Bidasoako mugako migratzaileen egoera, AEBko eskubide zibilenaldeko borroka eta Argentinako mobilizazio sozialak, pertsona gorren eta riderren eskubideak eta Mexiko DFko garbitzaileei zuzendutako begirada izango dira gaietako batzuk zinemaldiko filmetan eta solasaldietan
Faisaien Irla (La Isla de los Faisanes) (2025) euskal ekoizpenak, Asier Urbietak zuzenduta, inauguratuko du apirilaren 4an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia, Udaleko Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak antolatuta.
India Donaldsonek zuzendutako Good One (2023) film estatubatuarrak itxiko du zinemaldia apirilaren 11n, Victoria Eugenian, film luze eta laburren sariak banatuko diren gala batean.
Zinemaldiaren itxierako ekitaldian ere, Helena Taberna zinemagile nafarrak bere ibilbide osoari emandako sari berezia jasoko du.
Proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira. Emanaldi batzuk Antzoki Zaharrean egingo dira, tartean Zinema eta Biktimologiako II. Zikloan sartzen diren bi filmak. Tabakaleran hiru film proiektatuko dira, Zinema eta Memoria zikloa osatzen dutenak. Aurten, guztira, 25 herrialdetako 48 film programatu dira (25 film luze eta 23 labur).
Zinema programazioa ia egunero osatuko da protagonisten, zinemagileen eta landutako gaietan adituak diren pertsonen solasaldiekin.
Guztira, goizeko 9 emanaldi eskainiko dira Antzoki Zaharrean, hiriko ikastetxeentzat. Adin-taldearen arabera aukeratutako filmak dira: Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz (2024), Basatiak (2024) eta Mariposas negras (2024). Film horietarako gida didaktikoak garatu dituzte Marramiau Sorkuntza Taldeak, Rita & Luca Filmsek eta Ikertzek, hurrenez hurren.
Giza Eskubideen Zinemaldiak Tentazioa konpainiaren Interview – Urez eta hondarrez ikuskizunaren estreinaldia ere aurkezten du, Telmo Iruretak zuzendutako De agua y arena film laburrean oinarritua. Emanaldia euskaraz izango da, apirilaren 2an, asteazkena, Victoria Eugenian.