"Odisea"

  • "Odisea"

Balea Zuria argitaletxeak Homeroren Odisea -ren itzulpena argitaratu du, Matías Múgicak osorik eta neurtitzetan euskaratua. 

Hemen dituzue, aurrerapen gisa, Odisearen lehen ahapaldiak.

 

Mila amarruko gizona, Musa, konta zadazu,
munduan ibili zena luzaro lekuz leku,
Troiako hiri santua zuenean urratu.
Gizon askoren hiriak ezagutu zituen,
haien ohiturak ikasi, bai eta bihotzean
asko neke ere sufritu pontoaren gainean,
lehian zebilela bere bizitza salbatzeko
eta lagunak etxera onik eramateko.
Ezin, nahi izanagatik, salbatu izan zituen:
Beren erruz galdu ziren, ero tristeak, zeren
Hiperion Eguzkiren behiak jan baitzituzten,
bai eta hark ere, orduan, itzul-eguna kendu.
Hori, partez behintzat, Musa, guri ere kontatu.

Ordurako etxean ziren jadaneko besteak,
heriotzaren lezetik salbatu ziren denak,
gerra eta itsasotik bizirik atereak.
Ulises, berriz, bakarra, bere etxea ta andrea
ikusteko luzetsia, andre ninfa Kalipso,
jainkosen jainkosak zeukan bere harpean preso,
esperantzaz hura, noizbait, senarra izateko.
Urteak joan ta etorri, iritsi zen eguna
Ulises etxeratzeko jainkoek haritua
Itakara, eta etxean izan arren, ez zuen
han ere lanik faltako. Hortaz, jainko guztiak
urrikaltzen zitzaizkion; ez Poseidon, ordea,
ez baitzitzaion atertu harenganako herra
Ulises iritsi arte, noizbait, bere lurrera.


En breve

  • Autoría Matías Múgica, Homero
  • EditorialBalea Zuria
  • Precio34,50 €
  • IdiomaEuskera
  • Número de páginas504
  • Año de publicación2025
  • ISBN978-84-129292-1-8
  • AdquirirCompra