Juan Luis Perez Mitxelenak ‘Petti’ izenez aurkezten du bere burua musikaren munduan. Duela 21 urte atera zuen bere lehen diskoa, eta Manipulazio estrategiak hamahirugarrena du. Bide horretan, estilo ugari landu ditu, eta nortasun handiko kantutegia osatu du. Bere ezaugarri bereizgarriak erraietatik sortzen zaion ahotsa eta gitarra jotzeko trebezia dira.
Pentsamendua, poesia eta doinua; hirurak batzen ditu Pettiren azken proiektuak. Hain zuzen, komunikabideek gizartea manipulatzeko erabiltzen dituen estrategiak identifikatu zituen Noam Chomskyk. Gogoeta horiek bere egin, alanbikatu, eta hitz eta musika bihurtu dituzte Harkaitz Cano idazleak eta Pettik.