Bilbao Musika Eskola Kalean 2021

Bilbao 2021(e)ko ekainaren 15(e)tik 2021(e)ko ekainaren 21(e)ra
  • Bilbao Musika Eskola Kalean 2021

  • Kontzertuak ekainaren 15, 16, 17 eta 21ean izango dira Areatzako aterpeetan, Kioskoan eta Euskal Museoan. Oso aukera berezia izango da ikasturte honetan ikasitako guztia jendaurrean erakusteko eta ikasleen, irakasleen, familien eta publikoaren arteko harremana berreskuratzeko.
  • Programazio guztia Bilbao Musikaren webgunean dago argitaratuta, eta gailu mugikorretan deskargatu ahal izango da, agertoki bakoitzean ikusleen eskura jarriko diren QR kodeen bidez.

Ikasturte honetan ikasleek ia ezin izan dute eskolako lana eta ikasitakoa jendaurrean erakusteko kontzertu eta entzunaldirik egin. Hala, Bilbao Musika Eskolak kontzertuen programa berezi bat antolatu du kalean, ikasleen, irakasleen, familien eta ikusleen arteko harremana berreskuratzeko helburuarekin.

Ekainaren 21ean, Musikaren Europako Eguna ospatzen da urtero. Bere helburu nagusia da musikako profesionalak kalera irtetea beren musika publikoarekin partekatzeko eta, horrela, beren arteaz doan gozatzeko aukera ematea, estiloak, hierarkiak eta jatorriak kontuan hartu gabe. Xede horri eutsiz, Bilbao Musikako Musika Eskolak entzunaldi eta kontzertu desberdinak eskainiko ditu hiriko zenbait gunetan. Musika emanaldiak ekainaren 15, 16, 17 eta 21ean izango dira Euskal Museoan eta Areatzako Kioskoan eta aterpeetan. Ikasturte honetan hobetu eta ikasi dutena jendaurrean erakusteko aukera ezin hobea izango da.

Programazioari dagokionez, gaur, ekainak 15, arratsaldeko 17:00etan hasiko dira kontzertuak Areatzako aterpeetan, piano, trikitixa, saxofoi eta flauta ikasleen emanaldiekin, besteak beste. Ordubete beranduago, 18:00etan, Areatzako Kioskoan, Haurren Korua, Gazteen Korua, Orkestra Txikia, Banda Txikia, Banda Gaztea, Nagusien Banda, fanfarrea, Alboko Taldea, Txistu Taldea, Gaita Taldea, Hamaika Buru Txistu Taldea eta Trikitrixa arituko dira.

Asteazkenean, hilaren 16an, 17:00etatik aurrera, pianoa, biolina, biola eta tronpa izango dira entzungai, baita Junior eta Senior orkestren emanaldiak ere. Ekainaren 17an, osteguna, Euskal Museora joango dira ikasleak, eta 17:30etik aurrera, besteak beste, klarinete, akordeoi, gitarra edo piano taldeek ikasturtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute jendaurrean. 18:00etan, Areatzako Kioskoan, Konboen txanda izango da, eta The Policerenn "Every Little Thing She Does is magic", Dire Straitsen "Walk of Life", Black Sabbathen "War Pigs", Audioslaveren "Like a Stone", Arcade Fireren "Wake Up", The Cramberries taldearen “The Animal Instinct” edo Hertzainaken “Ta zer ez da berdin” bezalako abestiak entzun ahal izango dira, besteak beste. Inprobisazio Tailerreko Taldea eta Big Banda izango dira arratsaldeko beste protagonistetako batzuk.

Amaitzeko, ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, kontzertuak 18:00etan hasiko dira, berriz ere Euskal Museoan, gitarra, piano, kantu, akordeoi eta biola ikasleen interpretazioekin. Ahotsak Abesbatzak eta Barroc Taldeak ere parte hartuko dute saioan. Bukatzeko, eta emanaldien asteari amaiera borobila emateko, Kantu Modernoko ikasleek, Orkestrak, Big Sax eta Big Band-ak hogei bat abesti joko dituzte, 18:30etatik aurrera Areatzako Kioskoan.

Kontzertu guztietako programak Bilbao Musikaren web-orriko agendan argitaratuta daude, eta gailu mugikorretan deskargatu ahal izango dira agertoki bakoitzean ikusleen eskura jarriko diren QR kodeen bidez.

Hitzordu guztiek kutsatzeei aurre egiteko protokoloak ezarritako segurtasun-baldintza eta -neurri guztiak beteko dituzte, eta espazio kultural seguruak eskainiko zaizkie Bilboko herritarrei.

 

Bilboko Udala

Laburrean

  • Mota Kontzertua
  • Data 2021(e)ko ekainaren 15(e)tik 2021(e)ko ekainaren 21(e)ra
  • LekuaAreatzako aterpeetan, Kioskoan eta Euskal Museoan
    Bilbao

Non

  • Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco. GeoEuskadiOtros...

    Source: Esri, DigitalGlobe, GeoEye, Earthstar Geographics, CNES/Airbus DS, USDA, USGS, AeroGRID, IGN, and the GIS User

  • Ver localización en GoogleMaps