Sail ofiziala iragarri ostean, 2024ko edizioaren xehetasunak ematen jarraitzen du Punto de Vistak, eta oraingoan, Lan sailaren edukiak eman ditu ezagutzera. "Lan" terminoak "uzta" ere esan nahi du euskaraz, eta horrenbestez, zinema dokumentalaren sorkuntza eta ekoizpen prozesuak lantzeko balio dio Punto de Vistari termino horrek. Aurten ere, gure testuinguru hurbileko zinemagile geldiezinei ahotsa emanen die Termitak programak. Horrez gain, ondare zinema dokumentalaren zaintzari buruzko zenbait ekitaldi egingo dira: hitzaldi ilustratu bat, Rosa María Antuña brasildar zinemagile aitzindariaren bi film labur berraurkituren inguruan; emanaldi sorpresa bat, Fernando Martín Peña argentinar artxibozain, ikertzaile eta dibulgatzailearen eskutik; eta gaiari buruzko mahai inguru bat, industriako eragileen eta nazioarteko artxibo eta akademia erakundeen parte-hartzearekin. Azkenik, topaketa profesionalak eginen dira: Napardocs, Zinema Zubiak, mahai inguru bat CIMA eta (H)emen elkarteetako ordezkariekin, Doklab Navarra proiektuen aurkezpena, filmaketa jasangarriei buruzko Spain Film Commission elkartearen eta klusterren REDCAU elkartearen 2023ko txostena, eta nazioarteko programatzaileen eta zinemagileen topaketa profesional bat SGAE Fundazioaren eskutik.
Punto de Vistako saio guztietarako sarrera orokorrak otsailaren amaieran jarriko dira salgai, jaialdiaren webgunean eta Baluarteko leihatilan, azken hori baita jaialdiaren egoitza nagusia. Bestalde, profesional, ikasle eta hedabideentzako akreditazioak eskatzeko epea zabalik dago, otsailaren 29ra arte, eta www.puntodevistafestival.com/es/acreditaciones webgunean egin behar da eskaera.