Mari Jose Barriola: «Gure zibilizazioa egurrean eta basoan oinarrituta dago»

  • Mari Jose Barriola da "Gutik zura" dokumentalaren zuzendaria.

  • DataApirilak 20
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Mari Jose Barriolaren zuzendaritzapean, “Gutik zura” dokumentala filmatzen ari dira, zuraren eta euskal gizartearen arteko harremanaren balioa gizarteratzeko

Zurak eta, oro har, basoak harreman estua dute euskal gizartearekin, eta, hain zuzen, egurraren eta euskal gizon-emakumeen arteko erlazioaren iraganari, orainari eta etorkizunari begiratu nahi diote Mari Jose Barriola zuzendariak eta Jon Maia eta Juantxo Sardon zuzendarikideek “Gutik zura” dokumentalean.

Basoarekin lotutako hainbat pertsonaren eta hainbat adituren iruzkinen bidez, Donostiako Zinemaldian estreinatu nahi duten dokumentala harilkatuko du lantaldeak. Lehenago, crowdfunding kanpaina abiatu dute, diru bilketa irekia.

Mari Jose Barriolarekin hitz egin dugu, lanaren zertzelada batzuk eman diezazkigun.

Lehengai-hornitzailearekiko harreman materialetik haratago, zer harreman izan du euskal gizarteak zurarekin eta, oro har, basoarekin?

Euskal Herriaren idiosinkrasian, basoa eta zurezko zimenduak daude. Antzinatetik eta etorkizunera begira, zura eta basoa lotuta daude Euskal Herrian. Esperientzian oinarrituta zuraren inguruan belaunaldiz belaunaldi metatutako ezagutza eta ondarea ikaragarria da: garai batean, ezin hobeto ezagutzen zituzten baso-espezieak, zuraren zuntzen kalitatea eta erabilera, zuhaitza bota beharreko sasoia, baita lehortzeko sasoi eta teknikak ere, zura ahalik eta ondoen aprobetxatzeko eta naturak emandako horri etekin handiena ateratzeko.

Euskal Herriak asko zor dio egurrari, eta gure zibilizazioa egurrean eta basoan oinarrituta dago.

Basogabetzea, material merkeagoak… Zer etsai ditu basoak gaur egun, eta zer erronka dauzka etorkizunari begira?

Gure gizartean, material sintetikoak hedatu dira, eta arrotza zaigu iraganean basoarekin eta bertako zurarekin zuten mendekotasuna. Gaur egun dauzkagun baliabideak eta teknologia txertatuz, zura ikertu eta berritzea eta tradizioa berreskuratzea dira gure helburuak.

Honela, zuraren erabileran eta produkzioan zein horren balio-kateko puntu guztien arloko prestakuntzan ere, zuraren industriak epe ertain eta luzean hobera egiteko lanean ari gara.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri