DAB: Dantza, artea eta bitartekaritza

  • DAB: Dantza, artea eta bitartekaritza
    "NŒUD"

DAB dantza-konpainia orain bi urte jarri zuten martxan Marina Eskisabelek eta Iker Sanzek. Nun Zira? piezarekin ezagutu genituen, eta NŒUD estreinatu dute aurten, Eduardo Chillidak eta Cristóbal Balenciagak amankomunean zituzten lan-metodologien esplorazioan oinarrituta. Beraiekin hitz egin dugu ikuskizun berriaz, konpainiaren helburuez, dantzaren ahalmenaz eta bitartekaritza-proiektuez, besteak beste.


Orain bi urte sortu zenuten DAB dantza-konpainia. Zer helbururekin? Nork osatzen du?

DAB dantza-konpainia Marina Eskisabelek eta Iker Sanzek sortu genuen 2022an. Helburu nagusia dantza garaikidea ahalik eta jende gehienak ezagutzea da, sortzen ditugun ikuskizunen eta ikuspuntu berritzailea duten tailer eta proiektuen bidez. Horrez gain, dantzak eta gorputzaren espresioak ongizatean duten eragina neurtzen saiatzen gara, ildo beretik osasunean dantza nola txertatu daitekeen aztertuz.

(Nun Zira?)


Nun Zira? piezarekin egin zenuten jauzi plazara, ez edozelako gaia eta garaia oinarri hartuta, gainera: Gerra Zibila. Nola jaio zen ideia? Zer kontatu nahi izan zenuten?

Ikuskizunaren ideia orokor bezala, Ikerren familian bizitako gertakari historiko bat hartu genuen oinarri. Hala ere, ikuskizunak bikote batek egoera beliko batean aurrera egiteko gainditzen dituen gatazkak plazaratzen ditu; bikote horrek nortasunera jotzen du aurrera egiteko. Dantza garaikideaz gain, bost emakumeren ahotsak entzun daitezke zuzenean. Horrekin batera, estetika agresiboa duten bi dantzariek istorio hunkigarri bat kontatzen dutela esaten du beti ikusleak.


Aurten, berriz, NŒUD lana estreinatu duzue Leioako Umore Azokan, Karrikanen 6. deialdian hautatuak izan ondoren. Bertan, Eduardo Chillidaren eta Cristóbal Balenciagaren lan-metodologiak izan dituzue oinarri. Nola eraman dituzue dantzara? Zer erakusten du pieza berriak? Nolakoa izan da sortze-prozesua?

Bi artista horien lan-metodologiaz hausnartu eta buelta asko eman ondoren, ikuskizun oso estetiko bat sortzea erabaki genuen, emanaldi ikusgarriago bat sortuz, Chillidaren eta Balenciagaren lanak horrelakoak baitira. Haien kontzeptuak hartuz (espazioen sorrera eta figura lerromakurrak), gorputzarekin esploratzen hasi eta material koreografiko ugari sortu genuen. Oso mamitsuak ziren kontzeptuak, gorputzerantz eramateko. Gainera, Naia Iturrioz diseinatzaileak aldi berean bere sortze-prozesua eraman du aurrera, eta guk sortutako hizkuntzak eta Naiak egindako jantziek % 100ean egin dute bat, ikuskizunari zentzu orokor oso landu eta ikusgarria emanez. Ikuskizun berri hau enkortsetamentutik, zurruntasunetik askatasunerako bidaia bat da, non hiru dantzariak egoera enkortsetatu bat maneiatzeko kapaz bihurtzen diren, azken gona erraldoiarekin egiten duten bezalaxe.

(NŒUD)


Estetika ikusgarria da benetan. Jantzietan ere bi artisten nahasketa islatu nahi izan duzue?

Esan bezala, Naia Iturriozek oso modu sinple eta garbian batu ditu bi artistak. Ez zen lan erraza Chillida eta Balenciaga jantzi berberean nahastea, baina kontzeptuak ulertuta, mimo handiz landuta eta detaile guztiak zainduta lortu du NŒUD ikuskizunean ageri diren diseinuekin asmatzea.


Dantzan mugimenduaren bidez –alegia, hitzik gabe– transmititu beharra aukera da ala mugak ezartzen ditu? Dantza ulertu egin behar da gozagarri izan dadin?

Hausnarketa sakon bat lantzen ari gara kontu horren harira. DABen, dantza oinarri hartuta, arte diziplina ezberdinekin landu eta bitartekaritza-proiektuen bidez zabaldu nahi dugu dantza garaikidea. Ez dizkiogu hitzari ateak ixten, justu kontrakoa; obrari lagungarri izango zaiola uste badugu, seguru gaude erabiliko dugula.

Bestalde, dantza ulertu beharrari edo ulertu beharrik ezari buruzko eztabaida luzea denez, DAB dantza konpainiatik ikusleak animatzen ditugu dantzariak eta dantza ikustera joan daitezen, horren bidez zerbait jasoko dutelako: tristura, poza, askatasuna, larritasuna, kezka eta beste hainbat sentimendu. Gainera, ikusten eta sentitzen ari direnarekin imajinazioa erabili eta ikusten ari diren horrekin identifikatuta sentitzen badira, bakoitza bere istorioa sortzera anima daiteke. DABetik ez dugu inor behartuko ezer ulertzera, baina saiatuko gara zerbait senti dezaten, sentimendu bakar bat bada ere.

