"Egungo Euskal Literatura eta Futbola" liburua aurkeztu da

ehu.eus

  • DataAbenduak 10
  • Gaia Literatura

‘Egungo Euskal Literatura eta Futbola’ liburua aurkeztu da

Gaur goizean, Bilboko Arkeologi Museoan egin den prentsaurrekoan, ‘Egungo Euskal Literatura eta Futbola’ liburua aurkeztu da. Mari Mar Boillos eta Jon Kortazarrek argiratutako lanak literatura eta futbola bi errealitate osagarri bezala hartzen ditu, eta bere 220 orrialdeetan zehar, besteak beste, 2020ko Nadal saria irabazi duen Ana Merino, 2020ko Euskadi Saria irabazi duen Karmele Jaio edo Manuel Rivas idazle ezagunaren lanak biltzen ditu.

Liburu hau hiru zatitan banandua dago. Lehen atalean Ikerketa aurkezten da. Bigarrenean Didaktika, testuak irakaskuntzan nola eman. Eta hirugarrenean, irakurlearen gozagarri, Sorkuntza.

“Literatura eta futbola bi errealitate kontrajarritzat har badaitezke ere, asko dira baieztapen horrek errealitatearekin zerikusirik ez duela erakusten diguten adibideak. Horietan murgiltzen den liburua da hau”, azaldu du Mari Mar Boillos UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta ikertzailea eta liburuaren editoreak.

Mari Mar Boillos eta Jon Kortazar ‘Egungo Euskal Literatura eta Futbola’ liburuaren proiektuarekin hasi zirenean, galdera bi egiten zizkieten behin eta berriro: Zergatik aukeratu duzue gai hori, Literatura eta Futbola, zuen ikerketa bideratzeko? Eta bigarrenik, ba al dago futbolari buruzko euskal literaturarik?

“Lehen galderak erantzun bat baino gehiago ditu. Gure bizitza esperientziatik hasiko gara. Biok gara futbolzaleak, nahiz eta bati ikustea gehiago atsegin eta besteak lagunarteko kirol praktika maiteago izan. Mari Mar, gainera, Athletic-eko Peñen Elkarteko idazkaria  da. Biok jaso ditugu futbolari diogun maitasuna gurasoen transmisioan, liburu honetan aztertu den Ramiro Pinillaren nobelak azaldu duen moduan, adibidez”, jakinarazi du Jon Kortazar UPV/EHUko literatura katedraduna eta liburuaren editoreak.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri