Matxalen Bilbao: «"Hustu; elogio al vacío" posizionatzeko modu bat da, ekintza politiko-poetiko bat, gaur egun daukagun dena-bete-behar honetan»

  • Matxalen Bilbao: «"Hustu; elogio al vacío" posizionatzeko modu bat da, ekintza politiko-poetiko bat, gaur egun daukagun dena-bete-behar honetan»
    Argazkia: Jesús Robisco

Koreografia-egile, dantzari eta irakasle, Matxalen Bilbaok 25 urte daramatza dantza sortzen; dantza sakonetik ulertzeko ahaleginean; dantzari galdezka; dantzaren mugimendua, espazioa edo denbora bezalako alorretan ikertzen. Hustu; elogio al vacío lan luzea dakar orain. Natalia García Murorekin batera sortua eta interpretatua, dantzaren geruza guztietan hutsaren ideia zeharkatzen saiatzen da. Matxalenekin hitz egin dugu.


Duela ia lau hamarkada hasi zinen dantzan, baina, 2000. urtean erabaki zenuen zeure konpainia sortzea. Zer dela-eta hasi zinen sorkuntzan? Nondik interes hori? Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Bai, hala da. 2000. urtean, konpainia batean eta bestean dantzan ibili ondoren, nire bidea, mugimendua ulertzeko nire modua bilatzeko beharra sentitu nuen. Behar horrek norberaren dantzan gehiago sakontzea eskatzen zuen, dantza ulertu behar bat, bila eta bila amaigabea, munduari sorkuntzaren begiekin begiratzeko modu bat.


Zure lehenengo ekoizpena, Mutis, 2003an estreinatu zen, baina harrezkero beste hamar bat lan sortu dituzu, dantzaren bidez gai anitz jorratuz, hala nola bestearen aurkikuntza (Self), taldearen ideia (Gear eta Fugas), edo denboraren joana (Serenity Suite). Nondik sortzen dira zure proiektuak?

Nire buruari dantzaren gainean egiten dizkiodan galderetatik datoz nire proiektuak, nire sormen-gaitasunean sakontzeko beharretik, eta ekinez ikasten jarraitzeko beharretik. Ikerketarako joera daukat; dantzak bere baitan dauzkan beste gauza batzuk aztertzen jarraitzen dut: espazioa, denbora eta gorputzen artean sortzen diren harremanak. Beti, gizaki gisa begira, asmo arranditsurik gabe, sormen-prozesua bera balioetsiz, tarteka denbora luzez bila eta bila jardunez, eta, gero, denbora batez atseden hartuz eta gogoeta eginez, hori ere behar baita, atzera sortzen hasteko premia sentitzeko.

(Argazkia: Jesús Robisco)


Estreinatu berri duzu, La Fundición-en (oso espazio garrantzitsua zure ibilbidean), Hustu; elogio al vacío. Orain arte egin duzun bidea ikusita, proposamen horrek oso koherentea dirudi. Zer galdera egin nahi izan dituzu?

Bai, nire ibilbidea ikusita, Hustu; elogio al vacío, zalantzarik gabe, egitasmo koherentea da. Esango nuke nire lan guztietako etika eta estetika biltzen dituela, sotil-sotil.

Nire ustez, nire proiektu guztiak lotuta daude, baina bakoitzak bizitzaren une bat islatzen du. Orain, bizitzaren etapa honetan, premia gutxiago ditut eta funtsaren bila nabil.

Eta lan honetan gauza bera egiten saiatu naiz: "hustu". Konposiziorako funtsezko elementu gisa, "hutsaren" ideia hartu dugu abiapuntutzat. Posizionatzeko modu bat da, ekintza politiko-poetiko bat, gaur egun daukagun dena-bete-behar honetan, bizkor kontsumitu behar honetan, edukirik gabe zarata egin behar honetan.


Eta hustasuna moduko gai batek eszenaratze soila eskatzen zuen, apaingarririk gabe, ezta?

Elementu eszeniko guztiek, jakina, hustasunaren ideia zeharkatzen dute. Lan honen giroak, hotsek, argiek, proiekzioek, mugimenduek, gure presentziak... Denak laguntzen dizu ideia horretan murgiltzen.


Prozesu guztian zehar Natalia García Muroren laguntza izan duzu. Biak zarete obraren koreografo eta interprete. Lehenago ere elkarrekin lan eginak zarete, Serenity Suiten. Hark zer ekarpen egiten dio zuk dantzaz duzun ikuspegiari?

Nataliak hegoak ematen dizkit. Kar kar kar. Benetan, harekin lan egiteak piztu egiten nau, nire sormena bizi-bizi hauspotzen du. Emakume eta sortzaile gisa, harengan errespetua aurkitzen dut, elkarrekin ibiltzeko garrantzitsua baita, oso; konfiantza ematen dit, lasaitasuna, odol berria. Oso pertsona garrantzitsua da niretzat.

(Argazkia: Jesús Robisco)


Baina zuen lankidetza ez da hor amaitzen. 2022tik, Mutis Espazioa prestakuntza- eta sorkuntza-gunea zuzentzen duzue elkarrekin, Leioan. Zure ibilbidean, irakaskuntza beti izan da garrantzitsua. Zein da zuen proiektuaren zutarria? Zer eskaintzen duzue?

Mutis Espazioa prestakuntzarako eta sorkuntzarako lekua da. Gure irakasleak sorkuntzaren arlokoak dira, eta, gainera, egoitza artistikoen bidez, sortzaileei beste baliabide batzuk ematen dizkiegu, ikerketa sustatzearren eta sorkuntza-prozesuan dauden proiektuak bultzatzearren.


Zer irizten diozu mende-laurden honetan egindako bideari? Zure ustez, dantzan jardun nahi duten belaunaldi berrientzat zure eredua izan al daiteke bide-argi moduko bat? Zer jakin beharko lukete?

Bai horixe. Ni ikusita, gogoa pizten zaie, batez ere egiten dudanaz gozatzen ikusten nautelako. Jakin beharko lukete dantzatik ez dela inor bizi oraindik, baina, amets hori baldin badute, aurrera, ez baitago bide errazik. Orain, garrantzitsuagoa da gustura aritzea egunero egiten duzun horretan.


Zer geratzen zaio egiteko Matxalen Bilbaori?

Atseden pixka bat hartu, ea zer dakarren Hustu; elogio al vacíok, eta horretaz gozatu. Machadok esango lukeen bezala, "Ibiltzean egiten da bidea...".


(2025eko otsailaren 13an argitaratutako Berezia)


Informazio osagarria: