Ainara LeGardonen musika-praktika rock independentetik esperimentaziora doa. Izaera geldiezinekoa izanik, soinu-ikerketa interesatzen zaio eta laborategia bere ingurune natural bihurtu du. Jabetza intelektualean eta autogestioan aditua da, eta, gainera, praktika hori aholkularitzarekin uztartzen du hainbat saio eta tailerren bidez. Saio horietan, hiru hamarkadako ibilbidean bildutako ezagutzak transmititzen ditu. Gaur bere esperientzien berri emango digu eta musikaren industriari buruzko gogoeta interesgarriak oparituko dizkigu.
Nola hurbildu zinen musikara, nola iritsi ziren modu profesionalean musikara?
Lagun zahar batek gogoratzen du, 14 urte genituenean, eskolatik irten eta gorri zegoen semaforo batean zain geundela, “yo voy a ser músico / musikaria izango naiz” esan niola. Halaxe esan nuen, maskulinoan, garai hartan ezin bainuen pentsatu ere egin femeninoan esan zitekeenik. Nik ez dut gogoan hain garrantzitsua zen asmo-deklarazio hura; baina, berak bai; izan ere, urte batzuk geroago aitortu zidan bezala, inbidia apur bat sentitu zuen, berak ez baitzekien “zer egin nahi zuen hurrengo egunean”, eta, dirudienez, nik bidea argi nuen. Onerako edo txarrerako, diot nik, erabaki horrek nire bizitzan gehienetan korrontearen aurkako erabakiak hartzera eraman bainau.
Adibidez, nire ikasketak beti egon izan dira zientziarekin lotuta eta nigandik espero zen laborategi batean ikertzaile izatea. Eta bizitzak, modu poetikoan, horretara eraman nau, hain zuzen ere, baina musikan.
Soinu-esperimentazioak eta inprobisazioak zure musika-ibilbidea betetzen dute. Zer interesatzen zaizu praktika-mota horretatik?
Duela 15 urte hasi nintzen, gutxi gorabehera, inprobisazio askea praktikatzen, musika konbentzionalean (jakina, popa eta rocka barne) nagusi ziren ereduekin aspertzen hasi nintzela sentitu nuenean. Nolabait, mugatu eta oztopatu egiten zuten musika egiteko eta ulertzeko nuen modua, eta, ondorioz, bizitza bizi eta ulertzeko modua. Behin konbentzionalismoak hautemanda, ezinezkoa da horiek ez apurtzea.
Soinu-esperimentazioa laborategi ezin hobea izan zen niretzat, gauza asko ikertu eta garatzeko. Rockaren “I+G” saila izan zen. Antzeko gustuak zituen jendea ere ezagutu nuen, eta haien ondoan artista eta pertsona gisa hazi ahal izan naiz.
[Ainara LeGardon bere lanetako bat interpretatzen. "Meridiano Cero". Irudia: Rafa Rodrigo].
30 urte bete dira jendaurreko lehen emanaldia egin zenuenetik. Nolakoa da atzerako begirada hori? Zein izan da zure ikaskuntzarik handiena denbora honetan?
Pena ematen dit esateak baina 90eko hamarkadako ikaskuntzarik handiena izan zen gauzak nola ez diren egin behar ikastea. Konturatu nintzen zenbat eta handiagoa izan musikarekiko grina, orduan eta urrutiago sentitzen nintzela musika-industriatik.
Halaxe erabaki nuen 2003an nire bideari ekitea, industriatik aparte. Ikaskuntza etengabea da, baina orain nirekiko eta nire balioekiko errespetutik bizi dut. Lerro gorriak definituta daude, eta dagoeneko ez dago “ez” esateko ez beldurrik, ez lotsarik.
Ildo horretan, behin baino gehiagotan esan duzu autogestioak eman dizun askatasunak zure obra den bezala garatzeko aukera eman dizula. Zein alderdi dira ezinbesteko lan-modu horri ekiteko?
Bai, halaxe da. Ohiko diskoetxe bati lotuta egon banintz, nire azken diskoetako bat bera ere ezin izango nukeen imajinatu. Autogestioak gauzak une bakoitzean nire ustez egin behar ditudan moduan egiteko aukera ematen dit, edukiei zein formatuei dagokienez, aurrefabrikatutako joeretan pentsatu gabe.
