Lo que no se ve lanaren mundu estreinaldia Malagako Zinemaldiko Film Laburren Sail Ofizialean izango da. Maria Algora eta Mikel Bustamante zuzendarien lana Bedmar Films, Katz Estudio, Larrua Creaciones eta Gosua Films enpresek ekoitzi dute eta suizidioaren inguruan dagoen tabua erakusten digu. Zuzendariekin hitz egin dugu, estreinaldiari begira dituzten itxaropen eta sentimenduei buruz.
Nola aurkeztuko zenigukete Lo que no se ve?
Maria Algora (M.A. ): Ñabardura fantastikoa duen kutsu sozialeko film laburra da; umore eta errealismo magiko ukituak dituen drama. Istorioak suizidioaren inguruan dagoen tabuaz hitz egiten du: Anek, Carmenen alabak, bere 30. urtebetetzean deskubritzen du bere aita ez zela hil txikitan kontatu zioten bezala. Errebelazio horrek Aneren bizitza aldatzen du.
Mikel Bustamante (M.B.): Familiako sekretuez eta familiako kide baten suizidioaren inguruan sortzen den tabuaz hitz egiten duen istorioa da. Lotsa, beldurra edo errua mahai gainean jartzen dira, ixtea asko kostatzen den zauria sendatzen saiatzeko.
Nola erabaki zenuten film labur hau egitea?
M.A.: Mikelekin izandako elkarrizketa batean, 16 urterekin senide batek bere buruaz beste egin zuela nola jakin nuen azaldu nion. Nire bizitza osoan etxeko istripu baten ondorioz hil zela uste izan nuen, eta, modurik bitxienean, familiako bazkari batean, nire izeba bati egia itzuri zitzaion. Shock bat izan zen niretzat, eta ordutik aurrera aitarekin asko hitz egiten hasi nintzen, familiako tabua ulertzeko eta askatzeko.
M.B.: Oso eszena interesgarria iruditu zitzaigun hasierako ideia gisa, sakontzen eta pertsonaiak ulertzen hasteko, eta, azkenean, ama-alaben arteko adiskidetze-bidaia ekarri zuen.