Cécile McLorin Salvant (ahotsa), Sullivan Fortner (pianoa)
Ama frantsesa du, Guadalupen jatorria duena eta Tunisian jaioa; aita haitiarra du, eta bera, Cécile McLorin Salvant, Floridan jaio zen. Bere etxean frantsesa hitz egiten zen, eta Senegal, Cabo Verde, Karibe, Ipar eta Hego Amerikako musika entzuten zen… 5 urterekin piano klasikoko ikasketak hasi zituen eta 18 urterekin Frantziara joan nahi izan zuen, baita joan ere, Zuzenbidea ikastera. Bertan, 2007an, bere amak aholkatuta, Jazz, kantu liriko eta barroko klaseetan izena eman zuen Darius Milhaud kontserbatorioan. 2010ean, oraindik kontserbatorioan zegoela, Thelonious Monk International Jazz Competition ospetsua irabazi zuen, eta ordutik hiru Grammy sari eman dizkiote Jazz Disko Bokal Onenari, eta mundu osoan txalotu dute publikoak eta kritikak.
Cécile McLorin Salvant, konpositorea ere, eta, gaztea izan arren, Jazzaren ahotsik onenetarikoa da gaur egun. Ahots paregabea du, eta zurrunbilo artistiko bat da bera: ausarta, adoretsua, freskoa, irudimentsua, asmamen handikoa, sofistikatua, dibertigarria, burutsua, zintzoa...
Abeslari estatubatuarrak bi kontzertu zoragarri eskaini zizkigun 2018ko Donostiako Jazzaldian, eta, Sullivan Fortner pianistak lagunduta, Jazzaldira itzuliko da bere azken diskoa aurkeztera: The Window. Disko honetan, bi musikariek arakatu eta hedatu egiten dute pianoa/ahotsa duoaren tradizioa eta bere aukera espresiboak, denborarekin, harmoniarekin, melodiarekin eta esaldiekin askatasunez inprobisatuz eta jolastuz.
KONTZERTUA + AFARIA:
Chillida Lekuko kontzertuaren ondoren afari zerbitzu bat eskainiko da (aldez aurretik erreserbatu beharrekoa). Menua ikusi nahi baduzu sakatu HEMEN.
Donostia Kulturako bazkideen, 30 urtetik beherakoen, pentsiodunen eta 65 urtetik gorakoen eta langabezian dauden pertsonen deskontuak ez dira aplikagarriak kontzertu + afari honetan.
Chillida Lekuko kontzertura joateko argibideak HEMEN.