Apirilaren 29an Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, arte eszenikoek gure gizartean duten botere eraldatzailea balioan jartzen duen jardunaldia. Aurten, Dantzaren Munduko Egunaren Mezua Mikhail Baryshnikov dantzari eta koreografoak sinatzen du, eta dantzak hitzek ezin dutena adierazteko duen gaitasuna nabarmentzen du, enpatia, kontzientzia eta pertsonen arteko lotura piztuz.
SAREA – Euskadiko Antzoki Saretik ospakizun honekin bat egin nahi dugu, mugimendua gure agertokietan arte bihurtzea posible egiten duten dantzari, konpainia eta profesionalen lana babestuz.
Dantza emozioa, gorputza, memoria eta orainaldi partekatua da. Horregatik, pertsona guztiak animatzen ditugu dantza bizi dezaten, praktikatu dezaten, komunitatean goza dezaten, gure sarean programatutako emanaldietan parte hartuz.
Ospatu SAREArekin apirilaren 29a eta egin bat elkarrizketarekin #DantzarenEgunaSAREA2025 traola erabilita.
Izan ere, dantza munduan egoteko, sentitzeko, eusteko eta etorkizun berriak irudikatzeko modu bat da. Eszenatokietan ikusiko dugu elkar!
Egilea: Mikhail Baryshnikov
(jatorrizko testutik itzulita)
Askotan esaten da dantzak esan ezina adieraz dezakeela. Poza, atsekabea eta etsipena ikusgarri bihurtzen dira; gure hauskortasun partekatuaren adierazpen gorpuztuak. Horretan, dantzak enpatia piztu dezake, adeitasuna inspiratu, eta kalte egin beharrean sendatzeko gogoa piztu.
Bereziki orain — ehunka mila pertsonak gerraren hondamenak pairatzen dituzten bitartean, krisi politikoak bizi dituzten bitartean edo bidegabekeriaren aurka protesta egiten ari diren bitartean — hausnarketa zintzoa ezinbestekoa da. Zama izugarria da gorputzarentzat, dantzarentzat, artearentzat. Hala ere, artea da, oraindik ere, esan gabekoei forma emateko modurik onena, eta has gaitezke geure buruari galdezka: Non dago nire egia? Nola zaintzen dut nire burua eta nire gizartea? Noren aurrean erantzungo dut?