Maitane Gartziandia, irudigilea: «"Ño!" komikian lekua eman nahi genien umoreari, plazerari, gorputzei... Eta, horretarako, beste guztiari pisua kentzen saiatu gara»

  • Maitane Gartziandia, irudigilea: «"Ño!" komikian lekua eman nahi genien umoreari, plazerari, gorputzei... Eta, horretarako, beste guztiari pisua kentzen saiatu gara»

Udaberrian aurkeztu zuten Miren Artetxe eta Eli Pagola bertsolariek eta Maitane Gartziandia irudigileak Ño!, emakume bertsolarien esperientziatik eta esperientziez hitz egiten duen komikia. Hilabete batzuk pasatuta, Maitanerekin hitz egin nahi izan dugu bere marrazkiez, irudi originalekin irailean Hernanin egin zen erakusketaz, Joxepa Antoni Aranberriz, sortze-prozesuaz eta irakurleen artean liburua izaten ari den harreraz, besteak beste.


Nola sortu zen Miren Artetxerekin eta Eli Pagolarekin batera Ño! komikia (Argia, 2023) egiteko aukera? Zelakoa izan da lan-prozesua?

2020an bidali zidaten proposamena Mirenek eta Elik, pandemiaren aurretik. Komikizaleak dira biak, eta bururatu zitzaien bertso-saioen bueltan gertatzen diren egoera batzuk komikira eramateko modukoak zirela, txiste batzuk egiteko eta gaiari beste tonu batekin heltzeko. Elkar ezagutzen genuen ordurako: Donostian antzeko lekuetan ibiltzen ginen, eta zenbait lekutan kointziditu genuen aurrez, Donostiako Piratetan eta beste leku batzuetan. Ideia komentatu zidaten, eta animatu egin nintzen. Handik urtebetera, Biko-Teka ikastaroan izena eman genuen. Galtzagorrik idazleentzat eta marrazkilarientzat antolatzen duen ikastaroa da Biko-Teka. Urtarrilean, astebete pasatu genuen elkarrekin Iruñean. Aitziber Alonsok eta Harkaitz Canok gidatu zuten ikastaro hura, eta orduan eman genion forma komikiari; aste hartan osatu genuen gidoia.

Miren Artetxe, Eli Pagola eta Maitane Gartziandia
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Ño! ez da hasi eta bukatzen den istorio bat. Zer jaso nahi izan duzue bertan? Eta zergatik komiki-forman?

Ño!-k ez dauka ez hasierarik, ez bukaerarik. Ikastaro hartan erabaki genuen bertso-saioen bueltan gertatzen diren egoeren inguruan eszena edo esketx moduko batzuk kontatu eta marrazkitara ekarri nahi genituela, ez hainbeste bertsoan edo bertsolarian zentratuta, baizik eta horren bueltan gerta daitezkeen egoeretan. Lehendabizi, zerrenda bat egin genuen: Elik eta Mirenek beraientzat garrantzitsuak ziren egoerak aipatu zituzten, eta horietatik hamar aukeratu genituen. Elkarrekin pentsatu genuen zein izan zitezkeen interesgarrienak eta egokienak iruditara eramateko. Horiek aukeratu, eta esketx moduan muntatu genuen liburua. Egoera, giro eta sentsazio batzuk deskribatu eta irudikatu nahi genituen; protagonista bakar bat izango zuen istorio bat kontatu beharrean, zerbait koralagoa egin nahi genuen, ez zerbait pertsonala, baizik eta emakume bertsolari bati baino gehiagori gertatu ahal zaizkien egoeren argazki moduko bat.

Eta horretarako, komiki-formatua aukeratu genuen. Komikiak aukera ematen du, testuan baino gehiago, pisua irudietan jartzeko. Gure kasuan, gehiago jo dugu deskripziora, egoera eta ideia abstraktu horietan bertsolariek bizi ditzaketen sentsazioak irudien bidez beste forma batean, modu metaforikoagoan, lantzera.


Zergatik Ño! izenburutzat?

Izenburua ere ikastaro hartan erabaki genuen. Ideia-zaparrada batean Ño! atera zen, eta gustatu egin zitzaigun: batetik, errimetan erabiltzen delako; bestetik, atzizki txikigarri hori emakumeei erreferentzia egiteko erabiltzen delako (andereño...) eta generoaren osagai hori sartu nahi genuelako; horrez gain, "ño" espresioak indarra edo sorpresa adierazten du; niri gustatzen zitzaidan komikian erabiltzen diren onomatopeiak gogorarazten zizkidalako eta laburra zelako. Beraz, gustatzen zitzaizkigun ezaugarri ugari zituen, eta han bertan erabaki genuen Ño! izango zela komikiaren izenburua.


Bertsolaritzaren inguruko komikia izan arren, ez dago bertsorik, amaieran jaso duzuen Joxepa Antoni Aranberri 'Xenpelar'-en sorta bat izan ezik. Zergatik erabaki duzue bertsorik ez sartzea?

Lehen aipatu dudan bezala, bertsorik ez jartzearena izan zen bertso-saioen bueltan gertatzen diren egoerak deskribatu nahi genituelako, eta ez hainbeste bertsoaz hitz egin. Mirenek eta Elik aipatu zidaten bertsotan egiteko unea azkenean oso motza dela momentu hori inguratzen duen gainerako guztiarekin konparatuta: saio batera iristeko kotxez egindako bidaia, han antolatzaileekin hitz egitea, lekua ezagutzea, saioa bukatutakoan bertsokideekin egotea... Askotan, denbora gehiago pasatzen da saioaren bueltan bertsotan baino. Horregatik, gehiago interesatzen zitzaigun beste horri begiratzea; publikoak ikus ditzakeen jendaurreko momentu horietatik kanpo gertatzen diren beste gauza horiek kontatu nahi genituen.

Agertzen diren bertso bakarrak Joxepa Antoni Aranberrirenak dira, eta nahiko hasieran erabaki genuen hala izango zela. Elik eta Mirenek argi zeukaten bertsolari historiko bat sartu nahi zutela liburuan, kontrapuntua egiteko, gaur egungo bertsolariak xaxatzeko, kontraesanak agerian uzteko, nolabait adierazteko ez dela hau protestan eta estrategiak garatzen ari den lehen belaunaldia eta argi uzteko lehen ere emakumeek izango zituztela kantatzeko lekuak eta espazioak eta aurrera egiteko estrategiak. Gainera, pertsonaia historiko bat sartzeak aukera ugari ematen zigun: batetik, fikzioa egiteko eta imajinatzeko zer esango ligukeen; eta bestetik, hain ezaguna ez den pertsonaia bati lekua egiteko. Mirenek eta Elik nahiko erraz erabaki zuten pertsonaia hori Joxepa Antoni Aranberri izango zela. Nik ez nuen ezagutzen. Joxepa Antoni Errenteriako bertsolari bat izan zen, XX. mendearen hasierakoa. Kaleko bertsolaria izan zen, eta, beraz, pixka bat aldentzen zen garai bateko baserri-giroko bertsolarien iruditik. Gainera, fabrikako langilea izan zen, jostundegian ere lan egin zuena.

Joxepa Aranberri eta Joxepa Zubeldia
Jatorrizko argazkia: Indalecio Ojanguren - www.guregipuzkoa.eus 


Komikian zehar, gainera, marrazkiak Joxeparen argazki-muntaketekin tartekatzen dira.

Haren argazki oso gutxi genituen; pare bat daude bakarrik. Beraz, grazia egiten zigun, argazki haietatik abiatuta, "meme" moduko batzuk egiteak, beste argazki historiko batzuetan bere aurpegia txertatzeak muntaketa batzuen bidez. Tarteka, esketxen artean, Joxepak liburuko pertsonaiei hitz egiten die beretik, eta saiatzen da xaxatzen, umore puntu bat sartzen. Niretzat interesgarria zen gizonez beteta ezagutu ditugun argazki tradizional horietan emakume baten aurpegia jartzea: horrek zer pentsatua ematen dizu, batetik; eta bestetik, jostundegian, sukaldean eta beste espazio batzuetan kantatuko zuten hainbat emakumerekin imajina dezakezu Joxepa argazki horietan. Pertsonaia historikoa izaki, fikzioa egiteko eta jolasteko aukera ematen zigun.


Marrazkietan presentzia nabarmena dute gorputzek, aurpegiek eta konplizitate-keinuek. Publikoak ere bai. Zer dela eta?

Gorputzek, aurpegiek eta publikoak dute presentzia handiena marrazkietan. Jendaurreko jarduna da bertsolaritza, eta bertsolarien gorputza oso presente dago jardun horretan. Hori nabarmendu nahi genuen. Nahiko modu intuitiboan erabaki genuen komikia bertsolari bat biluzik erakutsiko zuen komuneko eszena intimo batekin hasi eta komuneko beste eszena intimo batekin bukatuko genuela. Lehen eszena horretan, bertsolaria gehiago ari da beldurretik edo kezkatik; bukaerakoan, berriz, plazeretik. Lekua eman nahi genien umoreari, plazerari, gorputzei... Eta, horretarako, beste guztiari pisua kentzen saiatu gara. Ez dut ia paisaiarik eta objekturik marraztu, beharrezko kasuetan izan ezik. Batez ere, konplizitate-keinuetan, aurpegietan... zentratu naiz. Une jakin batean bertsokide batek beste bati egin diezaiokeen konplizitate-keinuan, bertsolari batek botatako bertsoaren aurrean publikoko pertsona batek erakusten duen pozean... Ezkutuan eta publikoan gertatzen diren jazoeren kontraste horietan pisu handia jarri dugu.


Oso komiki koloretsua da. Hasieratik izan zenuen argi?

Koloretan egitea ere nahiko hasieran erabaki nuen, nahiz eta ni momentu hartan erosoago sentitzen nintzen zuri-beltzean, aurrez zuri-beltzean lan gehiago egina nintzelako. Baina segituan nabaritu nuen Eliren eta Mirenen tonua umoretik joango zela oso; kezketan eta beldurretan baino gehiago, pozean, gozamenean eta bertsokideen arteko konplizitatean jarri nahi zela pisua. Eta tonuagatik, liburua koloretsua izango zela erabaki nuen. Ez nion buelta gehiago eman. Halere, kolorea sartzeko momentua bukaeran etorri zen, azken hilabeteetan.

Kolorearena berezia izan da niretzat. Lehen aldia zen horrela lan egiten nuena, eta jendeak aipatu dit koloreaz egin dudan erabilera berezia dela, mantxak bezala ageri direla, eta hala da. Irudiak ez daude guztiz koloreztatuta; mantxek kolorea ematen diete irudiei, baina ez dute orri guztia betetzen. Eskuz egindako marrazkiak asko gustatzen zaizkit, nahiz eta gero, beharbada, digitalki ukitzen ditudan bukaeran. Atsegin dut marrazkiek eskuz egindakoaren kutsua izatea, eta, kasu honetan, gustatzen zitzaidan batzuetan irudiek itxura pixka bat zikina izatea ere.


Hainbat lekutan ari zarete komikia aurkezten, eta zure marrazki originalen erakusketa bat ere izan da, Hernanin. Zer-nolako harrera ari da izaten Ño! irakurleen artean? Zer esaten dizuete? Jendea identifikatuta sentitzen da kontatzen dituzuen gauzekin?

