"Juan Cortazar", "Lopez de Guereñu Iholdi" eta "Jose Antonio Dominguez" bildumek 1948tik 1993ra arteko laurogei mila argazki baino gehiago dituzte, hirurek batera
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak Arabako Foru Aldundiarentzako hiru argazki bilduma garrantzitsuren dohaintza sinatu du gaur. Bildumak Arabako Artxiboaren funtsetara batuko dira, modu iraunkorrean kontserbatzeko.
"Gerardo Lopez de Guereñu Iholdi" bilduma (1928-1989) bere seme-alaba Zuriñe eta Xabierrek eman dute dohaintzan, eta 50.000 negatibo eta diapositiba inguru biltzen ditu, Arabako etnografiaren ikertzaile eta dibulgatzaile nabarmen horrek eginak, bere aita Gerardo López de Guereñu Galarragaren lanari jarraipena emanez.
"Juan Cortazar Larrea" bilduma (1924-1999) bere seme Patxik dohaintzan emana da, eta tokiko eraikitzaile eta mendigoizale horren interes handiko 30.000 negatibo eta diapositiba baino gehiago biltzen ditu. Herri eta paisaien argazkilaritzaren zale izan zen, eta 1974an Everesterako Tximist espedizioan parte hartu zuen.
Azkenik, "Jose Antonio Dominguez" bildumak Arabako eta Trebiñuko herri guztien 1991tik 1993ra bitarteko ikuspegi orokorrak biltzen ditu, eta txikiagoa da aurrekoak baino (1.799 argazki).
Irudi horiek guztiek balio handia dute naturagune, landagune eta hiriguneen XX. mendearen bigarren erdialdeko bilakaera aztertzeko, ez bakarrik Araba, Euskadi eta Nafarroakoena, baita Espainiako beste probintzia askotako guneena ere. Argazkietan hiriak zein toki txikiak agertzen dira, hala nola jauregiak, baserriak, elizak eta baselizak, zubiak, gurutzadurak, bolatokiak, garbitokiak eta abar.
Dohaintzak aurkezteko ekitaldian parte hartu dute Pepe Sainz Arabako Artxiboko Zerbitzuaren buruak eta Juan Cortazar eta Jose Antonio Domínguez dohaintza emaileetako bik ere.