Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien 24. edizioa aurkeztu du gaur, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuaren eskutik. Aurten, "Bide, sare eta loturen ondarea" izango da jardunaldien gaia. Urrian zehar, 200 ekitaldi baino gehiago egingo dira lurraldeko 72 udalerritan, lurraldeko ehun elkarte, entitate eta erakundek baino gehiagok antolatuta, Aldundiak koordinatuta. Hori dela eta, jardunaldi hauek Bizkaian eskaintzen diren kultura ondareko programarik garrantzitsuena dira, eta Europa mailan garrantzitsuenetakoa.
Ondarearen Europako Jardunaldiek gizartea sentsibilizatu nahi dute kultura-ondarea ezagutzeak, baloratzeak eta babesteak duen garrantziaz.
Leixuri Arrizabalagak azpimarratu duenez, "aurten ere urria da Bizkaiko ondarearen hilabetea. Urri kultural honek, aurten ere, gure historiaren eta ondarearen ezagutzan sakontzeko aukera eskaintzen die herritarrei, ikuspuntu eta ikusmolde desberdinetatik eta jarduera askotariko eta didaktikoen bidez, ehun bat eragile kulturalen jardueren antolaketari esker. Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaiko kultura-ondareak herritarrei ateak irekitzeko egunak dira".
Bizkaia bere historia eta ondarearen bidez berrezagutzea
Aurtengo egitarauak bisita gidatuak, ibilbideak, erakusketak, hitzaldiak, kontzertuak, dokumentalen proiekzioa, tailerrak eta hezkuntza jarduerak biltzen ditu. Ibilbide historiko gehienak oinez egingo dira, baina itsasontziz ere zeharkaldi bat egiteko aukera egongo da, itsasbideek Bizkaiko historian izan duten garrantzia erakutsiz.