Euskal literaturaren egile garaikide esanguratsuenetarikoa den Miren Agur Meaberen Hezurren erretura eleberriaren ingelesera egindako itzulpena izendatu du garaile Etxepare - LABORAL Kutxa Itzulpengintza sariaren bederatzigarren edizioko epaimahaiak. Amaia Gabantxok euskaratik (Hezurren erretura) ingelesera itzuli du eta Parthian Books argitaletxeak plazaratu du Burning Bones izenburupean.
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko sari-emate ekitaldira bertaratu dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkaria; Amaia Gabantxo itzultzailea; eta Miren Agur Meabe idazlea.
Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lana saritzeko asmoz sortutako lehiaketa honetan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Hain justu, Amaia Gabantxoren ibilbidea eta egindako itzulpen lana, eta Parthian Books argitaletxearen potentziala eta euskal literaturarekiko interesa nabarmendu du epaimahaiak.
"Itzulpena kalitate handikoa izateaz gain, zuzenean euskaratik hizkuntza nagusi batera egindako itzulpena izatearen garrantzia" azpimarratu du epaimahaiak.
Bestalde, Parthian Books argitaletxearen euskal kultura testuinguru ingelesean zabaltzeko potentziala ere saritu nahi izan dute, bigarren aldiz, Miren Agur Meaberen eleberri bat ingelesez argitaratu baitu. Meaberen bi obraz gain, Karmele Jaioren Amaren eskuak lana ingelesez argitaratu du ere.
Etxepare - LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren bederatzigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; Naroa Zubillaga EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak.
Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, sari honen emaitzak duen eragina balioan jarri nahi izan du: "Gure literaturari mugak zabaldu eta beste kultura eta hizkuntza batzuetan ere gure sormen literarioa eta gure idazleen talentua ezagutarazteko balio du".