Baxuen Abesbatza

KARMELDAR OINUTSEN ELIZA. Martxoak 25, larunbata, 19: 30ean. ERLIJIO MUSIKAKO JAIALDIA: SAKRATU XX-XXI. MADRILGO AHOTS BAXUEN ABESBATZA. Zuzendaria: Juan Pablo de Juan.

Madrilgo Ahots Baxuek SAKRATU XX-XXI aurkezten dute, erlijio-musika suspertu eta forma berri garaikideen arabera eguneratu duten euskal musikarien azken belaunaldiei omenaldia egiten dien programa. Nemesio Otaño, Francisco Madina, Félix Zabala eta Lorenzo Ondarra izan ziren XX. mendean bide berriak ireki zituzten lehen berritzaileak, eta Javier Busto, Eva Ugalde, Josu Elberdin eta Junkal Guerrero egungo konpositoreekin batera, egungo abesbatzen abangoardian dagoen egiteko era baten erakusgarri dira.

Programa Nemesio Otañoren Christus factus est lanarekin hasiko dugu. Lorenzo Ondarra iruindarrak konposatutakoa ere interpretatuko dugu. Ondarrak Musika Sari Nazioanala irabazi zuen 1969an eta tradizioaren eta euskal musikaren abangoardiaren arteko zubia da. Bi partitura horietan ñabardura bakoitza oharrekin zedarrituta dago, eta argi uzten dute bi maisuek zer nahi zuten entzuleak sentitzea haien interpretazioa entzuntean. Idatzizko dinamikek atmosfera egokia sortzen dute erlijiosoaz gaindi egin eta entzulea bere espiritualtasunarekin lotzeko.

Madinaren musika estilo melodiko argi eta dotorea du ezaugarri. Antzinako armoniak berritzen ditu eta haietan bilatzen du bere adierazteko indarra. Agur Maria amabirjiñari egindako otoitz hunkigarria da, kontrastez betea. Dicit illis Pilatus lanak musikaz marrazten digu Jesus eta Pilatosen eszena, indar dramatiko harrigarri batekin.

“Olibondoen mendian egin zion otoitz aitari” dira Félix Zabalaren In Monte Oliveti obraren lehen hitzak. Eta honela jarraitzen du: “Aita, ahal bada, aldendu ezazu nigandik kaliza hau” Hurrengo egunetan iritsiko ziren gertaera guztietan garrantzia eztabaidaezina duen testu sakratua.

Soila, iluna, goibela denak ez du zertan borrokan egon behar edertasunarekin. Javier Busto maisuak erakusten digu lan ikusgarri honekin, non maisuki ateratzen baitu ahots grabeen noblezia obra osoan zehar hainbat doinurekin jolastuz, baita aste santuko Sevillako pausoei egindako keinu bat ere. Lau penitentzia-kantuek maisutasun handiz marrazten dute Kristoren nekaldia disonantziekin egindako jolasaren bidez, eta disonantzia horiek etengabe lerratzen dira bostun paraleloen milaka urteko jokabidean. Zalantzarik gabe, musikazko hamabost minutu horiek nor bere baitara biltzera eta norberarekin topo egitera gonbidatuko gaituzte, gogoari musikaren doinuarekin joaten utzita.

Arratsalde honetan Junkal Guerrero andoaindarrak ere zeresan handia izanen du Gure Aita zintzo eta ezin ederragoaren alde egindako apustua dela eta, zeinak berresten duen erlijio-musikak erlijiotasunaren kontzeptua gainditzen duela.

Eva Ugaldek bere lanen ezaugarri den kolore freskoa jarriko du Ave Maris Stella obrarekin, eta orduen liturgiaren ereserki ezaguna abestera gonbidatuko gaitu. Konpositoreak IX. mendeko testu anonimo hau bost minutuz luzatu du armonia konplexu bihurtzeko, eta hasierako monodia aletu, ahots-jaialdi bihurtzeko; ahotsak korrika dabiltza, batzuetan paraleloan, batzuetan kontrapuntuan, eta Maria amabirjinaren ohorezko homofonia eder batekin amaituko da.

Barrura bildu eta begiratzeko arratsalde hau Cantate Domino eder batekin amaituko dugu, Josu Elberdinek euskarazko goraipamen eder bihurtu zuena. Kanta Jaunari Kantu Berria honekin buru emanen diogu Madrilgo Ahots Baxuen kontzertuari, zeinaren bidez erlijio-musikaren edertasunaz gozatu eta elkarrekin hunkitu nahi izan baitute.
Raul Torrico

 

Madrilgo Ahots Baxuen abesbatza

Madrilgo Ahots Baxuen abesbatza 1995ean sortu zen gizonezkoen abesbatzetarako konposatutako errepertorioa berreskuratzeko egitasmo gisa, eta gaur egun berrogeita hamar kide ditu. Juan Pablo de Juanen zuzendaritzapean, kritikak gehien goraipatu eta entzuleek gehien txalotutako Espainiako abesbatzaetako bat bihurtu da.

