Bill Murray aktore eta komiko estatubatuar ospetsua Arriaga Antzokian izango da ekainaren 19an

  • Bill Murray aktore eta komiko estatubatuar ospetsua Arriaga Antzokian izango da ekainaren 19an

  • Ghostbusters (Mamu-harrapatzaileak) edo Lost in translation bezain film ikonikoetako aktore protagonista paregabea Bilbora iritsiko da musika eta literatura uztartzen dituen New Worlds ikuskizunarekin, hau da, Jon Vogler biolontxelo-jotzailearekin batera egin duen proiektuarekin
  • Mira Wang biolinista eta Vanessa Pérez pianista arituko dira Bill Murray eta Jon Vogler-ekin batera, musika, literatura eta poesia uztartzen dituen emanaldi ederrean
  • Emanaldi osoa ingelesez oholtzaratuko da, eta euskarazko eta gaztelaniazko goitituluekin, aktoreak momentuan bertan inprobisatutako hitzetarako izan ezik
  • Sarrerak gaur goizean bertan jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera

Datorren ekainaren 19an, Arriaga Antzokiaren agertokian zinemaren historiako aktore ikonikoenetako bat izango dugu: Bill Murray. Zinemako mito bat iritsiko da Bilbora, besteak beste eta soilik adibide pare bat aipatzearren, Ghostbusters (Mamu-harrapatzaileak) edo Lost in translation film ospetsuen protagonista izandakoa, eta antzeztaldeko aktore gisa begirune handia jaso duena (Ed Wood, Rushmore, St. Vincent eta abar). Murray Arriagako oholtzara igoko da publikoari Jon Vogler biolontxelo-jotzailearekin batera sortu duen proiektua eskaintzeko: New Worlds.

New Worlds musika, literatura eta poesia uztartzen dituen emanaldi eder bat da, zeina Bill Murrayk ingeles hutsean antzezten baitu, agertokian aipatu Jon Vogler lagun duela. Ikuskizunean parte hartzen dute halaber Mira Wang biolinistak eta Vanessa Pérez pianistak. Emanaldia ingelesez jarraitzeko gai ez direnentzat, ikuskizunak goitituluak izango ditu, bai euskaraz, bai gaztelaniaz (aktoreak inprobisatutako atalenak izan ezik).

Bill Murrayk eta Jan Vogler-ek bidaiatzen ari zirela ezagutu zuten elkar, eta New Yorken egin ziren lagun. Bestearen mundu artistiko eta interesekiko jakin-minak bultzatuta, aktoreak eta biolontxelo-jotzaileak laster izan zuten proiektu batean elkarrekin lan egiteko ideia. Programak Estatu Batuetako literaturan eta musikan dauden balioen esentzia erakusten ditu. Ikuskizunean, harremanetan jartzen dira artistek Estatu Batuen eta Europaren artean eraikitako zubiak. Twain, Hemingway, Whitman, Cooper, Bernstein, Gershwin eta Foster dira Estatu Batuetan belaunaldiak markatu dituzten eta munduari Mundu Berriaren xarma, energia eta indar sortzailea erakutsi dioten itzal handiko ahotsetako batzuk.

Elkarrekin programa bat egiteko ideia 2017an mamitu zen. Hollywoodeko izarrak musika klasikoarekiko duen maitasuna duela gutxikoa da; hizkuntzaren arloan duen artea, aldiz, mugagabea da. Beraz, sobera dira arrazoiak euren artearen bi maisu protagonista dituen musika handiaren eta literatura handiaren topaketa zoragarri horri gogo biziz itxaroteko.

ARRIAGA ANTZOKIKO SARRERAK

  • 35 eta 69 euro artean (beherapenekin)
  • Salgai www.teatroarriaga.eus helbidean edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

New worlds

  • Antzezlea: Bill Murray
  • Biolontxelo-jotzailea: Jan Vogler
  • Biolinista: Mira Wang
  • Pianista: Vanessa Pérez


  • DataApirilak 16
  • Gaia Musika, Literatura