Anthony Kmeid | Cataluña
“Los papeles”
Ekainak 5 eta 6a, 19:00 ANTZERKIA
Bide luzea dago Beirutetik Bartzelonara, debekutik ihesi, irudikatutako utopia baterantz.
X-k maitasun harreman bat dauka; ez morala, ez legezkoa, bere pentsamenduak debekatuta dauden leku batean. Bera eta bere maitea handik irteteko, paper asko lortu beharko dituzte. 1. Papera:
Erreprimitutako sexualitatea sinesmen dogmatikoen mendeko gizarte batean, edozein dibergentzia kondenatua den lekuan.
X-k ihes egiteko beharra dauka, sentimendu organiko bat adierazi beharra. Horrek aurreiritzi eta diskriminaziorik gabeko Europa idealizatuan pentsatzera darama.
Beste gerra bat hasi da, eta X eta bere bikotea Espainiara emigratzen saiatuko dira.
Performance hau emigrazio-prozesuan eta ia ezinezko diren baldintza burokratikoetan zentratzen da. Izan ere, Europako edozein enbaxadak baldintza horiek eskatzen dizkie pertsona batzuei, egoitza-baimena ematerako orduan.
Anthony Kmeid Libanoko bideografo eta performerra da. Zipren jaio zen, 1989an, bere familia bertan babestu baitzen, gerra zibiletik ihesi.
Libanon hazi zen, eta bere eremu erlijiosoak trabak jarri zizkion bere pasioari: dantza. Horregatik, dantza klasikoa eta areto-dantzak baino ezin izan zituen ikasi, etenaldiekin hori ere. Trabak traba, 2003an areto-dantzen txapelketa irabazi zuen Libanon, eta profesional moduan aritu zen Caracalla, Rahbani eta Sami el Hajj taldeetan.
2010ean ikus-entzunezkoen karrera bukatu zuen, Beiruten (ALBA). Bideogintzak komunikatzeko modu berri bat zabaldu zion. Bere lanaren bidez, izaera kritikoa garatu du, eta bere nortasun etniko eta genero nortasunarekiko talka etengabean egon da. Tamalez, zentsuraren eta egoera politikoaren ondorioz, Parisera aldatu behar izan zen. Bertan, zinema-zuzendaritza arloko master bat egin zuen (EICAR).
2014an, Bartzelonan, Gorputz Antzerki Dramatikoaren inguruko bi urteko ikastaroa egin zuen Laboratorio Escuela zentroan, Jessica Walkerren zuzendaritzapean. Bertan, geruzak kentzen eta debekatua izan zitzaiona libreki adierazten ikasi zuen; eszenatokian presente egotearen sentsazioa eta bere ezagutzak fusionatzeko askatasuna landu zituen.
Gaur egun, antzerki-eszena eta eszena zinematografikoa fusionatzeko bideak aztertzen ari da, “Los papeles” lanarekin. Antzerki korporala ardatz duen lan horrek Erdialdeko Ekialdean nortasun sexualaren gaiak duen egoeraren inguruan hausnartzen du.