Donostiako Jazzaldia 2021: Brad Mehldau Trio + Bill Frisell Trio

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko Uztailak 25
  • Donostiako Jazzaldia 2021: Brad Mehldau Trio + Bill Frisell Trio
  • Donostiako Jazzaldia 2021: Brad Mehldau Trio + Bill Frisell Trio

Donostiako Jazzaldia 2021

BRAD MEHLDAU TRIO

Brad Mehldau (pianoa), Larry Grenadier (kontrabaxua), Jeff Ballard (bateria)

Brad Mehldau bere belaunaldiko pianista ospetsuenetako bat da. Sentsibilitatea, dotorezia, berrikuntza, sofistikazioa eta indarra dira pianista estatubatuarraren nortasun musikala definitzeko balio duten hitzak.

Mehldauk musika klasikoko heziketa sendoa jaso zuen umetan, baina oso goiz garatu zuen Jazzarekiko interesa. Bere institutuko Jazz bandan parte hartu zuen, eta Berklee College ospetsuak saritu zuen. New Yorkeko New School for Social Research-en ikasi zuen Jazza, eta 1990eko hamarkadaren hasieran ekin zion bere karrera profesionalari.

Pianistak, konpositorea eta moldatzailea ere, bi aurpegi islatzen ditu bere musikan; inprobisatzaile handia da, bat-bateko ideia batetik, zuzenean eta denbora errealean adierazita, sor daitezkeen sorpresa eta harridura mimatu eta balioesten dituena; baina musikaren arkitektura formalak liluratutako musikaria ere bada. Dualtasun horren emaitza kaos kontrolatu bat da, ñabarduraz beteriko musika, iradokitzailea, narratiboa.

Jazzaldira lehen aldiz 1993an etorri zen pianista honek zazpigarren aldiz bisitatuko gaitu edizio honetan, eta hirukote batekin dator, aspaldi batez kolaboratzen aritu den bi musikarik lagunduta: Larry Grenadier, kontrabaxista miretsienetako bat; eta Jeff Ballard, edozein estilotara egokitzeko gai den bateria kamaleonikoa.

BILL FRISELL TRIO featuring Thomas Morgan and Rudy Royston

Bill Frisell (gitarra elektrikoa), Thomas Morgan (kontrabaxua), Rudy Royston (bateria)

Bill Frissell gitarrista eta konpositorea Baltimoren jaio zen 1951n, Denverren eman zuen haurtzaroa, University of Northern Colorado-n ikasi zuen musika, eta Bostoneko Berklee College of Music-en jarraitu zituen ikasketak. Harrezkero, gitarrista etengabe aritu da jotzen eta konposatzen, eta gitarristarik ezagunenetako bat eta musikaririk moldakorrenetako bat bilakatu da; gainera, gure garaiko inprobisatzaile berezi eta originalenetako bat da.

Charles Lloyd, John Zorn, Paul Motian, Elvis Costello, Paul Simon, Marianne Faithful, Lucinda Williams... artistekin lan egin du Frisellek, eta eragin oso desberdinak aitortzen ditu, besteak beste, Wes Montgomery, Thelonious Monk, Bob Dylan, Miles Davis, Jimi Hendrix, Paul Motian... Hori guztia bere musikan islatzen da, Jazz gisa etiketatu dezakegun arren, a priori bateraezinak diruditen estiloen eraginak jasotzen baititu: country, rock, pop, surf musika, elektronika atmosferikoa, bluegrass, Americana, folk...

Bere gitarrak argitasun berezi batez, berezko dotorezia batez egiten du soinu; soinu beroa du, betiere fraseatze pausatu bat sumatzen zaiona, oso antzemangarria, birtuosismo-alardeen beharrik gabe. Berezko trebetasuna du funtsik gabeko nota bakar bat ere ez sortzeko. Frisellentzat, "melodia uneoro mantentzea da garrantzitsuena".

Frissel 1995ean etorri zen Jazzaldira, Paul Motianen gitarrista gisa. Oraingoan, berriz, hirukote baten buru dela dator, Thomas Morganek kontrabaxuan eta Rudy Roystonek baterian lagunduta; musikari horiekin urteak daramatza elkarlanean, eta haiekin grabatu zuen, Lee Townsendek ekoiztuta, Valentine diskoa 2020an.

 

jazzaldia.eus

Laburrean

  • Mota Kontzertua
  • Data 2021(e)ko Uztailak 25
  • Ordutegia20:00
  • LekuaTrinitate Plaza Keler
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaSarrerak agortuta

Non

  • Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco. GeoEuskadiOtros...

    Source: Esri, DigitalGlobe, GeoEye, Earthstar Geographics, CNES/Airbus DS, USDA, USGS, AeroGRID, IGN, and the GIS User

  • Ver localización en GoogleMaps