Nire ustez, autogestioa gauzatzeko oinarrizko nortasun-ezaugarriak jarraitutasuna eta pazientzia dira. Sortzetikoak izan daitezke, baina ikasi eta garatu ere egin daitezke; hortaz, inork ez du aitzakiarik. Halaber, garrantzitsua da ondo antolatzea eta berehalako emaitzak ez itxarotea; baizik eta, iraupen luzeko ibilbide batean pentsatu behar da, epe motzean lor daitezkeen helburuak ezartzea eta, hala, epe motzean helburu handiak ez lortzeak eragin dezakeen frustrazioa saihestea.
Baina, batez ere, nire ustez garrantzitsuena da erabaki kontziente bat hartzen hastea: autogestioa hausnarketa sakon baten ondorio izatea, bide hori hartu nahi dugun bidea dela kontziente izanda.
[Prestakuntza-saio baten irudia. Irudia: Rafa Rodrigo].
Zure musika-ibilbidea hezkuntzarekin lotzen duzu. Prestakuntza ematen duzu, zehazki, autogestioari edo lege-gaiei buruz, adibidez, jabetza intelektualari buruz. Ba al dago tailer horietara hurbiltzen den jendearen profil zehatzik? Zein dira bertaratuek izaten dituzten ohiko zalantzak?
Profila askotarikoa da; izan ere, ez dut ematen soilik musika-arloko prestakuntza, baita ikus-entzunezkoen arlokoa, arlo eszenikokoa eta, are gehiago, arte plastikoei lotutakoa ere. Aholkularitza-saio bat eskatzen edo nire tailerretara etortzen diren pertsona guztiek duten ezaugarrietako bat da gauzak ondo egiteko gogoa dutela eta beren ibilbide artistikoaren kontrola izan nahi dutela. Normalean esperientzia txarren bat izan dute, kontratuak sinatu dituzte ondorioak erabat ondo ulertu gabe edo erabakiak hartu dituzte informaziorik izan gabe. Oinarrizko ezagutzak behar dituzte beren eskubideei eta horiek kudeatzeko moduari buruz. Bere lanak babesteko mekanismoak ezagutzeko interesa dute, eta hirugarren pertsonen lanak erabiliko badituzte nola jokatu behar duten jakin nahi dute.
Sortzaileek kontzientzia eta ahalduntze handiagoa dutela hauteman dut aspaldi honetan, eta horrek poztu egiten nau.
Pozten nauen beste kontu bat da iristen zaizkidan kontsulta gehienak emakumeek egindakoak direla, eta horrek esan nahi du zenbait inertzia aldatzen ari direla. Agian erosoago sentitzen dira nirekin hitz egitean edo arazo profesionalak planteatzean, bai baitakite nik ere esperientzia horiek bizi izan ditudala eta erreferente izan naitekeela kasu batzuetan.
Izan ere, 2020. urtean azterlan bat argitaratu zenuen EAEko musika-sorkuntzan emakumeek duten presentzia eta ikusgarritasunari buruz. Zein egoera aurkitu zenuen txosten hori egitean? Zein izan ziren zure ondorio eta proposamenak?
Ezinezkoa da paragrafo bitan laburbiltzea; hortaz, jendea animatu nahi dut txostena aztertzera (hemen dago eskuragarri) eta horri buruzko nire podcastetako bat entzutera.
Egin nituen ia elkarrizketa guztietan sortu ziren gaiak honako hauek izan ziren, besteak beste: erreferenterik ez izatea (nahiz eta emakume gazte gehienek adierazi zuten emakumezko erreferenteren bat izan zutela); konfiantza ematen duen familiako edo hezkuntzako norbait izatearen garrantzia; femeninoan adieraz daitezkeen lanbideak maskulinoan adierazten dituzten hizkuntzaren edo imajinarioaren garrantzia (gaztelaniaz “técnico edo técnica de sonido”?, “músico edo música”?); artistaren irudia; nola lan egiten duten industriaren merkatuaren logikek; edo zer-nolako eragina duten generoaren rolek musika-tresna bat edo lan-eremua hautatzean. Emakumeek esfera publikora (entsegu-lokaletik edo musika-gelatik eszenatokira) jauzi egiten dutenean ematen dute amore edo uko egiten diote profesionalizatzeari, eta amatasuna da bigarren botila-lepoa.
Txostenean jasotako adibide eta esperientzia iradokitzaileek emakumeek egindako sormen-lana agerian jartzeko eta aintzat hartzeko beharra azpimarratzen dute, bai eta horizontaltasunaren (elkarrekintza, kolektiboak, sareak eta talde-laguntza), prestakuntzaren eta trebakuntzaren garrantzia ere. Ondorioztatu nuen oso onuragarria izango litzatekeela genero-ikuspegia duten jardunbide egokien kodeak izatea.
