1.123 film labur aurkeztu dira Korterraza jaialdiaren 14. ediziora

  • 1.123 film labur aurkeztu dira Korterraza jaialdiaren 14. ediziora

Jasotakoen artean, hautaketa-batzordeak 40-45 lan aukeratuko ditu, eta uztailaren 20tik 22ra bitartean egingo duten jaialdi gasteiztarrean proiektatuko dituzte. Guztira, 8.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan.

Film laburrak eta zuzeneko musika uztartzen dituen jaialdi berezia da Korterraza – Gasteizko Film Laburren Jaialdia. Hiriko gune ezberdinetan egiten da, batez ere, Artium Museoaren kanpoko terrazan, eta 2023ko edizioa uztailaren 20tik 22ra bitartean ospatuko dute. Kultura Kalean! Elkarteak antolatuta, otsailaren 27an ireki zuten 14. edizioa izango denean parte hartzeko deialdia, eta maiatzaren 18ra bitartean izan dute sortzaileek beren lanak bidaltzeko aukera.

Inskripzio-epea bukatuta, denera, 1.123 film labur jaso dituzte jaialdiko arduradunek, eta ekainean jakinaraziko dute behin betiko aukeraketa. Hautaketa-batzordeak 40-45 lan zehaztuko ditu, eta Korterraza 2023 katalogoaren parte izatera pasako dira; epaimahaiak erabakitako sarien onuradun izan daitezke.

Guztira, 8.000 euro banatuko dituzte. Besteak beste, sail ofizialeko lanek Alex Angulo Saria eta Keler Saria eskura ditzakete, eta ikus-entzuleek ere izango dute zeresanik, Publikoaren Saria-Laboral Kutxa Saria ebatziko baitute boto bidez. Komedia onena Eleyco Taldearen Sariarekin errekonozituko dute.

(Irakurri informazio osoa)

 

zinea.eus

  • DataMaiatzak 25
  • Gaia Ikus-entzunezkoa