Luis Giménez, gitarrak
Alberto Arteta, saxo tenorra eta sopranoa
Marcelo Escrich, kontrabaxua eta konponketak
Kolaborazioak
Mikel Andueza, saxo altua 2
Terela Gradín, ahotsa 4
Javier López Jaso, eskusoinua 11
01 Nice Eyes. Halaxe deitzen zion Lester Young-ek Stan Getz-i. Lester-i omenaldia egiteko ondu zuen Charliek abesti hau, Stan-ekin batean jotzeko.
Jatorrizko melodiaren ordez, Charliek 1993an Always Say Goodbay albumean Quartet West laukotearekin grabatutako bakarkako pasartea ekarri dugu hona. Amaiera aldean baizik ez da jatorrizkoa iradokitzen.
02 There in a Dream. 1996. urtean Quartet West laukoteak grabatua. Albumaren barruan azalpenik ez dagoen arren, bada gai honen sorburuan izan zitekeen esaldi bat, Buñuelena, ametsak hizpide hartuta: "irudimenak eta ametsak une oro inbaditzen dute memoria, eta irudikatutakoa benetakoa dela uste izateko tentazioa handia denez, gure gezurra egia bihurtzen amaitzen dugu. Nolanahi ere den, horrek ez du halako garrantzirik, behar-beharrezkoak eta pertsonalak baitira bata zein bestea".
4/4 moldean grabatu zuten arren, guk 3/4 konpasean interpretatu dugu. Gai honetan Mikel Anduezak esku hartzen du bere saxofoi altuarekin abestiaren doinua eta aurreneko bakarkako pasartea jotzeko.
03 Taney Country. Country moldeko bi baladen elkarketa da, Charliek gurasoei eskainia Taney-ko konderriarekin zuten lotura niretzat ezezagun bat tarteko.
Lehenengo balada aukeratu dugu, hirurok jotzen dugu doinua, bakoitzak tonalitate desberdin batean baina. Hirudun maiorreko bitarteak bereizitako hiru tonalitate zirkulu bat eratzeko eta nire lagunek inprobisatzeko. Behin bakarrik jotzen dugu bigarren balada, eranskin moduko koda gisa.
04 First Song. Charliek bere bigarren emazte Ruth Cameron-i opa izan zizkion abesti ugarietan lehena da honakoa. "Silence" kantarekin batean, bertsio ugari ezagutu ditu abesti honek, sarritan birsortu dute. Aukera, birrarmonizazio, tonu eta metrika aldaketa desberdinekin probatu eta gero, ereserki honi egin ziezaiokeen omenaldirik onena Abbey Lincoln-en letrak hartuta Terela Gradín-en ahotsa zela erabaki genuen.
05. Our Spanish Love Song. Charliek Madrilen ondu zuen abesti hau Gonzalo Rubalcabarekin batean jotzen zuenean. 1993an Quartet West laukotearekin grabatu zuen Always Say Goodbye diskoan, eta geroago Pat Metheny-rekin 1996ko Beyond the Missoury Sky album mitikoan. Gure bertsioan kontrabaxuak jotzen du gaiaren melodia, baina berehala egiten du sarrera Charliek Metheny-rekin ondutako bertsioan (saxo tenorrarekin eta gitarrarekin) grabatutako bakarkako pasarteak. Bakarkako pasarte horien ostean baterako melodia entzungo da, Haden-en bakarkako pasarteak osatuta.
06. Biolontxelorako 1. salmoa. Haden. Jainkoa goresteko abestiak dira salmoak. Fededun ez garenontzat geure idoloak dira gure jainko. Charlieri opa dizkiogu salmo xume hauek.
07 In the Moment. Abesti hau 1986. urtean grabatu zuen lehenengo aldiz Quartet West laukotearekin, eta bere lau seme-alabei opa izan zien. Gerora berriz ere grabatuko zuen beste talde batzuekin. Eskalan gora eta behera dabiltzan bitarte laudunek osatutako melodia xumea da, taldearen bakarkako pasarte bati bide egiten diona. Gitarrak jotako kutsu barrokoko zati bat erantsi diogu, bakarkako pasartea berez norabide horretara bideratzeko.
