Cécile Marquettek zuzentzen du Idoia Barrondok Kellyren obrari buruz egin duen euskararako egokitzapen hau, zeina ikusleek lehen aldiz ikusiko baitute urriaren 26an, asteazkenean, 19:30ean, Arriaga Antzokian.
Ugaitz Alegriak, Aitor Echarte Merinok, Eneritz García Alonsok, Miriam K. Martxantek eta Aiora Sedanok osatzen dute Love & Money antzezlaneko aktoreen zerrenda; eta Arriagan estreinatu ondoren, Pabellón 6n taularatuko dute, azaroaren 4tik 27ra bitartean.
Zorpetutako bikote baten infernuetarako jaitsierarekin, Love & Moneyk geure buruari kontsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruzko galderak egitera gonbidatzen gaitu.
Arriaga Antzokian antzezlan baten beste estreinaldi bat izango dugu etzi, asteazkenean, urriaren 26an. Pabellón 6en Antzerki Laborategiaren eta Gazte Konpainiaren azken ekoizpenaz ari gara: Love & Money du izena eta Dennis Kellyren lan bikainaren euskarazko egokitzapena da. Idoia Barrondo arduratu da Kellyk hain berezko duen hizkera gordina, ironiaz betea eta, aldi berean, trufaz betea euskarara ekartzeaz, eta egindako lanaren emaitza aste honetan ikusi ahal izango dugu, Cécile Marquettek zuzendutako antzezlan benetan interesgarri honetan.
Lehen aldia da Pabellón 6ek soilik euskaraz ekoitzitako antzezlan bat eskaintzearen alde egiten duela. Arriaga Antzokian estreinatu ondoren, datorren astetik aurrera, azaroaren 4tik hilaren 27ra arte, hain zuzen ere, han izango du egoitza antzezlanak.
Bost antzezlek defendatuko dute oholtza gainean Love & Money, gordintasunez eta aldi berean umorez, kontsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruz hausnartzera gonbidatzen eta bultzatzen duen pieza. Ugaitz Alegriak, Aitor Echarte Merinok, Eneritz García Alonsok, Miriam K. Martxantek eta Aiora Sedanok oholtzara daramaten istorioak zorpetutako bikote bat jartzen du ikusleen aurrean, eta haren infernurako jaitsiera erakusten digu, diruarekin obsesionatuta dagoen gizarte batean maitasunetik zer geratzen den galdetzeko.
Cécile Marquette zuzendaria antzerkiaz baliatzen da pertsonen pentsamoldea zabaltzen saiatzeko eta bizi garen munduaren inguruan gogoeta egitera animatzeko. Horri dagokionez, berak azpimarratzen du Love & Money irakurri zuenean, zerak hunkitu zuela “gizarte honetako errealitaterik basatienetako bati buruz hitz egiteko duen gaitasunak, zikoizkerian eta moralismoan erori gabe. Ahulak zein moralik gabeak, biktimak zein martirizatzaileak, eszenaratzen diren pertsonaiak eguneroko bizitzako pertsonaiak dira, beren bulkaden eta gizarte materialista eta indibidualista baten presioen artean harrapatutakoak”.