(NŒUD)


Orain arte estreinatu dituzuen bi lanak kaleko ikuskizunak dira. Zergatik? Kaletik eszenatokira egongo da diferentziarik, ezta?

Gure nahietako bat dantza garaikidea gizartera gerturatzea da, eta horregatik uste genuen hasieratik abiapuntua kalea zela. Kalean publiko ugaria sortzen da, ikuskizuna edozeinen eskura dago: badaude espresuki emanaldia ikustera gerturatzen direnak, baina baita ere bat-batean aurkitu dutenak eta jakin-mina piztu zaielako ikustera gelditu direnak. Pixkanaka publiko berriak sortzeko modu eraginkorra dela iruditzen zaigu.

Bestalde, guretzat kalea oso berezia da, jendearen gertutasunak asko elikatzen gaituelako. Bizi ditugun sentimenduak areagotu egiten dira; emanaldi bakoitzak bizipen desberdinak oparitzen dizkigu. Gainera, kaleko emanaldi bat aktibo mantentzen da beti, toki bakoitzera egokituz eta sortzen diren energia ezberdinez elikatuz. Kaleko emanaldiek bizia dute, eta daramagun ibilbidean asko bete gaituzte. Horrek ez du esan nahi ez dugunik antzokia maite eta ez dugunik inoiz antzokirako ezer egingo, horrek ere aukera ugari ematen baititu artistikoki. Beraz, antzokiko ikuskizunei ez diegu uko egiten, eta iritsiko da momentua antzoki ederretan gure ikuskizunak eskaintzeko aukera izango duguna.

(NŒUD)


Zer moduz doaz emanaldiak? Abuztuan, besteak beste, Donostiako Musika Hamabostaldian izango zarete: Chillida Lekun, hilaren 9an; eta Cristóbal Balenciaga Museoan, 10ean. Non gehiago ikusi ahal izango zaituztegu? Zer -nolakoa ari da izaten esperientzia? Eta jendearen erantzuna?

14 emanaldi egin ditugu jada 2024an, eta beste 7 geratzen zaizkigu oraindik. Oso bereziak izango dira Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan egingo ditugun biak, zuzeneko musikarekin eta leku magikoetan izango direlako. Baina Antsoainen, Iruñean, Larraulen eta Barakaldon ere ikusi ahal izango gaituzue. Webgunean (www.dab.eus) eta sare sozialetan (Facebook: DABdantza / Instagram: @dab_dantza) dago informazioa guztia.

Konpainia gaztea gara, eta guretzat izugarrizko esperientzia izaten ari da hainbeste emanaldi egitea. Asko ikasten ari gara. Irrikaz gaude falta diren guztiak egiteko, eta plaza berriak ezagutzeko.

Jendearen erantzunaren harira, askok esan digute hipnotikoa dela eta dantzarien espresioak obran murgiltzen zaituela.

(NŒUD)


DABen gizarte-bazterketa arriskuan dauden taldeentzako bitartekaritza-proiektuak ere diseinatzen dituzue. Adibidez, EMAUS Fundazioarekin lan egin duzue. Dantzak badauka, beraz, gizarte-eraldaketarako gaitasunik.

Gure erronka handienaz eta politenaz ari gara hizketan. Muntuko taldearekin proiektu pilotu bat egin ondoren, asmo handiagoko proiektu bat sortu genuen, Gipuzkoako 6 ikastetxetara eramango duguna, dantzaren bidez hainbat gai jorratzeko eta beharrezko helburu pedagogikoak lortzeko helburuarekin. Kutxa Fundazioaren laguntzaz lortzen ari gara proiektua aurrera eramatea, eta maiatzean hasi dugun prozesuan jada emaitza oso politak agertzen hasi dira.


Baduzue proiektu berririk esku artean? Norantz bideratu nahiko zenituzkete zuen urratsak datozen urteetan?

Hasiera indartsua izan dugun arren, hasiera besterik ez da izan, eta, jasangarritasunaren helburuarekin, DAB dantza-konpainia momentu estrategiko garrantzitsu batean dago. Kutxa Fundazioko Sorlekua mentoretza-programan hautatuak izan ginen beste 9 proiektu/ekimenekin batera, eta 18 hilabeteko mentoretza jasotzen hasi ginen 2024ko otsailean. Intentsitate handiko programa da, baina ikaskuntza ikaragarria eskaintzen ari zaigu.

Oso pozik gaude izan dugun bilakaerarekin, eta, bide berean jarraitu nahi dugunez, ideia berriak plazaratu nahi ditugu, bai. Proiektu eta ikuskizun berriak "kozinatzen" ari gara, kolaboratzaile berriak ezagutzen eta abiapuntu komunak bilatzen. Orain, egindako lana erakusteko momentua dela ere uste dugu, eta indar handiak jarriko ditugu gure ikuskizunak Euskal herrian zein kanpoan programatuak izan daitezen.


(2024ko abuztuaren 1ean argitaratutako Berezia)