"Frantziako Dama"

  • "Frantziako Dama"

Frantziako Dama da Jose Carlos Torre marrazkilari bilbotarrak eta Alvaro Rabelli idazle basauritarrak orain arte elkarrekin egin duten komiki argitalpenik luzeena, Frantziako Andrea izeneko euskal balada ezaguna eleberri grafikora ekarri diguna.

Ahozko tradiziotik datorren balada honen bertsoak Bizkaiko Zeanuri herrian jaso zituen Manuel Lekuonak, eta 1933ko Anuario de Eusko Folklore delako aldizkarian lehen aldiz agertu ziren. Bada, egile bizkaitar biak bertsootan oinarritu dira Frantziako Dama albuma egiteko. Edonola ere, baladatik harago, giroa eta pertsonaiak sakonago jorratu nahi izan dituzte, lanak narratibotasunean ere irabaz zezan. Ikuspegi berritzailea ere eman nahi izan diote Erdi Aroaren amaieran girotutako istorio honi, emakumezko pertsonaiei garrantzi handiagoa emanez. Hori dela eta, jatorrizko bertsoetan agertzen ez diren zenbait pasarte landu dituzte. Nabarmentzekoa ere bada Letizia Gaspar margolariak egindako hitzaurrea. Frantziako Dama honek, jatorrizko bertsoetan bezala, istorio lazgarria dakar, dramatikoa. Etxera itzultzen den zaldun batek emaztegaia hil beharko du amaren aginduz. Tragedia, amodioa, gorrotoa, mendekua eta damua ez dira falta Erdi Aroko istorio klasiko honetan.

Egileak

Alvaro Rabelli (Basauri, 1969). Literaturaren Historian eta Literatur Konparatuan Doktorea da. Zeanurin bizi da. Kolaborazio ugari eginak ditu komunikabide askotan (Begitu, RumblE!!, Idatz & Mintz, Argia, El País, Deia, Pérgola, Euskaldunon Egunkaria...) maizetan euskal literatura hizpide duela. Kritika literarioa jorratzen duten saio eta artikuluez gain, bereak ere badira: Egurrezko hankak (2006) ipuin antologia, Odisea (2006) album ilustratua, Saguzarren Profhezia (2014) kontaera ilustratua, Ispilua (2001), Euskara teknikaria aurretik zein atzetik (2006), Neska lizun baten lau urtaroak (2006), Triangelu ekilateroa (2006), Borreroaren gutiziak (2012) kontakizun erotikoak eta Ustezko fikzioak (2018) ipuin laburren antologia. Baita ere Naia. Chinatown inguruan (2013), Naia. India gorrietan (2014) eta Naia. Eskultore itsua (2018) polizia eleberri laburrak.

Jose Carlos Torre (Bilbo, 1977). Arte Ederretan Doktorea. Irakasle eta ikertzailea da UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatean. RumblE!! komiki eta ilustrazio aldizkariko zuzendaria 2009. urtetik 2017. urtera arte, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren laguntzari esker. Argitaratu dituen lanen artean nabarmenak dira Pablo baserritarraren abenturak (2016) eta Ustezko fikzioak ipuin liburua (2018). Kolaboratzaile legez aipagarriak dira La Gallina Vasca, Ekintza Zuzena eta El Balanzín aldizkarietan  egindako marrazki lanak. Halaber, Jon Kortazarrek koordinatutako liburuetan egindako artikuluak: Pott Banda. Ekilibrista Bihotza (2017) eta Bridge/Zubia. Imágenes de la relación cultural entre el País Vasco y Estados Unidos (2019). Bere lehenengo bakarkako liburua argitaratu du El Gallo de Oro argitaletxearekin: Bilbao Gloria Mundi (2021). Juan Carlos Eguillorren omenetan Bilboko Plaza Berrian instalatutako "Bilboko memoria marraztu zuen artista" mural erraldoiaren lantaldean aritu zen (2018). 2017tik aurrera bere lan pertsonalari ekin dio. Horren emaitza hurrengo erakusketak izan dira: Emazu, Lorpen guztien atzetik eta La Palanca Gran Cabaret (2019), baita Bwall V eta Lau horma artean (2020) erakusketa kolektiboak ere. Azkenik komisarioa izan da hurrengo erakusketa hauetan: Redibujando a Eguillor (2021), A la deriva por Bilbania (2021/2022) eta Book of Angels (2022). Bere azken proiektua TTAK komikia eta ilustrazioa aldizkaria da (2022).


En breve

  • Autoría Alvaro Rabelli, Jose Carlos Torre
  • EditorialEdiciones El Gallo de Oro
  • Precio17,00 €
  • IdiomaEuskera
  • Número de páginas80
  • Año de publicación2022
  • ISBN978-84-125575-9-6