Modurik magikoenean emango dio Barakaldok ongi etorria udaberriari. Datorren astelehenean, hilak 27, helduko da Udaberri Magikoa, kultur programa berri bat, adinekoen gizarte zentroetara, kultur etxeetara eta hiriko aisialdiko guneetara magia hurbilduko duena. Gaur goizean aurkeztu du Kultura arloko zinegotzi Nerea Canterok programa, Mago Oliver, Liuba aztiek eta Santi el Mago azti barkaldarrak alboan zituela. "Magiak kulturan duen egitekoa aitortu nahi dugu, bai eta inguruko aztiak ezagutzera eman eta familiei hastera doan udaberriko egunotan aisia-planak eskaini ere", adierazi du Canterok.
Hamar azti izango dira: Ibon Magoa, Eneko Magoa, Asier Kidam, Oliver Magoa eta Liuba, Andrés Madruga, Santi el Mago, Nicolás Chevalie, Mago Antxon Blue eta Chavini. "Balioa eman nahi diogu magiari, hala bertatik bertara, kaleetan, nola haur eta adinekoentzako formatoetan, eta horregatik bilatu ditugu adinekoentzako zentroetako agertokiak, Lutxanako Kulturgunekoa, Gurutzeta eta Clara Campoamor gizarte-zentroetakoak, Burtzeñako Kultur Etxekoa edo San Bizente, Zuhatzu, Gurutzetako plazetakoak", azaldu du Canterok. "Oso aste dibertigarria izango da. Helburua, magiaren eskutik joanez, harritu eta gozatzea", nabarmendu du Canterok.
Datorren astelehenean, hilak 27, emango zaio hasiera programari Lutxanako Kulturguneko erabilera anitzeko aretoan, aldez aurretik izena emanda, jende-kopurua kontrolatzeko. La Siebe Lagun gizarte-zentroan ere ikusi ahal izango da Andrés Madrugaren ikuskizuna. Martxoaren 28an Zuhatzuko Kultur Etxera joango da hegan magia (izena alde aurretik emanda) Eneko aztiarekin; Gure Toki gizarte-zentroan, ostera, Andrés Madrugarekin. Hilaren 29an, Asier Kidam igoko da Gurutzetako Zentro Zibikoko agertokira, eta Gure Toki eta Gurutze Lagun gizarte-etxeetara, ostera, Nicolás Chevalie eta Santi el Mago. Hilaren 30ean, Clara Campoamor Zentro Zibikoan, Oliver Magoa eta Liuba izango dira, eta Argenta gizarte-etxean, ostera, Santi el Mago. Hilaren 31n, ostiralarekin, Burtzeñako Kultur Etxean (han bertan izana emanda) Ibon Magoa, eta Arrontegiko Nagusiak eta Erreka Ortu gizarte-etxeetan, ostera, Nicolás Chevalie eta Mago Oliver eta Luiba. Ikuskizun guztiak, arratseko 18:00etan.
Horrez gainera, auzoetako plazetan ere magia ikuskizunak izango dira. Horrela, bada, San Bizenten, Mago Antxon-Blue agertuko da. Zuhatzu auzoan, berriz, Chavini, hilaren 30ean. Gurutzetako auzoan, Mago Antxon-Blue, hilaren 31n, eta Zaballa aldean, magia ikuskizun bat, hilaren 1ean, larunbata, Mago Antxon-Blue & Chaviniren eskutik. Ikuskizunak 19:00etatik 22:00etara izango dira.
"Aste magikoa izango dugu; beraz, zatozte denak udaberri-hasiera bereziaz gozatzera", esanez amaitu du Canterok.