2014ko urtarrilean antzerki arineko lehen jardunaldiak egin ziren. Lehenengo urtean 2 edizio egin ziren, eta bigarren urtetik aurrera, urteroko hitzordua finkatu zen, udaberriarekin eta Aste Santuarekin batera. Publikoak eta antzezleek hain maite dituzten jardunaldi hauen hamargarren edizioa martxoaren 17tik apirilaren 9ra bitartean izango da.
Historia pixka bat eginez, 130 pieza baino gehiago ikusi ahal izan dira urte hauetan. Horietatik 90 estreinatu gabeak izan dira, jardunaldietarako berariaz sortuak; 19 gonbidatuak (jada estreinatuta zeudelako edo oinarriak betetzen ez zituztelako) eta 24 euskarazkoak (hirugarren edizioan Kriselu saria sortu zen, euskarazko lan onenaren saria, eta ordutik aurrera urtero egon da euskarazko antzerki laburra). Guztira 300 antzezle baino gehiago igaro dira jardunaldietatik (termino absolutuetan, bat gutxiago izango da, asko edizio bat baino gehiagotan etorri direlako).
Datu horiek jardunaldien arrakasta berresten dute, eta urteko hitzordu aipagarri gisa sendotuko dituzte, formatu txikiko antzerkiaren esparruan.
Hamargarren edizio honetan 16 estreinaldi absolutu eskainiko dira. Astebururo 4 pieza ikusi ahal izango dira (3 gazteleraz eta 1 euskaraz). Antzezlanak Pabellón 6an antzeztuko dira, eta emanaldiak ostiral eta larunbat arratsaldeetan (19:30etik aurrera) eta igandeetan (saio bikoitza), goizez (12:00etatik aurrera) eta arratsaldez (19:00etatik aurrera) izango dira.
Sarrerei dagokienez, bi bonu mota egongo dira. 2 piezako BONU ITXIAK jarriko ditugu salgai, 10 eurotan. Eta 4 piezako BONU ITXIAK 17 eurotan. 4 piezako BONUAK www.pabellon6.org webgunean eta txarteldegian erreserbatu ahal izango dira eta
2 piezako BONUAK emanaldiaren egunean bertan soilik leihatilan.
Jardunaldiak Pabellón 6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Elkarteak sustatzen ditu, Bilboko Udaleko Kultura Arloaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Café Bilbao / Tartean Teatroaren eta Pabellón 6 Antzerki Laborategiaren laguntzarekin.
Edizio honetan ere sari hauek banatuko dira: Alex Angulo Saria muntaia onenari (Bilboko Udalaren Kultura Sailaren dirulaguntzarekin), Kriselu Saria euskarazko lan onenari (Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin), “Café Bar Bilbao” – Tartean Teatroa Sari berezia, ekoizpenerako laguntza, Antzezle Onenaren Saria Pabellón 6 Antzerki Laborategiaren eskutik eta Publikoaren Saria.