VI. Benito Ansola Sarietara ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko deialdia zabalik

Online 2021(e)ko ekainaren 22(e)tik 2021(e)ko irailaren 19(e)ra
  • VI. Benito Ansola Sarietara ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko deialdia zabalik

Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak irailaren 19ra bitarte ireki dute euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizteko VI. Benito Ansola sarian proiektuak aurkezteko aukera. 18 eta 36 urte bitarteko gazteei bideratutako 3.000 euroko saria irabazteaz gain, lan irabazlea 2022ko Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinatuko da jendeaurrean.

Deialdi honetara disziplina ezberdinetako ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) gauzatzeko proiektuak aurkeztu daitezke baina originalak izan behar dira, hau da, inon argitaratu ez direnak ezta beste inondik moldatuak ez direnak. Horretarako, lehiaketaren oinarrietan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte parte-hartzaileek eta aurkezten dituzten lanek.

Jasotako lan guztiak zuzendari profesional bik baloratuko dituzte eta hemendik  hiru finalista izendatuko dituzte urte honetako 44. Euskal Zine Bilera jaialdiaren barruan proiektuen aurkezpenak egiteko bideo-dei bidez. Jaialdiaren itxiera ekitaldian iragarriko da VI. Benito Ansola sariaren lan irabazlea. Izendapen honetatik 10 hilabeteko epea izango du irabazleak bere ikus-entzunezko proiektua gauzatzeko.

Sari honek, euskal kultura zabaldu eta sortzaile gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzea da. Xede horretan bat datoz ekimenaren sustatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz.

Benito Ansola sariei buruzko informazio guztia hemen

 

topagunea.eus

Laburrean