Bilboko Udal Musika Bandak azaroaren 22an (igandea) emango duen kontzertuan kultura garaikideko musika-bandak indartzearen alde lan egin duten eta lan egiten duten pertsonak omendu nahi dira.
Hortaz, Bilboko bandarekin harremana izan duten edota antzeko taldeetan lan egiten duten zuzendariak gonbidatu dira: Alberto García Espina, Barakaldoko Udal Bandako zuzendari titularra, eta J. Vicent Egea Insa, Iruñeko "La Pamplonesa" bandako zuzendaria.
Batuta bikoitzaren bitartez, hortaz, Alberto García Espina eta J. Vicent Egea zuzendari gonbidatuek 12:00etatik aurrera "Euskal Herriko batutak I" izeneko kontzertua eskainiko dute, zeinetan Hazoren "Arabesque", Brotonsen 6. Sinfonia "Concisa"-ren "Passacaglia i Finale" eta Egearen "Suite Céltica" entzungo diren.
Barakaldoko zuzendariaren eskutik, egungo errepertorioko bi obra interpretatuko ditu bandak. Hasteko, Samuel R. Hazo maisu iparramerikarraren "Arabesque" obra entzungo da. Autoreak hainbat sari irabazi ditu, hala nola William D. Revelli Compositor Award eta bere partitura Ekialde Hurbiletik bere aitona-amonen jaioterritik, etorritako arbasoei egindako omenaldia da. Jarraitzeko Salvador Brotonsen 6. Sinfonía "Concisa"-ren "Passacaglia" eta "Finale" entzungo da. Brotons XX. mende amaierako eta XXI. mende hasierako Kataluniako musikako pertsonaia garrantzitsuenetako bat da.
Azkenik, batuta Egea maisuaren eskuetara pasako da, zeinak bere konposizioetako bat eskainiko duen: "Suite Céltica". Egeak 1999an Galiziako Musika Banden Federazioaren Konposizio Lehiaketa irabazi zuen.
Sarrerek 5 euroko prezio herrikoia izango dute (salgai Arriaga Antzokiko txarteldegietan eta webgunean edota Kutxabankeko zerbitzu anitzeko kutxazainetan). 65 urte baino gehiagoko pertsona, erretiratu, pentsiodunek eta Gazte-txartelaren jabeek (14 eta 29 urte artekoak) deskontuak izango dituzte sarrerak erosterakoan. Kolektibo hauetako pertsona bakoitzak 2 sarrera erosi ahal izango ditu, 4 eurotan bakoitza. Hauek zenbakidunak izango dira, ikusleek gustuko eserlekuak hautatzeko aukera izan dezaten.
Kontzertu honen ondoren, Banda abenduaren 1ean itzuliko da Arriaga Antzokiko eszenatokira Euskal Herriko batutak kontzertuaren bigarren zatiarekin. Okasio honetan, batuta hiru zuzendariren eskutan egongo da, besteak beste: Iñaki Urkizu, bandaren zuzendariordea; Iker Sánchez eta Hilario Extremiana. Horien agindupean, 19etatik aurrera honakoak entzungo dira: Barnesen , "Symphonic Overture", Horowitzen "Dance Suite", Kayren "Western Symphony-Saturday Night", Tichelliren "Postcard", Persichettiren "Divertimento for Band" eta erabateko estreinadi bat, Lekueren "Zaraitzu".
PROGRAMARAKO OHARRAK (J. RAFAEL PASCUAL-VILAPLANA)
Bilboko udal musika Bandaren 125. urteurrenean, musika-banden mundua omendu nahi genuen, gure erakundearekin harremana izan duten edo gurearen antzeko taldeetan lan egiten duten zuzendariak gonbidatuz. Horrela, gaurko kontzertuan, Euskal Herriko banda profesionaletako bi zuzendari titular ditugu. Alberto García Espina maisua, Barakaldoko Udal Bandako zuzendari titularra, eta J. Vicent Egea Insa maisua, Iruñeko "La Pamplonesa" bandako zuzendaria.
Barakaldoko zuzendariaren eskutik, egungo errepertorioko bi obra interpretatuko ditugu. Lehenengoa Samuel R. Hazo (Pittsburgh, 1966) maisu iparramerikarraren konposizio bat da. Musikagile ospetsua eta musika-banden munduan aritzen den unibertsitateko irakaslea da, eta hainbat sari irabazi ditu, hala nola William D. Revelli Compositor Award. Bere partitura Arabesque Ekialde Hurbiletik, bai Libiatik, bai Siriatik, bere aitona-amonen jaioterritik, etorritako arbasoei egindako omenaldia da. Partitura hiru zatitan banatzen da: Taqasimek arabiar musika folklorikoaren inprobisazioaren munduan sartzen gaitu; Dabkak ezkontza-zeremonietan erabiltzen diren dantza tradizionaletara hurbilduko gaitu; eta azkenik, Coralak aurreko gaien aldaketa hunkigarria aurkeztuko digu. Hazoren beraren hitzetan: "Batzuetan, konposizioan, musika bihotzetik dator, beste batzuetan burutik, eta batzuetan (kasu honetan bezala) zure odolean dago".
Salvador Brotons (Bartzelona, 1959), zalantzarik gabe, XX. mende amaierako eta XXI. mende hasierako Kataluniako musikako pertsonaia garrantzitsuenetako bat da. Orkestra-zuzendari eta konpositore gisa egindako lanak nazioarteko sariak eta ekoizpenak ekarri dizkio, eta Bartzelonako Udal Bandako zuzendari titular gisa (2008-2018) egindako etapa nabarmendu behar da. 2011n, Castelló de la Riberako (Valentzia) La Lira Castellonera Banda Simfonikoaren enkarguz, 6. Sinfonia (op.112) idatzi zuen, "Zehatza" izenekoa. Partitura bat sei zatitan banatuta dago, kanpoko programarik gabea eta musika huts bezala sortua, eta bere azken bi mugimenduak entzungo ditugu: Passacaglia eta Finale. Orkestra-tentsioaren bidez lotuta, haize- eta perkusio-orkestra baten ahalmen tinbrikoaren alegoria dira.
Kontzertua Egea maisuaren gidaritzapean amaituko da, zeinak bere konposizioetako bat eskainiko baitigu. Zehazki, "Suite Céltica", 1999an Galiziako Musika Banden Federazioaren Konposizio Lehiaketa irabazi zuena. Horren hiru mugimenduek argi eta garbi adierazten dute bat egiten dutela folklorearen eraginarekin eta egilearen berezko hizkuntzarekin, harmonia hedatuetatik hasi eta orkestrazioen kolorismoraino eta erritmoarekiko grina eta bere etengabeko mutazioetaraino.
ESKUKO PROGRAMA [PDF - 623 KB]