Bilboko Udalak sustatutako FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren 31. edizioa maiatzaren 2tik 10era ospatuko da. Programazioaren aurrerapen gisa, PreFANT zikloa antolatu du Zinemaldiak. Ziklo horretan, Pablo Hernandok zuzendutako eta iaz Sitgeseko Zinemaldiko lehiaketa ofizialean parte hartu zuen Una ballena filma aurrestreinatuko da aurten.
Filma martxoaren 26an, asteazkenean, proiektatuko da, 19:30etik aurrera, Golem – Alhóndiga zinemetako 1. aretoan. Sarrera doan izango da lekua bete arte. Gonbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan 16:30etatik aurrera.
Aurretik, goizean bertan, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Pablo Hernando filmaren zuzendariak eta Ramón Barea protagonistetako batek aurkeztuko dute filma komunikabideen aurrean.
Una ballena Ingriden istorioa kontatzen duen thriller fantastiko bat da. Ingrid García Jonssonek antzeztua, portuaren kontrola lortzeko lehian dauden bi kontrabandisten artean harrapatuta dagoen hiltzaile profesional bat da. Protagonistak berezko trebetasuna du arrastorik utzi gabe infiltratzeko eta desagertzeko. Bere gaitasuna, berez, beste mundu batekiko lotura arraro batetik dator, pixkanaka errealitatearen arrakalen artean iragaziz eta ikuslea eszenatoki nahasgarri batean murgilduz doana.
Pablo Hernando gasteiztarra espainiar zinema berriaren ahots berezienetakotzat jotzen da. Una ballena bakarkako bere hirugarren film luzea da eta harentzat ere idatzi du jatorrizko gidoia.