Abesbatzak hogei sari baino gehiago jaso ditu nazioko eta nazioarteko lehiaketetan, eta aipatzekoak dira Genk (Belgika, 2022), Cork (Irlanda, 2017), Varna (Bulgaria, 2010) eta Torreviejan (2006, 2009, 2014) irabazitakoak. Berrehun eta hirurogeita hamar kontzertu baino gehiago eman dituzte, nazio eta nazioarteko izen handiko jaialdietara gonbidapenak eta irrati-telebistetarako emankizunak barne. Estatuko auditorio garrantzitsuenetan abestu dute, hala nola Valentziako Palau de la Músican, Teatro Monumentalean, Valladolideko Miguel Delibes Auditoriumean eta Teatros del Canalen.

Abesbatza moldakorra denez, musika-estilo eta programa berritzaileei ekiteko gai da, egungo erlijio-musika eta musika herrikoitik hasi eta lan sinfoniko-koral handietara. Maila handiko konposatzaileek obrak idatzi dituzte espresuki abesbatzarendako: Javier Busto, David Azurza, Eva Ugalde, Consuelo Díez, Pedro Villaroig, Rubén Díaz, Xavier Xarasola, Dante Andreo, Luis Muñoz eta José Luis Zamanillo, besteak beste.
Abestu dituzten lan handien artean nabarmentzen dira Xostakovitxen Babi Yar 13. Sinfonia, Vasily Petrenkoren zuzendaritzapean; Frank Liszten Requiemaren bertsio originalaren estrenaldia Espainian, Madrileko Komunitateko Erlijio-artearen jaialdiaren baitan, eta Cherubiniren Requiemaren bi organoendako bertsioaren estreinaldi autoekoiztua.

Antzerkiaren eremuan aipagarria da Helena Pimentak zuzendutako UR Antzerki Konpainiarekin egindako elkarlana Machbeth antzezteko estatuko antzerki-jaialdi nagusietan, baita “El Ángel Exterminador” eta “Moby Dick” antzerki-lanetarako musika-grabazioak ere.

 

Juan Pablo de Juan. Zuzendaria

Juan Pablo de Juanek Malagako Kontserbatorioan erdietsi zuen Goi Mailako Musika titulua, eta ondoren Madrilera jo zuen Kantu eta Orkestra zuzendari prestakuntza osatzera Goi Mailako Musikako Errege Kontserbatorioan; geroago atzerrian osatu zituen ikasketak Madrilgo komunitateko beka batekin. Abesbatzako zuzendari gisa aitortutako eskarmentua eta talentua direla eta, honako hauek prestatu eta zuzendu ditu: Donostiako Orfeoia, Melillako Polifonikoa, “Maestro Guridi” Abesbatza, “Eurolírica” Abesbatza, “Nabari” eta “SPES” taldeak eta egun zuzendari den Madrilgo Gazteen Abesbatza. Maiz jasotzen ditu eskariak Auditorio Nazionalak edo Madrilgo Errege Antzokiak antolatutako egitasmo sinfoniko-koralen musika-zuzendaritza egiteko. 2011ean zuzendari aktibo hautatu zuten Koru Musikaren Nazioarteko 9. Sinposioan (IFCM). Ikastaroak eta lantegiak eman ditu Granadako Unibertsitatean, Menéndez Pelayon eta Andaluziako Nazioartekoan, Euskadiko Abesbatzen Federazioan, Nafarroako Abesbatzen Federazioan eta Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionalean.

Zuzendari Onenaren Saria jaso zuen 2010ean Varnako (Bulgaria) Grand Prixean, 2014an Torreviejako “Habaneras y Polifonía” LX. nazioarteko Jaialdian, Villa de Rojaleseko Sehaska eta Gabon Kanten Lehiaketa Nazionalean (2016), eta Erromako “Musica Eterna” Nazioarteko Jaialdian (2017). 2016-2017ko ikasturtean Reina Sofía Goi Mailako Musika Eskolan Koruko departamentuko irakasle izan zen. 2019an Juan Pablo RTVEko Abesbatzako zuzendari titularra izan zen. 2005az geroztik Madrilgo Ahots Baxuen Abesbatza zuzentzen du.

 

PROGRAMA

SAKRATU XX-XXI

CHRISTUS
FACTUS EST
Nemesio Otaño (1880-1956)

AGUR MARIA
DICIT ILLIS PILATUS
Francisco Madina (1907-1972)

IN MONTE OLIVETI
Félix Zabala (1921-2013)

CHRISTUS FACTUS EST
Lorenzo Ondarra (1931-2012)

LAU PENITENTZIA-KANTU

De profundis clamavi

Christus factus est

Tristis est anima Ema

Tenebrae factae sunt
Javier Busto (1949-)

PATER NOSTER
Junkal Guerrero (1968-)

AVE MARIS STELLA
Eva Ugalde (1973-)

CANTATE DOMINO
Josu Elberdin (1976-)


Laburrean

  • Mota Kontzertua
  • Data 2023(e)ko Martxoak 25
  • Ordutegia19:30
  • LekuaIglesia de Nuestra Señora del Carmen Pp. Carmelitas
    Pamplona/Iruña
  • ZenbatekoaLibre, eserleku guztiak bete arte

Non