Lehen aurkezpena udaberrian egin genuen, Ziburuko liburu-azokan. Baina Hernanikoa ere garrantzitsua izan zen, irailean, liburuarekin batera erakusketa ere aurkeztu genuelako. Niretzat garrantzitsua zen marrazkiek eta originalek ere leku bat hartzea, ez delako izaten ohikoena marrazkilarien lan originalak ikustea. Normalean azken emaitza ikusten da, liburuko hori, baina niri bereziki asko gustatzen zait prozesuko irudiak eta irudi originalak ikustea.

Hortaz, gogoa nuen, aurkezpenarekin batera, erakusketa bat egiteko. Gero leku gehiagotan ikusgai jarri ahal bada, oso ondo. Hor ikusten da lan egiteko modua. Lehenengo eta behin, linea landu nuen; gero, linea hori txukundu eta testua sartu nuen; eta azken fasean, beste paper-mota batean, kolorea gehitu nuen. Zatika bezala egin dut lan, eta hori erakusketan ikus daiteke.

Komikiaren harrerari dagokionez, ingurukoen artetik iritsi zaiguna ona izan da; alegia, jendeari gustatu zaio. Uste dut denoi gerta dakizkigukeen egoerak kontatzen direla liburuan, bertsolari izan zein ez izan. Bertan kontatzen direnak eraman ditzakezu lan-eremura, lagunen eta familiaren esparrura. Irakurleek komentatzen digute beraiek bizi ahal izan dituzten egoerak ekartzen dizkietela gogora komikikoek. Momentuz, batez ere aurkezpenetan izan dugu harremana jendearekin. Bestela, niri kostatu egiten zait jakitea komikia zer-nolako harrera izaten ari den, ez naizelako irakurleekin egoten normalean. Halere, irakurri dutenei gustatu izana espero dut.

Hiru egileak, Hernaniko erakusketan
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Errepikatzeko moduko esperientzia izan da Mirenekin eta Elirekin bizi izandakoa? Zerekin geratzen zara zu? Eta orain zer duzu esku artean?

Esperientziarekin oso pozik nago. Komiki luze bat egin dugun lehen aldia izan da hirurontzat. Ni aurretik komikiak egina nintzen, baina ez ziren hau bezain luzeak. Beraz, erronka bat izan da. Ilusioz hartu genuen, eta uste dut asmatu genuela Iruñeko ikastaro hura elkarrekin eginda. Izan ere, gidoia elkarrekin sortu genuen, eta gero ere oso zuzena izan da lan egiteko modua. Harremanetan egon gara etengabe; hirurok bildu izan gara. Marrazkiak egiten nituenean, Mireni eta Eliri pasatzen nizkien, eta beraiek idazten zituzten testuak. Ez da ohikoena idazleek eta marrazkilariek horrela lan egitea, eta, nire lehen esperientzia izateko, oso pozgarria izan da modu horretan lan egitea.

Ni esperientziarekin geratzen naiz: liburu bat egitea zer den ikustearekin eta beldurra kentzearekin. Hasieran ikara ematen zidan hain luzera begirako zerbaitetan sartzeak. Uste nuen aspertu egin nintekeela, bi urteko prozesuan hasierako marrazkiak eta amaierakoak ezberdinak izango zirela, liburua transformatzen joango zela denbora-tarte horretan... Baina, azkenean, oso gustura gelditu nintzen emaitzarekin.

Komikia argitaratu zenean, marraztu gabe egon nintzen denbora batez, baina orain berriro ari naiz beste lan labur batekin. Gainera, udaberri hasieran ziurrenik, Tupust! komikiaren hirugarren zenbakia publikatuko dugu, eta horretan ari gara buru-belarri. Hainbat marrazkilarik taldean argitaratzen dugun liburua da. Autoeditatu egiten dugu; beraz, komikia egitearekin batera, liburuaren maketazio- eta diseinu-lanekin ari naiz. Dena ondo bidean, otsailean edo martxoan publiko egitea espero dugu.


(2023ko abenduaren 14an argitaratutako Berezia)