Ikuskizunaren informazioa (pdf)
Frontona ikuskizuna eskainiko da datorren larunbatean, hilaren 20an, Gurea pilotalekuan. Hitzordua Arteolaren eskutik izango da arratsaldeko 19:00etan eta sarrerak salgai daude www.entradium.com atarian, bost eurotan.
Antzezlanaren zuzendari Iñaki Urruzolaren esanetan, kultura herrigunera eraman eta kulturarekiko interesa eragiteko asmoz sortutako ikuskizuna da Frontona. “Ohiko partidua jokatuko da kantxan, 22 tantotara. Bi neska pilotarik jokatuko dute. Kontrakantxan beste hainbat pertsonaia egongo dira, artekaria, epailea, ETBko esataria...” eta “publikoa ere antzezlanaren parte bilakatzen da”. Umorea da antzezlanaren osagai garrantzitsuena.
Euskal kultura helburu, ikuslea abiapuntu, kantxan jokoa eta kontrakantxan jolasa izango dira nagusi. 22 tanto, 22 galdera, 22 erantzun.
Pandemia aurretik hasi ziren ikuskizuna eskaintzen, baina Covid-19aren ondorioz, eten egin behar izan zituzten aurreikuspenak. “Aurretik auzoetan eta ikastola batean ere aurkeztu genuen antzezlana, baina etenaldiaren ostean, saltotxo bat ematea erabaki dugu eta herriz herri hastea”. Orain arteko esperientzia ona izan da eta aurrerantzean ere horrela izatea espero du.