08 Here’s Looking at You/ Always Say Goodbye. Middle batera bildu ditugun bi balada dira. Lehenengoa Quartet West laukotearen 1996ko Now is the Hour albumean topatzen dugun aurreneko abestia da. Bigarrenak talde berak 1993an grabatutako albumari ematen dio izena.
Gure bertsioaren amaieran bi melodiek bat egiten dutela esan behar dugu, saxo tenorrak interpretatua da bata eta gitarrak bestea.
09 Blues in Motion/ Bay City/ Blues for Pat. Charliek bere ibilbidean ondu eta grabatu zituen blues ugarietatik hiru dira hauek. Lehenengoa Paul Motian-i eskainia da eta hirugarrena Pat Metheny-ri. Nik uste dut Michigan estatuko hiriari (Madonnaren jaioterria) eskainia dela Bay City.
Bay City tonalitate minorrean ondua den arren eta beste biak tonalitate maiorrean, melodiak ezin hobe uztartzen dira. Inprobisazio pasarteei begira, berriz, tonalitate minorra aukeratu dugu guk.
10 Biolontxelorako 1. salmoa. Haden. Charlieren memoria ohoratzeko beste ahalegin bat.
11 Waltz for Ruth. Charlie Hadenek bere bigarren emazte Ruth Cameron-i eskainitako beste gai bat. Pat Metheny-rekin batean osatutako Beyond the Missouri Sky albumari begira ondu zuen gai hau.
Guk, baina, 5/4 konpasean jotzen dugu eta halako protagonismoa ematen diogu Javier López Jasoren eskusoinuari.
12 Out of Focus. Kanta hau Charliek 1977. urtean bere izenean plazaratu zuen The Golden Number albumean grabatu zuen aurreneko aldiz. Baxuak interpretatutako melodia bat da, Don Cherry-ren txirularen ekarpenak tarteko. Eta horrek ateak zabaltzen dizkio 6 minututik gora irauten duen taldearen bakarkako pasarte gogoangarri bati, non Cherry-k jada bere tronpetarekin eta Hadenek Ornette Colemanekin batean jardun zuten garaiaren laburpen bat eskaintzen duten.
25 urte geroago eta testuinguru guztiz bestelako batean, melodia bera erabili zuen Charliek 2002an kaleratutako American Dreams lanean. Kasu horretan, izen bereko laneko (American Dreams) gai baten zatitzat harturik eta hari musika tresnen orkestra batek lagundurik.
Aurreneko bertsioaren hasiera saxo sopranoarekin eskaintzen dugu guk, jarraian melodia horri besterik gabe segida emateko, bi grabazioen artean joandako urteen trantsizioa irudikatzen duten hainbat harmonizazioren bidez.
13 3. salmoa Mauro Urriza gogoan izateko. 2014an zendu zen Mauro lagun maitea omentzeko ondu nuen abesti xumea da. Mauro gurekin izan balitz, haren pianoak laukote bihurtuko zukeen gure hirukotea. Horregatik eta Charlie miresten zuelako aintzat hartu dut gai hau proiektu honetan.
14 Nightfall. Charliek 1976. urtean bere izenean plazaratu zuen Closeness Duets albumari begira grabatu zuen lehenengo aldiz gai hau. "Ellen David" zuen izena abestiak, eta Keith Jarrett handiarekin osatu zuen bikotea gai horretan. Ellen David zuen izena gerora bananduko zen lehenengo emazteak. Banandu eta gero beti "Nightfall" deitu zion Charliek abesti horri, eta guk haren erabakia errespetatu besterik ez dugu behar. Diskoari amaiera ematen dion abestia da, eta "Ilunabar" horrek etapa baten, proiektu baten eta grabazio estudio bateko larunbateko amaiera orduaren azkenak irudikatzen ditu. Nightfall kantan, bakarkako pasarteen ostean, saxo tenorrak eta gitarrak txandaka esku hartzen dute gaiaren melodian, Charlie Hadenek Gonzalo Rubalcabarekin batean ondutako Nocturne diskoan grabatuta utzi zuen bakarkako pasarteari bide emanez.
Gai horren osterako utzi dugu, Ghost Track moduan, "Child's Play" abestiaren melodia, Hadenek 1988ko "In Angel City" Quartet West laukotearekin jotzeko albumari begira idatzitako kalipsoa. Horrenbesteko malenkoniaren ondorenean mezu positibo bat uzteko ekarri dugu kanta hau lan honetara.