"Lumineszenteak", itzali ezineko argiak

  • "Lumineszenteak", itzali ezineko argiak

Ia lau urte bete dira Igone Mariezkurrena kazetariak eta Irantzu Pastor argazkilariak munduan zehar emakumeek jasandako indarkeria-istorioak jaso eta ikusarazten laguntzeko bidaia hasi zutela. Esperientzia horren emaitza argitalpen eta erakusketa batean bildu dute eta proiektu honen protagonistak ausartak, biziraun dutenak eta beren argiaren jabe diren emakumeak dira. Martxoaren 4tik apirilaren 1era Andoaingo Basteron egongo da ikusgai.


Zein da "Lumineszenteak" proiektuaren jatorria eta zergatik aukeratu zenuten izenburu hori?

Igone: Iluntasunean argia igortzeko gai diren izakiak dira lumineszenteak. Eta halakoxeak dira proiektu honetan protagonista diren 63 emakumeak ere. Gerra, okupazio, pobretze, gizarte bazterkeria, bortxazko lekualdatze edota kultura-asimilazio testuinguruetan jaio eta hazi dira, baina indarkeria anizkoitz horri aurre egiteko gai izan dira. Eta ez hori bakarrik; bizi duten eta erasaten dien egoera horren aurka borroka egin eta ingurukoen artean kemena eta indarra kutsatzeko ere gai izan dira.

Zentzu horretan, sufrimenduaz eta gordinkeriaz aparte, batez ere erresilientzia eredu itzela diren 63 bizitza-istorio dira proiektu honetan ardatz: argi-ilunak, biktimizazio eta erresistentzia lekukotzak.

 



Aipatzen duzuen moduan, protagonistak indarkeria-egoera oso gordinak bizi dituzten edo bizi izan dituzten emakumeak dira. Zer begirada interesatu zaizue esperientzia horiek jasotzeko?

Igone: Errespetutik eta miresmenetik egindako lana da. Entzutetik eta, batez ere, 63 emakume horiekin ahalik eta espazio eta denbora-tarte gehien partekatzeko gogotik sortua.

Istorio isildu eta estalien bila abiatu ginen, eta banekien horietara heltzeko gure solaskideen konplizitatea lortu behar genuela. Horregatik, elkarrizketatu - elkarrizketatzaile formatu itxi hori saihestu nahi nuen, eta ahal izan dugun neurrian, 63 emakume horien bizitzetan tarte batez sartzea bilatu dugu.


Pandemia zela eta, prozesu osoa gelditu behar izan zen. Nola eragin zion egoera horrek proiektuari?

Igone: Su motelean egosi dugu proiektua, 2018 eta 2021 bitarte herrialde banatan arituta. Egia esateko, atzerrira gutxienez beste bidaia bat egiteko asmoa genuen pandemia heldu zenean. Baina ez da posible izan. Euskal Herrian aritzea ere bazegoen gure planen artean eta, osasun larrialdiak behartuta, aurreratu egin genuen.

Egoera berri honek luze joko zuela ikusten hasi ginenean, landa-lana amaitutzat ematea erabaki genuen. Tamalez, bilaka segituz gero, ez genuke sekula proiektu hau itxiko eta, beraz, kasik gauza positiboa izan da gure buruak behartzea lana borobiltzera.

 



Palestina, India, Lakota nazioa, Euskal Herria… Nola bideratu zen ikerketa, komunitate horietan zentratu arte?

Irantzu: Lehen bidaia Palestinara egitea erabaki genuen, bertakoak oso saretuta daudelako eta kontaktuak bagenituelako. Gainera, urte luzez bizi dira gatazka egoeran eta horren guztiaren atzean emakume palestinarrei zer gertatzen zaien jakin nahi genuen.

India, ordea, urrutiago genuen, zentzu guztietan, baina askotan irakurri izan dugu India emakume jaiotzeko leku gogorrenetariko bat dela, eta lerroburu horren zergatiak ezagutu nahi genituen. Etxetik lan handia egin behar izan genuen erakunde ezberdinei gure proiektua azaltzeko, emakume eta istorio ezberdinak aurkitzeko.

Lakota nazioko atea bertan lan egin izan duen emakume euskaldun bati esker ireki zitzaigun, baina zaila izan zen hemendik plangintza itxi bat eramatea, bertara iristean lortu genituen hitzordu gehienak. Lakota nazioak bat egiten zuen ehuneko ehunean 'ikusezin' kontzeptuarekin, beraz, azkar ulertu genuen han ere landu behar genuela proiektua.

 


Euskal Herrian, aldiz, kontaktuak lortzea agian ez da hain zaila izan, baina 'etxea' izanik, buelta asko eman behar izan genituen zapalkuntza ikusezin mota ezberdinak identifikatzeko.


Nolakoa izan zen argazkiak egiteko prozesua, testigantza gordinak irudikatzeko hain ekintza intimoa?

Irantzu: Testigantza oso gogorrak entzun ditugu eta momentu horietan emakume guztiak gustura sentitzea izan zen garrantzitsuena.

Konfiantza eta errespetu hori sortu eta beraien begirada duintasunez erretratatzea izan da nire helburua argazkilari bezala. Bizipen gogor guzti horien atzean beti bazegoelako aurrera egiteko indarra eta horregatik ere miresten ditudalako guztiak.


Erakusketa Bilboko Zinema Ikusezinaren Jaialdian ikusi ahal izan zen. Zer sentsazio utzi zizuen aurkezpen honek?

Irantzu: Horrelako jaialdi handi batean parte hartzea oso aberasgarria izan zen, erakusketa eta liburua aurkezteko testuinguru paregabea.

Jende aunitz pasatu zen erakusketa ikustera eta, hilabete luzez etxean sartuta lanean aritu eta gero, perspektiba hartzeko balio izan zigun.

 




«Lumineszenteak» Andoainen izango da apirilaren 1era arte. Zer ibilbide izango du gero proiektuak?

Igone: Zorionez, harrera ona izaten ari da, eta hainbat udalek eta emakume taldek adierazi digute interesa.

Andoaindik Oreretara eramango dugu apirilean; gero Arrasatera, Hernanira, Lesakara, Donostiara, Elgoibarrera... eta espero dugu bide luzea egiten segitzea, istorio hauek ahalik eta gehien zabaltzeko!

 

(2022ko martxoaren 3an argitaratutako Berezia).