Udan Bai! - Barakaldoko 2021eko udako kultur egitaraua
BIC Bizkaia Ezkerraldeak Rafael Cantera Artiguez artista barakaldarraren Memoria eskultura erakusketa hartuko du ekainaren 30era arte. Pieza eskultoriko eta piktorikoen bilduma da, eta langilearen irudia aldarrikatu gura du, ez soilik borrokalari gisa, baita aberastasuna sortzen duen metalaren artisau gisa ere.
Artistaren bizitza eta jarduera burdinarekin estu lotuta egon da eta dago. Lehenik, Ezkerraldeko metalaren sektoreko langile gisa; eta, orain, artista gisa, BIC Bizkaia Ezkerraldean inauguratu den erakusketan ikus daitekeen bezala, bere lana, eskultura zein pintura, azidoarekin tratatutako txapa bezalako materialetan oinarritzen du. Kartoizko, zeramikazko eta metakrilatozko pieza batzuk ere biltzen ditu erakusketak, eta baita zinkezko eta letoizko xaflen gaineko akuaforteak ere.
Erakusketa datorren ekainaren 30era arte egongo da zabalik Ilgner eraikinean, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez eta asteburuetan aldez aurretik artistari berari deituta (688.61.71.52).