Granada hiria aukeratu du aurten Espainiako Zinema Akademiak Goya sarien 39. edizioa ospatzeko; Andaluziako hirian sarituko dituzte, beraz, 2024an zinemagintzan argiroen distiratu duten film eta profesionalak larunbatean, 22:00etatik aurrera.
Aurten ere, euskal zinemak itzal nabarmena izango du espainiar zinemaren gauean, 33 izendapen bildu baitituzte euskal film eta profesionalek. La infiltrada Arantxa Echevarria bilbotar zuzendariaren filma, berbarako, 13 sailetan dago izendatuta eta Marco Moriarti zinemagile hirukotearen pelikula, bostetan.