Azkuna Zentroa –Alhondiga Bilbaok, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroa, Running on empty. Comics as visual poetry inauguratu du, Marta Cartu, Pauline Lecerf eta Cole Degenstein komiki eta ilustrazioko artisten lan-prozesua biltzen duen erakusketa, Komikiaren Nazioarteko Egoitzaren laugarren edizioan. Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbao, Cité internationale de la Bande Dessinée et de L’image de Angoûleme eta Maison de la Littérature de Quebec-ekin batera antolatuta, Mediateka Galerian ikusi ahal izango da 2025eko irailaren 14ra arte.
Marta Cartu, Pauline Lecerf eta Cole Degenstein Anguleman hasi ziren egonaldian, eta hor egon dira urtarrilaren 20tik otsailaren 20ra. Azkuna Zentroan egongo dira otsailaren 21etik martxoaren 24ra arte, eta, gero Quebecera joango dira, egonaldiaren azken hilabetean lan egitera. Hiru egonaldiak izan bitartean, jaialdi bat izaten da egoitza bakoitzean: Angulemako Komikiaren Nazioarteko Jaialdia, Gutun Zuria. Letren Nazioarteko Bilboko Jaialdia eta Quebec BD Jaialdia Quebec-en.
Bilbon, programaren esparruan egiten ari diren sormen-prozesuarekin jarraitzeaz gain, hainbat jardueratan parte hartu dute Gutun Zurian, Azkuna Zentroko Letren Nazioarteko Jaialdian. Bestalde, Alhóndigako fatxada nagusian esku hartu dute, espazio horretarako sortutako hiru ilustraziorekin.
Running on empty erakusketak sorkuntza artistikoaren esperientzia pertsonalean jartzen du arreta, beti ez baitu inspirazioak argitzen. "Gasolinarik gabe geratu arren aurrera jarraitzen duzunean bezala da. Ezer ez eduki arren, aurrera jarraitzen baituzu, sortzen. Running on empty da komikiak egitea bezala", deskribatu dute, erakusketaren edukiari buruz.
Egunerokotasunari buruzko hiru proiektu
Egonaldi gurutzatu honen esparruan, Marta Cartu, Pauline Lecerf y Cole Degenstein artistek hiru proiektu egiten ari dira, banaka eta aldi berean modu partekatuan, teknikei dagokienez desberdinak diren baina abiapuntu bera, egunerokotasuna, duten hiru proiektu. Nork bere imaginario grafikoetatik abiatuta, munduko kontuak poesia bihurtzea proposatzen dute, hainbat metafora bisual eta baliabide narratibo erabiliz.
Testuinguru honetan, Cole Degenstein-ek Dear Kenneth autofikziozko komikia sortu du, hausnarketa egiteko bizitzako beheraldiek ekoizpen artistikoko aldi biziekin duten loturaz. Artistek, maiz, sufrimendu emozional handiko garaietan dute gaitasuna beren lanik onenak sortzeko.
Kontakizuna eratzen da Kenneth izeneko poeta bati barne-bakarrizketaren estiloan idatzitako gutun batzuen bidez. Lehen pertsonan idatzita, Japoniako Tokio eta Kyoto hirietan egindako ibilaldi batzuk antzeratzen ditu. Proiektua, azken batean, proiekzioaz eta egoismoaz ari da, gauzez jabetzeko eta, haiekin konektatzen saiatu beharrean, behar duguna bihurtzeko dugun moduaz. Lanak sakon aztertzen du modu isolatu eta egozentrikoan sentitzeko eta behatzeko dagoen joera, alde batera uzten duena benetako konexioa sortzea guk gainerakoei eta haiek guri begiratzeko.
Pauline Lecerf komikilariari eguneroko objektuetatik abiatzea gustatzen zaio, eta ahalegina egiten du denbora luzez —gehitxo— begiratzen direnean agertzen den misterio sakona aurkitzeko. Horrela, Une connexion filaire avec le monde (Kable bidezko konexioa munduarekin) lanak lotura metaforiko bat egiten du idazkeraren eta ilearen artean. Bizi-lerroak eta gure indibidualtasunaren adierazpena, ilea eta idazkera gure mundualdian egiten dugunaren aztarnak dira. Komikiak omen egiten die ile-mozketei, graffitiei, txirikordei, sinadurei... Azken batean, gurekin harreman estu-estua eta pertsonala duten lerro horiei guztiei.
Eta Marta Cartu, Azkuna Zentroak hautatuko artista, Bugs-en lan egiten ari da, egungo testuinguruan kontakizunak eraikitzeko modua aztertzen duena, gizarte gaseoso baten berezko aldakortasunak zeharkatzen dituela.
Teknologian, bug sistema informatikoan dagoen akats bat da. 1947an sortu zen terminoa, sits batek ordenagailu baten errelean akats bat sortu zuela aurkitu ondoren. Kontzeptu horretatik abiatuta, proiektuak saiakera-fikziozko komiki-istorio bat egituratzen du, arlo pertsonaletik kolektibora igaroz, bugg-eatuta dauden kontakizunen eraikuntza aztertuta: narratzaileak dolu bat izatean dituen hutsune pertsonalak, adimen artifizialak sortutako narratiben eraikuntzari eragiten dioten bug garaikideak, eta akats horiek gure gizarteari buruz erakusten dituzten huts sistemikoak.
Egonaldi gurutzua
Nazioarteko egonaldi gurutzatu honek bide ematen du hainbat herrialdetako pertsonak elkartzeko nobela grafikoaren funtsezko ingurune profesionaletan. Esperientzia honen helburua komikiaren esparruan sorkuntza sustatzea, eta herrialde desberdinetako pertsonen arteko elkarketa bultzatzea da, eleberri grafikoan funtsezkoak diren ingurune profesionaletan, beste diziplina artistiko garaikide batzuetako artistekin konektatzeko.
Formatu horrek aukera ematen die sortzaileei elkar aberasteko parte hartzen duten hirietako kultura-inguruneak esploratzen. Bestalde, esperientziak eta ideiak trukatuz, haien sormena hauspotzen da eragin gurutzatuekin eta ikuspegi artistiko ugarirekin.
Azkuna Zentroan, Mediateka BBKren barruan dago egoitza. Komikia da espazio honetako bildumaren ardatz egituratzaileetako bat. Zentroko hainbat publiko komunitatek gehien kontsultatzen duten ataletako bat da. Komiktekak, bigarren solairuan genero horri eskainitako guneak, 6.000 liburu baino gehiago ditu.
Orain arte, egoitza honetan Higinia Garay, Marine Des Mazery eta Jimmy Beaulieu (2022); Andrea Ganuza, Charlotte Gosselin eta Clara Chotil (2023); eta Fran Mengual, Lisa Blumen eta Pascale Sévigny-Vallières (2024) hartu dute parte.
Cole Degenstein
Kanadako belardietan jaio eta Montrealen bizi den Cole Degenstein artistaren lanak komikiaren, ilustrazioaren eta poesiaren bidez hartzen du forma. Samurtasuna da bere obraren funtsa, eta etxeko bizitzaren, homosexualitatearen eta landa-aldeko esperientziaren inguruko istorioak ditu ardatz. Cole oso aktiboa da Kanadako komiki eta fanzineen komunitatean, bere argitalpen, antologia eta erakusketa kolektibo ugariek erakusten dutenez. 10-10 to the Wind eleberri grafikoak Center for Cartoon Studies-en 2024 Cartoonist Studio saria jaso zuen.
Marta Cartu
Marta Cartu komikien sortzailea da eta sorkuntza eta hezkuntza artistikoaren arloan lan egiten du. Azken urteetan, lehen komiki-albuma argitaratu du, Hola Siri (2021), eta hainbat istorio labur egin ditu autoedizioaren esparruan. Erakusketa kolektiboetan ere parte hartu du, besteak beste, hauetan: Constelación Gráfica (CCCB, 2022), Cómic. Sueños e historias (Caixaforum, 2022) eta Revuelta en el cómic (MACBA, 2018). Hezkuntzako jarduerak eta esku-hartzeak diseinatu ditu hainbat kultura-erakunderentzat, hala nola CCCB, MNAC eta Born CCMrentzat.
Pauline Lecerf
Pauline Lecerf Bruselan bizi da eta bertan egiten du lan, Meyboom estudioan. Komikiak idatzi, eta proiektu dokumentalak egiten ditu, zinematik kanpoko formak hartzen dituztenak: antzezpenak, bisita gidatuak, kirol-eskolak, jolasak, itxaroteko musika-lehiaketak eta soinu-piezak. Bere lehen komikia, TUT, histoires au-delà du langage, 2024ko otsailean argitaratu zuen Magnanik. Lankidetzan aritu da L'Associationek argitaratutako Mon Lapin quotidien, Cornéliusek argitaratutako Nicole eta Lagon aldizkariekin.