Aurki bi urte beteko dira COVID-19aren ondoriozko lehenengo murrizketak ezarri zirela. Nola bizi izan duzu egoera hori musikari gisa? Nola ikusten duzu sektorea?
Niri dagokidanez, zortzi urte eman nituen gitarra hartu ezinik, erabat blokeatuta. Ez nuen ulertzen nola parteka zitezkeen hainbeste eduki Interneten inolako iragazki eta hausnarketarik gabe. Isilik egotea erabaki nuen, eta lan- eta bizitza-ziurgabetasunak hasieran eragindako estutasuna igaro eta jotzeko eta sortzeko beharra sentitu arte itxarotea.
2020ko irailean, “Connexio” sari artistikoetako bat irabazi nuen, Lugoko herrixka batean egin nuen“Conexión, modulación” esku-hartze soinudun eta performatiboagatik. Une hori musikari gogo osoz heltzeko unea izan zen. Nolanahi ere, ziurgabetasun-sentsazioa geratzeko etorriko zen, eta bi urte daramatza kalte egiten.
Agendako kontzertu bat emateko unea hurbiltzen ari denean, ia monasterio bateko bizitza izatea erabakitzen dut, ez gaixotzeko eta kontzertua bertan behera ez uzteko. Lehen, ia astero bidaiatzen nuen tailer bat emateko, jotzeko edo grabatzeko. Orain ahalik eta gehien mugatu ditut nire joan-etorriak eta kontaktuak, eta horrek nire bizitza erabat aldarazi du.
Sektoreari dagokionez, ikusten dut ziurgabetasun horrek eusten gintuen egiturari ere kalte egin diola. Jendeak azken unean erosten ditu sarrerak, inguruan inor kutsatu eta ezin joan bada ere. Uste dut beldurrak ere eragiten duela egoera hori. Eta okerrena da beldurra nagikeria bihurtzen dela apurka-apurka. Duela gutxi komentatu nuen kideekin jendearen ohiturak asko aldatu direla. Iruditzen zait 40-50 urte bitartekoek nahiago duela kirolaren bidez edo beste ekintza batzuen bidez seme-alabekin sozializatu, eta utzi egin diotela antzokira edo kontzertu-aretoetara joateko ahalegina egiteari. Nahiago dute etxean lasai geratu telesail bat ikusten. Beti egoten dira salbuespenak, baina, oro har, joera hori ikusten dut.
Konfinamenduan bizi izandakoaren inertziak direla uste dut, eta horri ohitura-aldaketak (erosotasunaren bila jotzea) gehitu behar zaizkio. Industria diskografikoari oso ondo etorri zaio aldaketa hori, musikaren streaming bidezko kontsumoaren igoera eta zigilu handien irabaziak ikusi besterik ez dago.
Hala ere, kontzertu minoritarioak edo ohiz kanpoko arte-adierazpenak gero eta minoritarioagoak izango dira. Espero dut ez iristea horiek babestuko dituzten edo bideragarri egingo dituzten erakunde edo publikorik ez egoteko unea, beste formatu batzuek ordeztu ezin dituzten esperientzia paregabeak baitira.
[Ainara LeGardonen disko batzuen azalak].
Zer lan duzu esku artean une honetan? Zein dira zure hurrengo proiektuak?
Nire hurrengo lanen izenburua “Ignora” da. Kopenhagen bizi den Ignacio Córdoba musikari eta soinu-artistarekin egindako argitalpen hibrido bat da. Formatua nahiko ohiz kanpokoa da, eta, musika, ikus-entzunezko dokumental bat (biak digitalean) eta artista-liburu bat biltzen ditu. 250 kopia fisikoko argitalpen mugatu bat da, eta musikara, bideoetara eta aparteko testuetara sartzeko kode bat izango du.
Soinu-edukia ez dago eskuragarri streaming plataformetan, soilik proiektu honetarako berariaz sortutako webgune batean eta Bandcamp-en. Azken horretan, musika-pieza batzuk baino ez ditugu jarriko eskuragarri.
“Ignora” Tabakalerak 2019an egindako “proiektu artistikoak lankidetzan garatzeko” egonaldi bati esker sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren arte plastiko eta ikusizkoen dirulaguntza bati esker argitaratu da.
(2022ko otsailaren 8an argitaratutako Berezia).