Bilboko Udalak BILBAOPOESIA Literatur Jaialdiaren XXII. edizioa ospatuko du martxoaren 15etik 24ra.
Jaialdi hau Bidebarrietako Liburutegian egingo da “Berriz Aireratu” lelopean, pandemiak bertan behera utzitako lehen udal-programetako bat bihurtu eta urtebetera. Edizio berri honetan, Udalak azken hilabeteetako lan ildo berari jarraitu dio: tokiko kulturari laguntzea, gaur egungo egoerak gehien zigortu duen sektoreetako bat baita. Horregatik, jaialdian parte hartuko duten izenen artean, tokiko talentuaren gehiengoa nabarmentzen da.
Horrela, aurten ere, Bidebarrieta Kulturgunean, Bidebarrieta Liburutegiaren barruan, letren eta musikaren munduan erreferentzia diren 30 izen baino gehiago izango dira.
Egitaraua
BILBAOPOESIA martxoaren 15ean (astelehena) hasiko da, BLAS DE OTERO (Bilbo, 1916) jaiotzearen urteurrenarekin batera. Lehen hitzordu honetan, “Mediobiografía” izenburupean, Blas de Oteroren beraren prosa eta bertsoko testuak biltzen dituen ekoizpen propioaz gozatu ahal izango da. Irakurketa Emilio Gutiérrez Cabaren eskutik etorriko da, eta ekitaldian, Cecilia Lavilla Berganza eta Miguel Ituarte getxotarra pianoan lagun izango ditu.
Hilaren 16an, “Abere ba Ulu ala ele” poesia-emanaldi musikalizatuaren txanda izango da. Bertan, Bigara (Itziar Aranburu eta Jon Ander García), Amorante eta Okene Abrego arituko dira. Gainera, Zazpi t’erdi + Bigara emanaldia animatuko dute. Loraldiarekin batera antolatutako proposamena da hau.
Manuel Vilas, Karmelo Iribarren eta Juanra Madariaga izango dira protagonista asteazkenean, hilak 17, izango den “Reencuentros” izeneko hitzorduan. Bertan, Iribarren eta Vilasek 2019an Visor poesia-zigiluarekin argitaratu zituzten antologietatik berreskuratutako poema berriak eta beste batzuk irakurriko dira.
Martxoaren 18an, ostegunean, Rosana Acquaroni eta Isabel Bono poetek, Pepo Paz Saz editorearekin batera, poesiaren sentimenduaren zentzuaz eta beharraz hitz egingo dute. Poemen irakurketa eta elkarrizketa tartekatuko dituzte.
Poesia errezitaldiek beste egun batez beteko dute Bidebarrietako Liburutegia. Hala, larunbatean, hilak 20, Marta Sanzen eta Bernardo Atxagaren txanda izango da. Udane Goikoetxea kazetariaren gidaritzapean, naturari bere lanean, poetikan zein narrazioan, ematen dioten garrantzia azalduko dute. Irakurketarekin batera, Jou Gonzalezek hainbat musika pieza interpretatuko ditu.
Astelehenean, hilak 22, egungo poesia eszenako lau emakumek hartuko dute hitza: Leire Bilbao, Itziar Minguez, Beatriz Chivite eta Julia Piera. Asko dira lau poetek jasotako sariak: poesia eta narratiba sariak. Gainera, Beatriz Chiviteren kasua nabarmentzen da, Bilboko Udalak antolatutako Blas de Otero – Bilbo Hiria 2016. urteko Poesia sariaren irabazlea izan zen.
Asteartean, hilak 23, Loraldiaren laguntzarekin, BILBAOPOESIAk “Gaztelondo zer berri. Etxahun” emanaldia eskainiko du. Mikel Etxekoparren musikarekin, Dominika Rekalt-en testu eta ahotsarekin, Pierre Vissler-en soinu-grabazioekin eta Jean Christian Galtxetabururen perkusioekin.
Beste ekoizpen propio batek itxiko du aurtengo BILBAOPOESIA. Hilaren 24an, José Fernández de la Sotak 2020an argitaratutako azken liburuko olerkiak irakurriko ditu, Euskadin Sari ugari jaso dituenak. Pianoan, José Luis Canal izango du lagun.
Hitzordu guztiak 19:00etan izango dira.
MUSIKA ZUZENEAN
Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoa zuzeneko musikaren babesleku bihurtu da azken hilabeteetan, hiriko programazioa betetzen joan diren proposamenekin. Hala, BILBAOPOESIAra aurten ere bi artistak Bidebarrietako eszenatokira ekarriko dute euren proposamena: Nacho Vegas madrildarrak eta Mallabiko Izarok.
Nacho Vegas BILBAOPOESIAn izango da martxoaren 19an, eta, ekitaldiaren izaerara egokituz, bere ibilbide musikala errepasatzeaz gain, berak sinatutako hainbat poema errezitatuko ditu. Estatuko musika-eszenako talentu bikainenetakoa da Vegas. Bere arrakastaren gakoetako bat letren kalitate emozionala da, bere burua azaltzeko, bere grinak ezagutarazteko eta bere krisi intimoenak ezagutarazteko beharrarekin obsesionatutako kontzientzia baten adierazpenak; barne-mundu batek gainezka eginda, bizitza eta literatura eremu indibidual eta kolektiboekin uztartzen baitira.
Izaro gaur egungo uneko euskal artistetako bat da. 2020an “Limones en Invierno” kaleratu zuen, eta, horrekin, “Ez dago sarrerarik” kartela jarri du Kursaal Auditorioan, Euskalduna Jauregian edo Victoria Eugenia antzokian. Bidebarrietan izango da zuzenean, martxoaren 21ean, igandea, Poesiaren Nazioarteko Egunean. Bere ondoan, bere taldea izango du, Iker Laurobak eta Garazi Esnaolak osatua.
SEGURTASUN NEURRIAK
Egungo egoeraren ondoriozko segurtasun neurriak direla eta, ekitaldi-aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, bertaratutakoak beren aulkietan egokitzeko. Une bakoitzean indarra duten babes eta higiene neurriak zorrotz beteko dira. Era berean, ekitaldia egiten den bitartean maskara erabili beharko da.
Martxoaren 15eko hitzorduak – “Mediobiografia. Blas de Otero eguna”-; martxoaren 19a – Nacho Vegasen kontzertua -; eta martxoaren 21ekoa –Izaroren kontzertua– salgai daude dagoeneko 5 euroko prezioan www.bilbaokultura.eus webgunean.
BILBAOPOESIA programazioaren gainontzekoa doan da, gonbitarekin, eta dagoeneko eskuragarri daude web orri horretan bertan. Joaterik ez badago, streaming bidez ikusi ahal izango dira www.kulturguneatb.eus webgunean.
#BILBAOPOESIA2021
BILBAOPOESIA Bilboko Udalak duela hogei urte baino gehiagotik Bidebarrieta Kulturgunean antolatzen duen poesiari eskainitako literatur jaialdia da. Bilbok urtero poesiarekin egiten duen topaketa handiak hogeita bigarren edizioa ospatuko du aurten. Udal Jaialdi honek El Correo, Metro Bilbao eta Ikei Group Comunicación ditu laguntzaile.