Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Hizketaldiak atalak programa zabala bilduko du, hala nola Sean Baker, Leos Carax, Laura Carreira eta Jane Schoenbrun zinemagileen sormen-prozesuetan sakontzeko mintzaldiak. Gainera, beste saio batzuetan hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, ekoizpena feminismoaren eta intersekzionalitatearen ikuspegitik, inklusioa zinema-industrian eta jaialdiek sare sozialetan jasotzen duten tratamendua, baita adimen artifizialarekin, casting-zuzendaritzarekin, glamourrarekin, film-kartelekin, musika eta zinemarekin edo Espainiako krimen-telesailen boomarekin lotutako gaiak ere.
Hizketaldiak Pentsamendua eta Eztabaida sailak antolatutako atal bat da. Bertan, Donostia Zinemaldiak topaketarako eta ezagutza-sorkuntza eta -transmisiorako gune gisa duen izaera nabarmentzen da, bere buruari galderak egiteaz eta egoera zinematografiko aldakor bati aurre egiteko etorkizunean eskaini beharko diren erantzunak ematen saiatzeaz gain.
Zinemaldiaren inaugurazio-jardunaldian (ostirala, hilaren 20a), bi saio egingo dira Tabakaleran. Alde batetik, zinema-aretoan Francine Maisler estatubatuarrarekin hizketaldi bat egingo da, María Laura Berch argentinarrak moderatua. Biak casting-zuzendaritzan aritu dira; zehazki, Maislerrek Alejandro Gómez Iñárritu, Greta Gerwig, Gus Van Sant, Terrence Malick eta Paul Greengrass zinemagileekin lan egin du; Berchek, berriz, J. A. Bayonaren La sociedad de la nieve / Society of the Snow (Perlak 2023) filmean parte hartu du, baita Benjamín Naishtat, Celina Murga, Paula Hernández, Diego Lerman, Luis Ortega eta Martín Rejtman zinemagileen proiektuetan ere, besteak beste.
Bestetik, Euskal Aktoreen Batasunarekin (EAB) lankidetzan, Glamourraren atzean: aktorea kontratazio-paradigma berrien aurrean saioa egingo da. Bertan, María José Zulueta agente artistikoak eta Eva Leira eta Yolanda Serrano casting-zuzendariek parte hartuko dute, Sara Mora abokatuarekin batera. EABko idazkari nagusi Alizia Otxoak moderatutako hizketaldi hori Tabakalerako Z Aretoan egingo da.